Andrea Mora: «Goazenen hasieran asko kostatu zitzaidan fama modu osasuntsuan onartzea»
Andrea Mora, aktorea
BINKE / 2024ko urtarrila
«Gozatu ezin izan dudan haurtzarora itzultzen naiz gaztetxoekin lan egiten dudanean»
· Andrea Mora Ahedo
2000, Etxebarri
Bizitzaren tarterik handiena, gaur gaurkoz, Etxebarrin egin du Andreak. Baina Basaurin ikasi du, Arizko ikastolan lehenengo eta Urbi ikastetxean gerora. Gaur Bilbon bizi da eta Arte Dramatikoko ikasketetan graduatua da, Interpretazioko espezialitatean Dantzerti Goi Mailako eskolaren bitartez. Iñaki Rekarte zuzendariaren ‘Neke asko eta ezer ez’ antzezlanean hartu du parte, Pabellón 6eko Gazte Konpainian dabil eta Goazen 6.0 telesaileko aktorea izan da, besteak beste.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Iosu Apraiz
Kreatiba taldeak, eskolaz kanpoko orduetan, antzerki eskolak eskaintzen ditu Eguzkibegi Ikastolan eguerdietan. Bada, bertan hasi berri da irakasle Andrea Mora Etxebarri eta Basauri artean hazitako aktore gaztea, eta batez ere ETBko Goazen telesailean aritu izanagatik ezagun dena. Aktorearen atzeko pertsona ezagutzeko hitz egin du BINKEk berarekin.
Galdakaon lanean hasi berri zara. Zelan hartu zaitu herriak? Abenduan hasi nintzen Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan haurrentzako antzerkia irakasten. Egia esan, ikastolan harrera polita egin didate, oso eroso sentitzen naiz umeen artean eta egunero poztasun handiz noa lanera.
Eta umeekin, izan duzu aurretik eurekin irakasle aritzeko aukerarik? Antzerki sozialaren bidez gaztetxoei balio etikoak irakasten saiatu naiz proiektu desberdinekin. Hala ere, haurrentzako antzerki irakasle izateko lehenengo aukera Eguzkibegi Ikastolan izan dut, Kreatiba Antzerki Eskolaren eskutik eta batez ere, Nerea Larrazabal galdakoztarrari esker.
Zer eskaintzen dizute gaztetxoek? Nire egoera pertsonalak direla eta, txikitatik oso azkar hazi behar izan dut baina gaztetxoekin lan egiten dudanean, bere osotasunean gozatu ezin izan dudan haurtzarora itzultzen naizela sentitzen dut. Izugarri gozatzen dut gaztetxoekin lan egiten dudan bakoitzean. Izan ere, nik antzerkiari buruzko ezagutzak irakasten saiatzen naiz eta haiek gizarteari buruzko ikuspegi paregabea eskaintzen didate. Uste dut oso garrantzitsua dela gazteak entzutea, mundua hobetzeko borrokatuko duten belaunaldi berria direlako. Gazteengan itxaropen eta konfiantza handia dut.
Zelan bereizi antzerkia eta bizitza erreala? Antzerkia bizitzaren irudikapen bat da, baina antzerkia ez da bizitzaren erreprodukzio naturalista bat. Antzerkia eguneroko arazoak eta egoerak irudikatzen dituen espresio artistikoa da. Nire ustetan, akats eta erokeria handia izango litzateke antzerkiak bizitza erreala modu naturalista batean erreproduzitzea. Hori gertatuko balitz, orduan antzerkiak artea izateari utziko lioke.
Eta zuk, zelan jaso duzu arte honekiko zaletasuna? Ikastolan bosgarren mailan nengoenean, antzerkigintzako hautazko ikasgaia izan genuen. Gogoan dut nire lagunek zaletasunak zituztela eta gustatzen zitzaizkien eskolaz kanpokoko ekintza desberdinak egiten zituztela. Nik, ordea, ez nuen aurkitzen motibatzen ninduen ezer. Antzerki gela horretan sartu nintzen lehenengo egunean konturatu nintzen nire espazio segurua zela.
Zer eskaintzen dizu antzezteak? Antzerkiak askatasuna sentiarazten dit, beldurrik gabe adierazten laguntzen dit eta ez dut nire burua epaitua sentitzen. Antzerkia gizartearen krudelkeriaz babesteko aterpea da, nire bigarren etxea eta askotan baita nire lehenengoa ere. Antzerkia arma magikoa da, artearen bidez gizartea eraldatu dezakena.
Gaur egun, zaletasun hori ogibide bilakatzen ari zarela bistakoa da. Nire zaletasuna ogibide bilakatzeagatik zorionekoa naiz. Ez da bide erraza eta horregatik uste dut interpretazioa ogibide dugunok oso ausartak garela… gauza asko arriskatzen baititugu. Baina hementxe nago! (irribarretsu)
Eta zer duzu orain eskuartean? Otsailean Arriaga antzokian egongo gara ‘Komedia madarikatuarekin’ eta bi asteburu egongo gara Pabellon 6en antzezlan berdinarekin, baina gaztelaniazko bertsioan. Horrez gain, emakume euskaldun eta ijitoei buruzko ‘El Tablao del Quejío’ proiektu sozial eta feminista aurrera eraman ahal izateko dirulaguntzak begiratzen nabil. Ea zortea dugun eta euren lekukotasunak entzuteko aukera suertatzen den!
Baduzu ijitoekin loturarik ala? Dantzertirako —Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren Gradu Amaierako Lanerako— Bilboko emakume ijitoekin garatutako zapalduon antzerkiari buruzko tailerra sortu nuen, eta proiektu horri esker beste pasio bat aurkitu dut: flamenkoa. Horregatik, kanta eta dantza flamenkoa profesionalki ikasten jarraitzea ere gustatuko litzaidake.
Gazteekin aritzen zarenean, zer da erakusten diezun lehenengoa? Antzerkian eta bizitzan garrantzitsuena entzuten ikastea dela, hori baita errespetatzen ikasteko bidea. Entzumen aktiboak enpatia eta sentsibilitatea sustatzen ditu. Talde baten barruan, antzerki konpainia batean, zineman edo klaseak ematen ditudanen, taldearekin lotura emozional eta sendoa sortzeko beharra daukat. Niretzat askoz garrantzitsuagoa da lan-prozesua emaitza bera baino, bizitzan ere bidaia helmuga baino aberasgarriagoa dela uste baitut.
Umeek, hala ere, «kopla» asko ere egiten dute maiz. Badu gizaki orok antzezle bat jaiotzetik, beraz?Jaiotzen garenean gure erreferente nagusienak gurasoak direla uste dut. Haurrek gurasoen eta inguruko pertsonen soinuak, hitzak, keinuak eta portaera imitatzen dituzte. Umeak imitazioaren bidez komunikatzen dira eta hor hasten da nolabait antzerkia… bai.
Zelan erakutsi etxeko txikienei antzezlanetan gertatzen den guztia ez dela, edo ezin dela, antzerkitik kanpo egunerokotasunera eraman? Nire aburuz, oso garrantzitsua da azaltzea antzerkia jolas bat dela. Joko bakoitzak bere arauak ditu eta horrexegatik funtsezkoa iruditzen zait antzerkiaren barruan antzezle bakoitzak bere burua ezagutzea. Modu horretan bakoitzak bere mugak jarri ahal izango ditu.
Gaztea izan arren, hainbat lan egin izan duzu orain arte. Guztien artean zer ekarri dizu ETBko Goazen telesailak? Nire lehenengo lan profesionala izan zen zinemaren arloan. Kamera baten aurrean antzezten ikasteaz gain, asko ikasi nuen kameraz kanpoko langileak baloratzen. Aktore batek pantaila edo eszenatoki baten gainean distira egiteko, izugarrizko lan-talde polita du teloien eta kameren atzen. Nire ustetan, publikoak ikusten ez dituen artista asko daude lanean eta ez ditugu merezi duten bezala balioesten.
Fenomeno soziala bilakatu da Goazen gaztetxoen artean. Zuk ere igarri duzu zure azalean fama hori? Goazenen lanean hasi nintzen arte ez nintzen konturatu telesailak gaztetxoen artean zuen arrakastaz. Telesaila grabatzeaz gainera, urte batean zehar Goazeneko aurrestreinaldiak, estreinaldiak, kontzertuak, ekitaldiak eta photocall ugari egin genituen eta gazteek argazkiak eta autografoak eskatzen zizkiguten. Nik ez nekien nire irudia eta izena hain publiko bihurtuko zirenik, eta hasieran asko kostatu zitzaidan fama hori modu osasuntsu batean onartzea.
Zer zen gertatzen zitzaizun ohikoena ba? Kaletik Goazen telesailaren zaleek argazkiak eta autografoak eskatzea. Baina bestelakorik ere gertatu izan zait. Etxebarrin bizi nintzenean fan batzuek etxerako bidean jarraitu nindutela gogoratzen dut, non bizi nintzen ikusteko. Behin baino gehiagotan etxeko txirrina ere jo izan dute.
Keinu politak ere utziko zizkizun baina! Bai horixe, famak ere gauza politak eskaini dizkit. Gazte askok Instagrametik idazten zidaten, esate baterako, Sararen pertsonaiak euren bizitzan izan zuen eraginaz hitz egiteko. Hori pertsona eta aktore moduan dagoen opari politena da, zure lana ondo egiten ari zarela eta gazteongan eragin bat izaten ari zarela konturatzen baitzara.
Ezagutzen zaituzte oraindik ere? Badaude gazteak argazkiak eta autografoak eskatzen dizkidatenak eta poztasun handiz egiten dut. Hala ere, noizbait egoera hori aldatzea gustatuko litzaidake. Esate baterako, ez diogu gure atalondoko garbitzaileari argazki eta autografo bat eskatzen bere lana ondo egin duela uste badugu. Beraz… zergatik egin behar dugu aktoreekin? Aktore izatea eta famatua izatea oso gauza desberdinak dira eta guztiok merezi dugu gure pribatutasuna errespetatzea.
Sararen papera egin duzu saioan, neska musulman baten papera. Zer dute komunean Sarak eta Andreak? Erronka handia izan zen niretzat Sararen papera egitea. Hasieran publikoak esango zuenaren beldur nintzen: zer pentsatuko zuen gazte musulman batek, antzezten dagoen aktorea musulmana ez dela ikustean? «Apropiazio kulturalari» buruz hausnartzen egon ondoren, emakume musulmanei buruz irakurtzen eta dokumentatzen hasi nintzen. Dantzertin beti irakatsi didate pertsonaia bat interpretatzerakoan ezin ditugula bere pentsamendua eta jokabidea epaitu. Eta eszenatoki gainean pertsonaia hori defendatzeko geure buruari hurrengo galdera egin behar diogu: zer daukat komunean interpretatuko dudan pertsonaiarekin? Sara eta biok emakume oso irribarretsuak, alaiak, burugogorrak eta borrokalariak garela konturatu nintzen. Eta gure ametsak egia bihurtzen saiatzeaz gain, gure ideiak eta pentsamenduak ere defenditzen ditugula. Hortaz, Sara pertsonaiaren sorkuntza abiapuntu horretatik hartu nuen eta interpretazioaren prozesua oso polita izan zen.
Erlijioa, transexualitatea, homosexualitatea, minbizia… lantzen dira telesail ezagunean. Balioetan entretenitzeko aukera eskaini dezake fikzioak? Bai, erabat. Gaur egungo gai etiko eta moralei buruz gaztetxoei hitz egitea ezinbestekoa da eurengan eragina izateko, haiek izango baitira mundua eraldatuko duten belaunaldi berriak. Antzerkia, zinema zein artea orokorrean, gure gizartea eraldatzeko izugarrizko arma politiko eta soziala iruditzen zaizkit.
Goazen-era iristeko castinga egin behar izan zenuen. Zelako maitasun-gorroto harremana duzu castingekin? Nire lehenengo castingak egiten hasi nintzenean, desilusio handiak hartu nituen eta frustrazioei aurre egin behar izan nien. Uste dut orokorrean, aktoreok gure lehenengo castingak egiten hasten garenean eta ez gaituztenean aukeratzen, aktore onak ez garela pentsatzen dugula. Denborarekin, casting bat zure lana epaitzeko judizioa ez dela eta gehienetan profil zehatz baten bila daudela konturatzen zara. Horregatik, aktoreontzat castingak lan-elkarrizketa baten moduan ikustea onuragarria dela uste dut. Nik behintzat orain horrela ikusten dut nire harremana castingekin!
Solasaldiaren hasieran aipatu duzun galdakoztar batekin oso eskertuta zaudela kontatu digu txoritxo batek… Bai! (irribarretsu) Dantzertin pedagogia irakasgaia eman genuenean, konturatu nintzen irakaskuntza asko gustatzen zaidala. Nire amets bat pedagogiarekin eta antzerkiarekin lotura handia duen lan bat izatea da eta Nerea Larrazabaleri esker nire ametsa egia bihurtu da. Eguzkibegi Ikastolan antzerki irakasle izateko aukera eman dit eta bide eder honetan irakasle izaten ikasten ari naiz, garrantzia handia ematen diogulako pedagogiari Nereak berak sortutako Kreatiba Antzerki Eskolan. Oso eskertuta nago berarekin, bihotz oneko pertsona izateaz gain, irakasle eta aktore bikaina da! •