Andrea de la Hera: «Manhattanen igeri egitearekin nire ametsa errealitate bihurtuko da»
Andrea de la Hera, ur irekietako igerilaria
BINKE / 2020ko otsaila
«Manhattanen igeri egitearekin nire ametsa errealitate bihurtuko da»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bere lanorduak enpresa handi baten kontabilitate lanetan ematen baditu ere Andrea de la Herak (1993, Galdakao), egunero bulegoa utzi eta igeri egitera joaten da, izan Urretako igerilekura zein itsaso zabalera. Azken bi urteetan Salome Campos, Triple Coronas, Flysch Beltza edo Batalla de Rande neurrietako zeharkaldietan txapeldun izan da, eta 5-27 kilometro arteko itsasoko probak dira, ez nolanahikoak.
Zelan hartu zenuen Manhattanera joateko deia? Frogara inskribatu nintzenetik zalantzak izan ditut, hautatuko ninduten ala ez jakin barik, baina bidali ziguten emailean nire izena ikusi nuenean emozio handia sentitu nuen. Froga hau igeri egitea beti izan da nire ametsa eta aurten ametsa errealitate bihurtuko zait!
Hemengo uretara etorrita, zerekin konparatu daiteke bertan egin izan beharko duzuna? Hemen badaude froga asko, eta oso gogorrak. Baina Manhattani bira ematea ezin da ezerrekin konparatu. Igeri egin eta Empire State ikusi, edota Brookling-eko zubi azpitik pasatzea ez dira hemengo frogekin konparatu daitezkenak. Gainera, mundu guztiko beste ehun parte-hartzailerekin lehiatzeak proba munduko garrantsitzuenetarikoa bihurtzen du.
Noiz eta zergatik hasi zinen itsaso zabalean igeri egiten? Betidanik egin dut igerian, baina gehienbat igerilekuan izan da, Galdakao Igeriketa Taldean. Ordea, ondoko elkarrizketatua —Iskander, laguna gaur egun— 2016an ezagutu nuen, udako egun batean itsasora eraman ninduen eta egun hartatik ez naiz itsasotik urrundu.
Aurten baduzu, New Yorkekoaz gain, beste erronkarik? Bai, aurten beste hiru erronka gogor izango ditut: ekainaren 6an Formentera-Ibiza —30km igerian—, ekainaren 27an Batalla de Rande Vigon —27km— eta irailaren 5ean Triple Corona Illas Atlanticas Galizian —23km—.
Urretako igerilekua txiki geldituko zaizu, ezta? Urretako kiroldegia txiki txiki geratzen ari zaigu bai! (barreka) Ia egunero entrenatzen dut. Normalean ordu bat eta erdi eta 3.000-4.000 metro egiten. Baina asteburuetan itsasora joaten naiz. Eguraldi ona ala txarra egin, gu bertan gaude. Itsasoan metro gehiago egiten ditugu, bost edo sei kilometro neguan. Eta udan, uraren tenperatura epeltzean, 10-15 km. inguru.
Baduzu honetaz bizitzeko asmorik? Ez, gaur egun ezin da kirol honi esker bizi. Niretzako aisia da eta gainera gastuen ia %100 nire poltsikotik ateratzen da. Baina aurten zorte handia izan dut bi marka handik nitan pentsatu dutelako Manhattaneko erronkaren gastuei aurre egiteko: Viuda de Sainz eraikuntzako enpresa eta Head kiroleko marka.