Andrea Arrizabalaga: «Ni behintzat ez naiz nire irudiaren esklabo sentitzen»
Andrea Arrizabalaga, ETBko kazetaria
BINKE / 2019ko apirila
«Ni behintzat ez naiz nire irudiaren esklabo sentitzen»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Gure etxeko egongelara sartzen da egunero, ETBko albistegien bitartez, munduan gertatzen direnak guri kontatzeko. Bost urtez Teleberriko aurkezle izan ostean, kaletik aritzen da zuzenekoak egiten, berak ikusi eta ikertzen dituenak protagonista egiten. Bazen ba norbaitek protagonista bilakatzeko garaia kazetari eta aurkezle galdakoztarra.
Kontziente zara albisteak milaka pertsonei kontatzeak dakarren arduraz? Bai, derrigorrez. Kazetaria izateak hori dakar, horregatik ezin dituzu gauzak edozein modutan kontatu. Gaiaren arabera, albistea asko zaindu behar da, «amarillismoa» saihestu ahal den neurrian, objektiboa izan… Badakit nire hitzek eragina izan dezaketela, min egin dezaketela. Gauzak ondo kontatzea izan da betidanik nire ardura. Badakit ezin dudala mundu guztia gustora utzi, baina saiatzen naiz.
Beti egon gura izan duzu lanbide honetan, ezta? Hasiera batean ez dut uste zerbait kontzientea zenik. Aita kameraria zen orduan eta askotan egiten genituen grabaketak, jolasteko… Behin albistegi bat grabatu genuen nire logelan. Albiste guztiak asmatutakoak ziren, denek animaliak zituzten protagonista. Altxor bat bezala gordetzen dut. Oso grabaketa berezia da niretzat. Premonitorioa-edo…
Teleberriko aurkezle ere ikusten zaitugu tarteka, baina ez beti. Zergatik? Bost urtez egon nintzen gaueko Teleberriaren gidaritzan, oso etapa berezia izan zen, aberasgarria, batzutan gogorra ere bai. Ez da lan erraza eta konturatzen zara ez zarela mundu guztiaren gustukoa, hori latza da. Zure lana publikoa da eta hori eramaten ikasi behar da. Iritziak, azken finean, iritziak dira, subjektiboak beti. Orain tarteka aurkezten dut, baina gehienetan kalean nago zuzenekoak egiten.
Telebista mundua ez omen da batere egonkorra, zuk ere hala uste duzu? Duda barik. Gaur gailurrean zaude, hurrengo egunean… auskalo! Audientziek agintzen dute, eta audientziak oso kapritsosoak dira.
Ordea, Teleberriko aurkezle izatea da edozein berriemailek desio duena. Zuk zelan lortu duzu? Prozesu luzea izan zen. Lanbide guztietan gertatzen da, ezta? Behetik hasten zara eta pixkanaka gero eta ardura handiagoak dauzkazu. Urtetik urtera hazi egiten zara. Kazetari ona nintzela erakutsi nahi nuen, kazetaritza maite nuela, eta esan bezala, kontziente ala ez, txikitatik neukan buruan aurkezteko grina hori. Kasting asko egin nituen eta azkenean… lortu nuen.
Zelan gogoratzen duzu zure lehenengo Teleberria? Hitz batean deskribatu behar badut, urduritasuna aukeratuko nuke. Urduri negoen, oso urduri eta airean sartu aurreko segundo horiek amets bat bezala gogoratzen ditut, neurri batean surrealista iruditu zitzaidan. Teleberri bat aurkeztu behar nuen!? Nik!? Eta gero denborarekin konturatzen zara beste lan bat dela, ohitu egiten zara eta akabo urduritasuna.
Asier Odriozola izan zenuen platoko kide. Bai, eta berak esan zidan lehenengo egunean, airean sartu baino lehen: «Goazen disfrutatzera, Andrea!». Lehenengo Teleberri horretan ez nuen asko disfrutatu egia esan, baina orain aurkezten dudan bakoitzean izugarri disfrutatzen dut.
Telebistako pertsonaia publikoak irudiaren esklabo al dira? Ez nuke esango horrenbesterako denik. Ez behintzat nire kasuan. Nik ez dut hori ezagutu. Egia da ekipo bat dagoela estilismoa erabakitzeko, eta asko zaintzen direla makilajea eta jantziak, baina ni ez naiz irudiaren esklabo sentitzen. Irudia ez da inportanteena. Hala ere, baliteke kanpoko pertzepzioa hori izatea. Esaterako, niri askotan esaten didate: «Ze guapa zeunden aurreko egunean soineko horrekin». Hori ez diote esaten gizon bati. Neskei bai. Guapa nengoen, ederto, baina ondo egin nuen nire lana? Kazetaria naiz, ez modeloa. Badakit agian ez dela politikoki oso adierazpen zuzena, baina esan nahi dut askoz gehiago gustatzen zaidala nere lana baloratzen dutenean. Ororen gainetik kazetaria naizelako.
Emakumeari gehiago exijitzen zaio beraz edertasunen kanonari eustea? Bai, zoritxarrez. Nik ordubete ematen dut makilajean, eta gizon batek hamar minutu besterik ez. Atera kontuak. Guri begiak «egin» behar dizkigute, eta horretan soilik ordu erdi-edo ematen dute, ilea garbitu egunero, orraztu… gero astero probatu behar ditugu jantzi ezberdinak eta gizonen kasuan, ba hiruzpalau traje eta korbata dituzte eta listo. Askoz zailagoa da guretzat, eta deserosoagoa.
Deserosoagoa, zergatik? Pentsa, takoiekin aurkeztu behar dugu eta platotik mugitu, eta nik ez ditut sekula takoiak erabiltzen! Platoan ikasi dut, eta hasieran ez zen batere erraza izan, erortzeko zorian egon naiz behin baino gehiagotan. Beti galdetzen diet estilistei zergatik ezin dudan aurkeztu takoi gabeko zapata polit batzuekin, baina ezinezkoa da, erantzuna beti da takoiek estilizatu egiten dutela.
Albistegietako emakumeek adinez nagusiagoak dirudizuela diote askok. Zergatik? Niri askotan esan didate hori. Kalean, supermerkatuetan, tabernetan… «Baina zu? Teleberrikoa zara? Ume bat zara gero!». Aitortu behar dut hori bai gustatzen zaidala… aurrez aurre gazteagoa ematen dudala. Baina bestalde, batzutan pena ematen dit, ze horrek esan nahi du telebistan ematen duzun irudia ez dela zure benetako irudia.
Emakume batek sinisgarritasuna izateko «meritu» gehiago egin behar al ditu? Uste dut, oro har, arlo guztietan esan nahi dut, emakumeoi gehiago kostatzen zaigula dena, baita sinesgarritasuna lortzea ere. Gaztea bazara, gaztea zarelako; berria bazara, berria zarelako; guapa bazara, guapa zarelako… Oso zaila da, bai. Eta askoz zailagoa daukagu hasiberriak garenean, oztopo eta estereotipo gehiago gainditu behar ditugulako, gizonek baino. Ez dut esan nahi beraiek erraz daukatenik, baina gure egoera oso ezberdina da.
Askorentzat eredu bazara, ez da bakarrik iritsi zaren lekura iritsi izanagatik, bertara iritsi ahal izateko euskararekin ere hamaika ahalegin egin behar izan dituzulako izango da, ezta? ETBn sartu nintzenean euskaldunberri oso oso oso berria nintzen eta hasiera zaila izan zen niretzat. Nire hizkera ez zen egokia, nabaritu egiten zen mintzatzerako orduan eta, beraz, komunikatzeko orduan nire praktika falta. Horregatik behetik hasi nintzen, burtsetako informazioa egiten. Erredakziotik aparte zegoen bulego batean egiten nuen lan, eta hor egon nintzen hizkera hobetzen eta euskara zaintzen. Gero asteburuko txandara pasa nintzen eta orduan ikasi nuen dakidan guztia. Nire orduko editoreak nire aldeko apustua egin zuen eta asko irakatsi zidan.
Garrantzia handia eman zenion beraz euskara ondo menperatzeari, lanagatik bakarrik? Bai, oso garrantzitsua zen eta da niretzat. Baina ez bakarrik lanagatik. Euskaltegian hasi nintzenean unibertsitatean negoen, eta argi neukan euskara ikasi behar nuela. Galdakao herri euskalduna da eta euskaraz hitz egin nahi nuen nire herrian. Gatza da ohiturak alde batera uztea eta bapatean euskaraz hastea mundu guztiarekin, batez ere harremanak erdaraz lantzen dituzunean, baina pixkanaka egiten duzu eta orain, atzera begira, harro sentitzen naiz. Euskaldun berri bakoitzak freskotasuna ekartzen du. Behin esaldi hori irakurri nuen eta buruan daukat beti.
Menperatzeaz ari garela, behin ETBko saio batean onartu zenuen migrainak sufritzen dituzula tarteka. Horrek zelan menperatzen dituzu? Hamahiru urte nituenean izan nuen migrainen berri aurrenekoz, eta ordutik beti sufritu ditut. Urtean lau, sei, batzutan hilabetero… Inork ez dizu esaten zergatik, zerk eragiten duen migraina, botikak ematen dizkizute eta kito, baina ez dago prebentziorako ezer. Nik denetarik probatu dut: medikuntza tradizionala, homeopatia, oin-reflexologia, masaje bereziak, dieta aldatzea… eta uste dut egin dudan gauzarik onena glutena uztea izan dela. Duela bizpahiru urte utzi nuen —ez erabat, etxetik kanpo oso zaila delako— eta ordutik nire migrainak askoz ere suabeagoak dira.
Zuzeneko bat grabatzen ari zarela izan duzu horrelako agertzerik? Ez, zuzeneko batean ez, kalean ez behintzat. Eta platoan ere ez. Esaten dute urduri edo «alerta» zaudenean ez dela migraina agertzen, lasaitzen zarenean agertzen da normalean. Hala ere, gertatu zait erredakzioan egon, Teleberri edo zuzenekoren bat prestatzen eta migraina agertzea… Normalean gela ilun batera noa eta, migrainaren arabera, etxera joaten naiz edo lanean jarraitu. Teleberri bat baino gehiago egin dut buruan «mailu» bat «kolpeka» dudala…
Aspaldiko beste telebista saio batean amatxorekin agertu zinen kameren aurrean. Harreman polita antzematen zen bion artean! Ama oso inportantea da nire bizitzan, funtsezko zutabe bat. Dena kontatzen diot eta behar dudanean hor dago beti, laguntzeko prest. Betidanik izan dugu harreman ona. Haurtzaroan, nerabezaroan eta orain. Askotan esaten da ama bat baino ez dagoela, eta nire kasuan esan behar dut nirea bakarra dela munduan. Asko maite dut, bai, asko.
Behin harreman politak aipatuta, zuk baduzu laguntxu berezi bat… Katuekin erabat maiteminduta nago! Liluratu egiten naute, orduak emango nituzke euren jolasak eta erreakzioak ikusten. Badakit jende askok ez dituela asko estimatzen, baina nik uste dut hori ezjakintasuna dela. Nik bat daukat, Goku, eta ez dut bizitza ulertzen bera gabe.
Zure sare sozialak erreparatuta behintzat, elikadura ondo zaintzen duzula nabari da! Migrainei aurre egiten saiatzeko dieta aldatu nuen. Hasiera batean glutena kendu nuen, gero elikagai prozesatuak, esnekiak ere bai… geroxeago konturatu nintzen haragi gehiegi jaten nuela, eta hasi nintzen pixkanaka kentzen. Ez dizut esango begetariana naizenik. Batzutan jaten dut, baina etxean saiatzen naiz dieta oso «berdea» izaten. Gauza ekologikoak erosten ditut ahal dudan guztietan.
Zure ogibidea telebista izango ez balitz, zeri eskaini gurako zenizkioke lan-orduak? Idazteari. Idazlea izango nintzateke. Nire ametsetako bat liburu bat idaztea izan da aspalditik, nobela historikoa. Badago hortik ideia bat, zirriborro bat eta orri batzuk… baina ez da lan erraza. Agian egunen batean nire sinadura duen liburu bat ikusiko duzue dendetan, baina momentuz ametsa besterik ez da…
Kameren aurrean urduri ez jartzeko badago erremediorik? Disfrutatzea. Hori da gakoa. Eta horretarako gustatu egin behar zaizu zure lana. Istorioak kontatzea gustatu behar zaizu ba, azken finean, albisteak istorioak dira, txarrak, onak, politak, itsusiak… baina istorio txikiak.
Eta zuk, zuzenekoen aurretik baduzu beti egiten duzun «erritualik»? Ez, egia esan ez dut ezer berezirik egiten. Kontatu behar dudana asko zaintzen dut, hori bai. Gustatzen zait testu bat idaztea aurretik eta ahal den neurrian ulertuko diren hitzekin. Batzutan kazetarioi gehiegi gustatzen zaigu berba arraroak erabiltzea, kalean entzutzen ez direnak. Baina kontuan izan behar dugu kontatzen duguna denek ulertu behar dutela. Gu ez gara filosofoak edota katedratikoak, kazetariak baino, eta gertutasuna bilatu behar dugu daukagun arma bakarrarekin, hizkuntzarekin.
Zein da eman behar izan duzun albisterik txarrena? Albiste txar asko eman ditut azken urteotan, tragedia asko, eta ez nuke jakingo zein aukeratu. Egun hauetan, esaterako, Idai zikloiak Hego Afrikako hiru herrialde astindu ditu. Ehunka lagun hil dira, eta milaka desagertu, herri asko eta asko mapatik ezabatu ditu zikloiak. Baina Hego Afrika oso urrun dago, eta ziur asko laster ahaztuko dugu tragedia hori. Hala ere, horrelako albiste gehiegi eman ditut…
Eta onena? Eman dudan albisterik onena ez dut lanean eman, eta oso albiste arrunta da egia esan, baina ez niretzat. Inoiz eman dudan albisterik onena neure haurdunaldiarena izan da. Nire familia eta lagunei haurdun nengoela esan nienean. Inoiz ez ditut ahaztuko euren aurpegiak, euren poza, euren maitasuna… Nola ez da ba izango hori munduko albisterik onena?
Eta ematea gustatuko litzaizukena? Aldaketa klimatikoa bukatu egin dela. Gizartea azkenean kontzientziatu egin dela eta naturaren aldeko aurrerapausoa eman duela. Badakit asko falta dela horretarako, akaso ez da inoiz iritsiko, eta iristen bada, auskalo non egongo naizen. Bitartean, jarraituko dut egunetik egunera aurrerapauso txikiak ematen, gutxi bada ere, gure planeta zaintzeko. •