Ainhoa Cantalapiedra: «Euskal Herrira lan egitera eta bizitzera bueltatu nahi dut»
Ainhoa Cantalapiedra, abeslaria
BINKE / 2024ko abendua
«Musikak ez du muga linguistiko edo kulturalik izan behar»
· Ainhoa Cantalapiedra Cuñado
1980, Galdakao
Heziketa fisikoari bideratutako Magisteritza hasi zuen baina bere bizitzak 180 graduko aldaketa jaso zuen 22 urte zituela. Milaka ikusle zituen Operación Triunfo programaren bigarren edizioa irabazi zuen galdakoztarrak eta orduan hasi zuen gaur arte dirauen ibilbide musikala. Bost diska kaleratu ditu eta azkenean, ‘Arrastrando un cadáver’, bere burua maitatzeari ohore egin dio.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Ainhoak BINKEri bidalitakoak
Oso gaztea zela, 22 urterekin, egin zen ezaguna Ainhoa Cantalapiedra galdakoztarra, Operación Triunfo irabazi ostean. Galdakaon ehunka pertsona batzen ziren astero frontoian edo kiroldegian jartzen zuten pantaila batean programa ikusteko, eta zaleak zituen mundu osoan zehar. Orduan hasi zuen bere ibilbide musikala eta bost diska argitaratu ditu orain arte. Mexikon zazpi urte egin ostean, orain Euskal Herrira bizitzera itzultzeko asmoaz hitz egin digu.
Hego Amerikan egon zara lanean eta bizitzen azken urteetan. Zergatik joan zinen hara? Televisak abestiak erosi zizkidan bere telenobeletarako eta maitemindu egin nintzen haien kulturaz, musikaz eta jendeaz. Mexikon emandako zazpi urteek erabat aldatu dute nire bizitza, pentsamenduan eta nire bizitzeko moduan ere.
Hango bizimodua gustoko duzu? Abentura gustatzen zait, bizitza ahalik eta gehien aprobetxatzea. Ezagutzen nauen orok badaki ipurdi urduria naizela eta bizitzen baldin badakizu, behin bizitzearekin nahikoa dela. Mexikok gauza paregabeak ditu onerako eta txarrerako, baina berezia da, eta ni lekura egokitu naiz.
Zure musikan ere somatu daiteke hango erritmoen eragina. Influentzia handia jaso duzu hango musikariengandik? Nire azken diskak, ‘Arrastrando un cadáver’, herrialde eder eta basati horren %100-eko eragina du.
Oso ezberdinak dira hango eta hemengo publikoak? Bai, asko, leku bakoitzean musika bizitzeko modua ezberdina baita. Hego Amerikan musika familian partekatzen da, eta horrela, familiako kide bat jada ez dagoenean, une horiek partekatuta geratzen dira kantinetan eta familiako ospakizunetan elkarrekin abesten zituzten abestietan. Espainian musika ez da horrela bizitzen, baizik eta banaka edo lagunekin eta gizarte-zirkuluetan.
Pertsonalki, zein asmo duzu epe laburrean? Euskal Herrira lan egitera eta bizitzera bueltatu nahi dut. Nire lurrarekin, jendearekin eta sustraiekin zentzu guztietan konektatzea gustatuko litzaidake. Mundu erditik bidaiatzea opari bat da adimenarentzat, inoiz imajinatu gabeko aukerak irekitzen dizkizu eta hobeto ezagutarazten zaitu. Baina pertsona batek egin dezakeen lanik onena barrura begiratzea eta haren zauriak sendatzea da, haurtzaroan familiaren eta lagunen baitan zatikatzen direnak. Faltan botatzen ditut nor naizen sentiarazi zidaten leku horiek eta euskaldun batek bere etxea maitatzeko duen modua.
Zergatik hartu duzu Galdakaora bueltatzeko erabakia? Sustraiek beti deitzen dute eta haien deia entzun behar da.
Galdakaon bizitzeko asmoa duzu? Ez dut uste, baina bai Bizkaian. Itsasoa eta mendia leku txiki batean batera gozatu ahal izatea maite dut.
Musikari dagokionez, zein puntutan zaude orain? Nire bosgarren diskarekin jarraitzen dut, ‘Arrastrando un cadáver’, zeinetan nire burua maitatzeari ohore egiten diot, Mexikoko eta Espainiako kulturen arteko uztarketa batean. Kontzertuekin jarraitzen dut aurten eta gehiago izango ditut hurrengo urtean. Halaber, 2025ean aterako den disko rockeroa grabatzen nabil.
Euskal Herrira bueltatzeak, estilo aldaketa ekarriko du? Kantautore naizen aldetik, bizi naizen herrialdeko musikak inspiratzen nau beti, nahiz eta ez ditudan ahazten aurretik egon naizen lekuen eragina.
Bost diska argitaratu dituzu orain arte. Zein izan da zuretzat bereziena? Denak izan ziren bereziak bere garaian, niretzat garai hartako argazki musikalak baitira. Orduan nintzenaren eta denborarekin izango naizenaren isla leiala .
22 urterekin egin zinen ezaguna, Operación Triunfo programaren bigarren edizioa irabazi ostean. Nola gogoratzen dituzu une horiek? Gogorrak, ez dizut gezurrik esango, baina eskertuta nago bizitako eta ikasitako guztiagatik. Zorionekoa naizela uste dut, bizitza honetan eta geratzen zaidanean hainbeste esperimentatu izateagatik.
Zaila izan zen fama kudeatzea hain gazte izanda? Bai, noski. Ezetz esaten duena gezurretan ari da. Barruko lan pertsonal handia eskatzen du fama hain gazte kudeatu behar izanak, mundu guztiak egin nahi ez duen lana. Ni esker oneko sentitzen naiz egunero publikoarengandik jasotzen dudan maitasun guztiarengatik.
Galdakaon, zure herrian, babes handia jaso zenuen, ezta? Hala izan zen. Hasierako urteetan nire herriaren babes handia sentitu nuen, baina ahanztura azkar iristen da komunikabideetan etengabe ez zaudenean. Hau onartu eta ulertu dut, ez baitut ezer pertsonaki hartzen. Oraindik ere herri hau maite dut, bertako jendearekin, lagunekin eta familiarekin bizi izan dudan bizitza-esperientziengatik.
Ospe horren ostean, musikarientzat zailena gorenean mantentzea dela diote. Ados zaude? Badakit ospearen zerua ukitzen duzunean, beti jaitsi behar dela ahanzturaren infernuetara, eta hor, osasun mental on baten garrantzia ulertu behar duzu, lan-orekarako bideaz gozatzen jarraitu ahal izateko.
Lortu duzu «Operación Triunfoko Ainhoa» etiketa kentzea? Ez dut molestatzen ez didan ezer ezabatzeko asmorik. Beraz, pertsona bakoitzak ezagutu edo deitu nazala gehien gustatzen zaion bezala. Ni Ainhoa baino ez naiz.
Hainbat urte eman zenituen diskografika baten barruan, eta ondoren hortik irten eta musika zure kabuz egin duzu. Zergatik hartu zenuen erabaki hori? Askatasunaren prezioa oso altua da, baina nire kasuan merezi izan du nire kabuz aritzea. Banekien non sartzen nintzen eta zein zaila zen lortu nahi nituen helburuak lortzea, baina nire indarrak eta mugak ere ezagutzen nituen, eta, beraz, ez dute nire burua hutsera bota eta hegan egiten ikasi behar izateko beldurrik.
Kantaren bat euskaraz egitea pentsatu duzu noizbait? Jare taldearekin kantatu izan dut hainbatetan euskarazeta ‘Goenkale’ telesailerako itzuli dut ‘Hasta el final’ kanta. Nire ustez, musikak ez du muga linguistiko edo kulturalik izan behar, eta entzun nazaketen edozein hizkuntzatan abesten dut.
Zer espero duzu Euskal Herrian emango duzun aro berri honetaz? Ez zait ezer itxarotea gustatzen, nahiago dut bidea pausoz pauso eginez eta oraina delakoaren eztia gozatuz joatea. Pentsatzen dudana naiz, beraz, beti pentsamendu konstruktibo eta positiboak gordetzen ditut aurrera jarraitzeko. Ea nire lur maitean lan egiten eta bizitzen lortzen dudan! •