Ainhoa Alvarez: «Unea heldu da, ezin naiz futboletik bizi»
Ainhoa Alvarez, Athleticeko jokalaria
BINKE / 2020ko uztaila
«Unea heldu da, ezin naiz futboletik bizi»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jabi Rojo
Ligaren lehenengo mailan Athleticekin zazpi denboraldi egin ostean —71 norgehiagoka, bi gol eta Ligako txapel batekin— Ainhoa Alvarez futbolari galdakoztarrak agur esango dio aurtengo denboraldiarekin futbol profesionalari. Ibilbide on, Ainhoa!
Joan den hilean jakinarazi zuen Ainhoa Alvarezek (Galdakao, 1994) ez zuela Athleticen jokatzen jarraituko datorren denboraldian, eta bere goi mailako ibilbidearen amaiera izango zela hau. Gai honi helduz eta duela lau urteko Binkeren elkarrizketa gogora ekarriz elkarrizketatu dugu, hamar urteren ostean abuztuaz gozatzeko izango duen lehenengo aukeraren aurrean. Galdakaoko futbolaren inguruko kontuak ere izan ditugu berarekin mintzagai, baita hemendik aurrerako asmoez ere.
Zerk eraman zintuen halako erabaki bat hartzera? Nire egoera zein zen ikusita, azken denboraldietan balantzak nahi ez nuen aldera egiten zuela sentitzen nuen. Premiarik gabeko etengabeko esfortzua egiten aritu eta gero, partiduetan gutxi jokatzeak eta buruan une oro etorkizunean pentsatzeak, futbola uzteko erabakia hartzera eraman nau azkenean.
Duela urte batzuk Binkeri aitortu zenion «gaur egun oraindik gure lana ia ikusezina» dela. Badira zenbait urte emakumezkoen futbola hazten doala, asko hobetu dira orokorrean gure baldintzak, eta lehen hitzarmena sinatzeak gure lana ikusarazi egin dio munduari. Lehen urrats txiki bat baino ez da hau, oraindik lan handia dago atzetik. Hala ere sentitzen dut lehen ikusezinak bagina, orain behintzat gure itzala ikusgai bihurtu dela, gure zorionerako.
Azken urteetan emakumeen futbolak profesionaltasun kutsu bat hartu duela esango zenuke? Profesionaltasun hitzak gauza asko ditu atzetik. Profesionala izateak, gizarteak orokorrean soldatarekin erlazionatzen du, eta Athleticek duela bi denboraldi profesional egin gintuen. Profesionala izateak, futbolean soilik aritzea suposatu beharko luke, espresuki horretara jardutea, baina nire errealitatea aldiz ez da hona mugatzen. Mutilek entrenatzen duten ordu berberak egiten ditugu, baina era berean, ikasketak izan ditut beti buruan, egunen batean futbola utzi eta nire ikasketetatik bizi beharko dudalako. Une hori iritsi dela uste dut. Ezin naiz futboletik bizi.
Binkek 2016an jaso zuenaren arabera, hau zenion: «San Mamesen jokatzea noski dela gure nahia, baina horrek asko exigitzen du…». Azkenean, 2019ko urtarrilean lortu zenuten, eta beste pare bat aldiz bertan jokatu ere bai. Nola iritsi gara honaino? Nahikoa dela uste al duzu? San Mamesen jokatzea, eta harmailak goraino beteta ikustea ikaragarria da. Baliteke jendetza egotea urtean bizpahiru partidu soilik jokatzen ditugulako. Era berean, partidu berezi hauek jai egun bezala ospatzen dira, giroaz gozatzera hurbiltzen dira zaletuak. Gure San Mameseko partiduak «igual zaie» irabazi, berdindu edo galtzen baditugu, harmailak beterik dauden bitartean. Argi dago lehen pausua jendea erakartzea dela, baina gizonezkoetan gertatzen den bezala zaleek partidua gurekin bizitzea eta sufritzea eskertuko nuke, jokalarien norabide berean jarri eta elkarren artean hiru puntuak lortzeko.
Goi mailako kirolari izan zaren heinean, hasieratik amaierara arte, zure burua behartuta ikusi al duzu Athleticeko lana beste lan batekin uztartzera? Dudarik gabe. Athleticen eman ditudan urte guztietan ikasketekin partekatu dut nire denbora. Ahal izanez gero, lanean hasi eta futbolean arituko nintzateke, baina ez dut horrelako bitartekorik, futbolean goiz osoa ematen dugu entrenatzen eta ordutegia astero moldatu beharra dago, partiduaren arabera. Oso gutxik dute aldi berean goi mailako futbolean eta lanean aritzeko aukera.
Bat aukeratzekotan, zein izan da Athleticek eman dizun momenturik bereziena? Milaka daude, bereziena ziurrenik Liga irabaztea izan zen. Denboraldi horretan zehar bizitakoa eta horrelako bukaera bat izatea itzela izan zen. Betirako gordeko ditudan oroitzapenak.
Galdakaori dagokionez, bitxia da 30.000 biztanleko herri batean, emakumeen futbol talde bakar bat egotea —Lagun Onak areto futbol taldean, hain zuzen—. Zein da zure iritzia gai honekiko? Nola eman ahal zaio bira egoera honi? Bitxia baino, tristea da. Galdakaoko hainbat emakumek jokatu dugu Athleticen, eta herriko futbol talderik ez egoteak, herriko errealitatea islatzen du. 2020. urtean gizarte matxistak futbola gizonezko kiroltzat jotzen du. Ziur nago, futbola gustatzen zaien neska galdakoztarrak badaudela, talde txiki bat sortzeko behintzat. Baina denon lana beharrezkoa da: gurasoena, familiena, lagunena, elkarte eta erakundeena… herri osoarena.
Zein mezu bidaliko zenieke goi mailako futbolean arituko diren hurrengo emakume belaunaldiei? Gozatzea. Momentu eta egoera guztietatik zerbait ikasten dela. Emakumezkoen futbola hemendik eta denbora gutxira asko haziko da. Hobekuntza guzti horiek, aurretik etengabeko esfortzua egin duten emakumeei esker izan dira, guzti hori ere kontuan hartzeko eta baloratzeko ezer izan beharko luke. Bide horretan, etorkizuneko emakume futbolariak lanean jarraitu beharko dute emakumezkoen futbola merezi duen mailara eramateko. Horrez gain, futbolean aritu naizen urteetan, futbolaz gain, beste milaka gauza ikasi eta baloratu ditut. Pertsona asko ezagutu, eta pertsona bezala hazi eta hezi naiz.
Zein da zure asmoa hemendik aurrera? Lehenik eta behin, uda topera disfrutatzea. Azken hamar urteetan ez dut udan zehar nahi nuena egiteko astirik izan. Irailetik aurrera lana bilatzeko asmoa daukat eta aldi berean Hezkuntza Oposaketak prestatzen jarraituko dut. •