Amaia Morente: «Tanzanian badakite gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat baduguna»
Amaia Morente Fariñas, Zanzibarko galdakoztarra
BINKE / 2021eko abendua
«Tanzanian badakite gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat baduguna»
Sortzez: Galdakaokoa.
Gaur egun: Zanzibarren (Tanzanian) orain gutxira arte, Usansolon egun.
Jaiotza urtea: 1994.
Ikasketak: Gizarte langilea.
Zertan dabil: boluntario, eskola bat margotzen, konpontzen eta ingelesa irakasten.
Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Uste dut Covid egoerak eragin handia izan zuela. Konfinamenduak, beste faktore batzuen artean, aukera eman zidan neure buruari galdetzeko nire bizitzan egiten ari nintzenak benetan pozten ninduen ala ez. Ohituta gaude eguneroko gauzetan pentsatzen eta sentimendu sakonenei ez diegu behar duten garrantzia ematen. Honetan arreta jarri nuenean, Afrikara joateko ametsa berreskuratu eta eskola batera boluntario joan nintzen.
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Nire bizitzan aldaketa nabariak egon dira azken boladan, baina nabarmenenak, izaeran eman direla esango nuke. Aurten arte ez dut inora bakarrik bidaiatu, baina erabaki honekin aurrera jarraitzeak, indar itzela eman dit nire beldurrei aurre egiteko. Gizarteak edota familiak eragindako baldintzapenen gainetik neure kabuz erabakitzeko gaitasuna jarri dut eta benetan zoriontsu egiten nauena eskuratzeko.
Zer du zure hango herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Komunitate ederretan bizi dira eta haien artean giro ezin hobea nabaritzen da. Zailtasun ugari dituzten arren, umorez bizi dira. Musika eta kantuak dira haien lagunik onenak eta badakite bizitzak jartzen dien oztopoei garrantzia kentzen. Euskal Herrian oso ezberdina da, askotan, jendearengan estresa nabaritzen da. Hain gaude sartuta gure errutinan eta teknologiak eragiten duen auto-isolamenduan, arraroa bilakatu dela guretzako ezezagunekin hitz egitea.
Zeren falta sumatzen duzu han? Gurean, administrazioko gestioen abiadura eta eraginkortasuna handiagoa da. Bestalde, osasungintzako arretaren eta gure elikaduraren falta ere sumatu ditut.
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Zalantzarik gabe, haien gizartean eta haien egunerokoan bete-betean sartzea gomendatuko nioke, lehen aipatutako balioak hurbiletik ikus ditzan.
Zer dakite gure herriaz? Ez dakite mapan non dagoen, baina bai neguan eguraldi gogorra egiten duela. Horretaz aparte, gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat dugula eta hau mantentzeko lan egiten dela ere badakite.
Zer zenekien zuk hangoaz? Egia esan, ez nekien gauza handirik, baina jakin-mina sortzen zidan nola den posible «ezer» eduki gabe hain pozik bizitzea. Horregatik, lehen pertsonan bizi nahi izan nuen hau, gure gizartean, «dena» eduki gabe bizitzea gero eta zailagoa dirudi-eta.
Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Etorri nintzenetik, banekien bueltatuko nintzela, oraingoan proiektu txiki bat aurrera eramateko: Gabonetako saski baten zozketa antolatu dut eta bildutako dirua hango eskola batean inbertitzeko izango da. Amaitzeko, parte hartu dutenei eskerrak eman nahi dizkiet, zorte on!