«Apaltasunez burua makurtu beharra», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2020ko uztaila
Apaltasunez burua makurtu beharra
Gaur egun, gure Lurreko izaki bizidun guztien artean, gizakiok beste bat gehiago baino ez gara; baina, Bizitzaren Historian geu gara, ezbairik gabe, Lurreko ekosistema guztietan aldaketarik handienak eragin ditugunak; eta erasoon eraginez, bizigiroen arteko oreka garbia ere hondatzeko zorian jarri dugu, berton bizi diren beste espezieen iraunkortasuna arriskuan jartzeraino.
Eboluzioan zehar gure espezieak lortu dituen gaitasunak apartak izan dira eta bereiztu egiten gaituzte beste espezieetatik. Gorabide horretan, harrotasunez puzturik, beste izaki bizidun guztien gainetik ikusten dugu gure burua. Adibide gisa bi aipamen: azken hamarkadetako aurrerapen teknologikoei loturiko bizimoduaren ondorioz, itsasoak plastikoz bete ditugu eta lehorreko hainbat bazter gai kimiko kaltegarriz kutsatu; edota, energia kontsumo ikaragarriak eraginda aldaketa klimatiko globala eragin dugu.
Den dena geure esku eta geure onerako egiten genuela uste genuen; baina usteak erdia ustel. Harrotasunez beterik geunden unean, gauetik goizera, izaki ñimiño bat agertu zaizu isil-isilik: mikrobirus bat. Birusak ez dira ia-ia izaki bizidunak ere; izan ere, izaki bizidunek hiru zeregin betetzen dituzte gutxienik: elikatu, ugaldu, eta ingurunearekin harremanak landu. Baina birusek ugaltzeko gaitasuna baino ez dute. Hala ere, mikrobirus horrek mundu osoa hankaz gora jarri du, eta zer egin ez dakigula utzi gaitu. Ez gara munduko jaun ta jabe. «Mikrobitxo» horrek gure harrokeriak ezerezera bota ditu.
Ataka lazgarri honetatik ateratzeko txertoren bat aurkitu beharko dugu lehen -bait-lehen; baina txertorik eraginkorrena, gure bizingurua zaintzea eta apaltasunez jokatzea da. Ea burua makurtzen ikasten dugun.