«Antropozenoa, gizakion itzala Lurrean!», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2023ko apirila
Guk, geologook, Lurraren historia aztertzeko egutegi berezi bat darabilgu, eta hor, tarte desberdinak izendatzen ditugu. Handienetik txikienera: erak, aldiak, epokak eta estaiak. Egutegi horren arabera, gaur egun Holozenoan gaude, Kuaternarioko azken epokan, hau da, orain 11.700 bat urte hasitakoan. Baina, zein da arazoa?
‘Nature’ aldizkari zientifikoak dioenez, 2020an, gizakiok sortutako bizigai guztien masak, zaborrak gehitu barik, izaki bizidunen biomasak baino pisu handiagoa izan omen zuen, historian lehen aldiz. Hori dela eta, zientzialari batzuek diote epoka geologiko berri batean sartu garela, Antropozenoan, eta gizakiok Lurrean dugun eragin itzalgarriak markatuko omen luke horren hasiera.
Antropozenoaren ezaugarri nagusiak hiru dira: lehen Industria Iraultzaren ondoren garatutako aurrerapen teknologiko azkarra, giza populazioaren hazkunde esponentziala elikaduran, osasunean eta higienean egindako hobekuntzei esker eta ekoizpenaren eta kontsumoaren biderketa izugarria.
Masa antropogenikoaren ugaritze horrek, zalantza barik, biomasari ez dio onik egite, planetan ondorio kaltegarriak eragiten ditu, eta atmosferan gero eta berotegi efektuko gas gehiago metatzen dira. Beraz, deforestazioa indartuz eta zabalduz doa, eta ondorioz, horrek, bioaniztasunean galera handiak dakartza.
Ez dakit oraindik sasoiz gauden ala beranduegi den, baina arazoa jatorritik konpondu beharko genuke, ekonomia deskarbonizatuz eta energía berriztagarriak eta ez-kutsatzaileak erabiliz, hala nola eguzki, ur edota haizetikoak.
Baliabide naturalak modu arduratsu eta bidezkoan erabiliz, sistema iraunkorragoa lortuko dugu, Antropozenoa gure planetako azken arnasa izan ez dadin.