Aitor Ibarrola: «Taldeetan askok interes pertsonalak baino ez dituzte ikusten»
Aitor Ibarrola, Galdakao Boleibol Taldeko jokalari eta batzordekide ohia
BINKE / 2016ko apirila
«Taldeetan askok interes pertsonalak baino ez dituzte ikusten»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz
Mende laurden. Arin esaten da, eta ziurrenik arin pasa zaizkio berari ere. Norberak bere pasioari hogeita bost urte eskaintzen dizkionean, lan ez egiteko arrazoiak aitzakiak baino ez direlako.
Horrela eman ditu azken garai hauek Galdakao Boleibol Taldeari lotuta Aitor Ibarrola (1968, Galdakao) jokalari oihak. Eta orain, mutilak ligako txapeldun izan zirenaren berria eman genuenean, boleibola notizia da berriro gurean. Honetan berriz, Ibarrola batzordekide eta jokalari historikoak taldea eta batzordea utzi dituela adierazi duelako.
Boleibolak asko emango dizu, baina zeuk dena eman diozu herriko boleibolari… Hogeita bi urte ingururekin hasi nintzen honetan, oraindik jokalari izan aurretik antolatzaile eta entrenatzaile lanetan aritzen nintzenean. Gero jokalari ere hasi nintzen, noski. Hogeita bost urte hauek boleibolari hain lotuta egonda, imajinatu dezakezu zenbateko garrantzia izan duen nire bizitzan! Egunero ari zara honetan pentsatzen: zer egin, zer hobetu, arazoak zelan konpondu… Neuk dena eman diot, eta taldeak ere dena eman dit. Egin kontu, emaztea ere boleibolaren bitartez ezagutu nuen eta!
Ibilbide luzea egin duzu, kirolak asko eboluzionatu al du bide luze honetan? Duda barik! Aldaketak handiak izan dira klubean. Ni hasi nintzen garaian mutil askoz gehiago zeuden boleibolean jokatzen. Are gehiago, Galdakao Boleibol Taldeko pisu handiena mutilen taldeek zuten eta geure asmoetako bat nesken taldeak indartzea zen. Gaur aldiz, jokalari gehienak neskak dira. Bestalde, azpiegiturak hobetu egin dira, taldearen izaera indartu da eta klubak presentzia handiagoa du herrian.
Hala ere, ibilbideaz ari garela, une zailak ere biziko zenituen tartean… Noski, asko izan dira bizitako une txarrak. Onak batez ere, baina txarrak ere ez dira falta izan. Orain adinez nagusiago, beste modu batean ikusten dira gauzak, eta agian ez genituzke hain txarrera hartuko. Baina gogoan dut, esaterako, Elexaldeko frontoian entrenatu behar izaten genuenean. Astero hiru egunez lurrean zintarekin markatu behar izaten genuen gure joko eremua, orduko udalak ez zituelako zelaiaren marrak margotu gura. Ez genuen batere harreman ona udalarekin eta tirabira asko genituen. Denborarekin hori ere asko aldatu da zorionez!
Zein aholku emango zenioke edozein kirol elkartetan lanean ari den bati? Ez dakit ba aholkuak emateko egokiena naizen! Baina nire esperientziatik kontutxo batzuk bai izango nituzke oso kontuan beti. Batetik, ezer baino lehen edozein klub edo elkartetan taldean lan egin behar da. Ezin dira lan eta ardura guztiak pertsona beraren lepoan kargatu. Bestetik, oso presente izan behar du talde bateko batzordean lanean dabilenak beti izango dela norbait egiten denaren kontra, askok interes pertsonalak baino ez dituelako ikusten. Baina kudeaketa lanetan ari denak erakundearen interesen alde egin behar du. Horretarako prestatuta egon behar du lan egin gura duen batek.