Aperribai ehuntzen duen elkartasuna
Aperribaiko sarea
BINKE / 2021eko abendua
Aperribai ehuntzen duen elkartasuna
TESTUA: Leire Regadas Callejo
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
Bi urte baino gehiago daramatzate Aperribain ikastetxea izandako eraikin huts bati bizitza ematen. Elkarte desberdinetako kideen eta auzokideen topaketarako gune neuralgiko bilakatu da; elkarlaguntzarako eta elkartasunerako bidea zabaltzen duena, ideia berriak hauspotzeko eta eguneroko arazoetarako konponbideak bilatzeko plaza dena. Hainbat tailer eta proiekturi bide eman diete azkenaldian.
Hiru solairuko Eperlandako ikastetxe izandako eraikin handi baten barruan dozenaka auzotarren bizitza eraldatzeko hazia landatu zenetik, proiektuak ez du etenik. Sarea taldea da bertan egin daitekeen guztiari bultzada ematen diona, ideia berriak jasotzen eta horiek aurrera eramateko erraztasunak bilatzen dituena. Elkarte desberdinek osatzen dute Sarea; auzokideen taldeak, Basandere emakume taldeak, Ikasbai eskolako gurasoen elkarteak eta Topaguneak, Ludotekak eta Gizarte Zerbitzuek. Partaideek diotenez, «Aperribain elkarlaguntzarako joera egon da beti, komunitate izaera hori ez da inoiz galdu, horren isla da Sarea».
Pandemiaren eraginez, auzotarren beharrizanak asetzeko premia biderkatu egin zela konturatu ziren. Mugikortasuna mugatuta zegoenean hartu zuen indarra elkarlaguntza sareak. Adibideen zerrenda amaiezina da; Galdakaoko Elikagaien Bankura kotxez joan-etorriak egiteko, medikuarenera joateko edo erosketak egiteko laguntza emateko, konpainia egiteko, sukaldatzeko edota etxean apurtu den zerbait konpontzeko. Aukerak handitu zituzten sarean partaidetza hedatu zen heinean. Edozein ezustekoren aurrean, berdintasunean oinarritutako lagunen babesa izango dute horrela.
Era honetan hasi ziren auzokideak auzi amankomunei irtenbide komunak bilatzen; ikastetxe zaharrean topaketarako gunea dute. «Batarekin eta bestearekin hitz egiten duzunean, konturatzen zara zuk dituzun kezkak eta beharrak besteek ere konpartitzen dituztela», hausnartzen du Maria Eugenia Bustillo sareko kideak. Beharrizanak plazaratzen dituzte eta denen artean irtenbideak bilatzen dituzte. Beraiek baieztatzen duten bezala, «era naturalean» ematen den prozesua da, asanblada batetik nahitaez eskaerak edo proposamenak egin behar izan gabe.
Mugikortasuna, erronka. Mugikortasunak Aperribain «arazo bat» suposatu dezakeela azpimarratu du Susana Viteri kideak. «Pixkanaka hobetzen» doala azaldu du, Udalak berriki ezarri dituen igogailuak kasu. Hala ere, auzoko orografia aldapatsuak adineko pertsona asko lekualdatzera behartu ditu, eta Aperribaira iristen den jende berria «aldi baterako» datorrela dio. Horregatik, elkartea lanean ari da edozein pertsona auzokoa dela sentiarazteko, sare bat duela erakusteko. Alegia, auzoan errotzea da helburua, nahiz eta aldi baterako izan; «auzoaren dinamikan sartzea», Viteriren hitzetan.
Siham Yahyaoui Marokotik dator eta hilabete eskas darama auzoan. Bere iritziaz galdetuta «gustora» dagoela dio, baina auzoa «zerbitzuetatik urrun» dagoela uste du. Fotokopiak egiteko, esaterako, Galdakaora joan behar duela azaldu du. Egoera horrek arduratzen du, batez ere diru aldetik «gastu bat» dakarkiolako.
Bestelako adibideak jarri dituzte sareko kideek; supermerkatua, liburutegia eta ordenagailuak, ESANen bulegoa edota Elikagaien Bankua Galdakaon daude. Batzuetan autobusak ez du arazoa konpontzen. Izan ere, auzoak dituen aldapak kontuan hartuta, «oso zaila» egiten zaie erosketak edota Elikagaien Bankutik bueltatzea poltsak beterik eta aldapan gora aritzea. Adingabekoak bakarrik joan ezin daitezkeela ere azpimarratu dute.
Kezka komunei aurre egiteko bidean Galdakaoko Udalarekin harremanetan dira Aperribaiko auzokideak, zenbait eskakizun plazaratzeko eta irtenbide posibleak aurkitzeko. «Erdibideko alternatibak» bilatzen ari dira, auzokideen arabera. «Zerbitzu eta eskolaz kanpoko jarduera guztiak Galdakaon daude gaur gaurkoz; gustatuko litzaiguke egunen batean hona lekualdatzeko aukera izatea, ikastetxe izandako eraikin honetan horretarako tokia badago», adierazi du Maite Viterik. Esaterako, Zainduz, mendekotasuna duten adinekoen familia zaintzaileei laguntzeko programa bi asterik behin Aperribain eskaintzen da. Bien bitartean, auzokideen artean antolatzen dira joan-etorriak egiteko.
Armairu solidarioa. Asteazkenero zabaltzen da armairu solidarioa Eperlandako eskola zaharrean. Ikasbai eskolako gurasoen elkartearen eskari baten harira sortutako ekinbidea da. «Itxialdiaren ondoren, umeek arropa berria behar zuten, eguraldiarekin bat egiteko eta hazi ziren zentimetroek txiki utzi zutelako zituzten kamiseta eta prakak», dio Idoia Urkiaga AMPAko kideak.
Ikastetxe zaharreko gela handi bat esekitokiz eta apalez bete eta gero, arropa, zapatak eta bestelako lehentasunezko objektuek tokia hartu zuten. «Nahi duzuna utzi eta nahi duzuna eraman dezakezu», horixe da armairu solidarioaren funtzionamendua eta leloa. Arropa elkar trukatzeko espazio hutsa izateaz harago, auzokideak batzeko aitzakia da. Egunetik egunera, ezezagunak ezagun bihurtzen dira eta harremanak sendotuz doaz, sarea indartsuago eginez. «Harreman oso interesgarriak sortzen ari dira», baieztatu du Urkiagak.
Ekimen honen xedea arropari bigarren bizitza bat ematea da, azaldu dutenez. «Duela urte batzuk ohitura zegoen arropa lagunen artean trukatzeko edo oparitzeko, hori berreskuratu nahi izan dugu», dio Susana Viterik. Berrerabiltzearen logika berreskuratu nahi dute beraz, azaltzen dutenez, auzokideen arteko konfiantza lantzeaz gain, ingurumena zaintzen delako.
Armairu solidariotik irteterakoan, jostailuz beteriko pasabidea dago. «Honek logika berbera jarraitzen du, zerbait hartu eta zerbait utzi dezakezu, edota aldi baterako eraman, etortzen zarenerako erabili…», dio Viterik. Gabonen testuinguruan «ohikoa dena baino apalago» dagoela kontatu dute sareko kideek, baina eskaintza zabala dago: liburuak, mozorroak, mahai-jokoak, ikasteko jokoak, trizikloak…
Elkartrukea, harremanetarako sugarra. Auzoko elkarteek eratzen duten sarean zaurgarritasun egoeran dauden familiek eta pertsonek «protagonismo berezia» dutela nabarmendu dute kideek. Galdakaoko Udalak bideratuta, Gizarte Zerbitzuen langile batek informazio eta orientazio zerbitzuak eskaintzen ditu asteazkenero, armairu solidarioa irekitzen den egun berberan. Leyre Touzon da gizarte langilea eta azaldu duenez, «batez ere burokraziaren gaineko galderen erantzun bila» jotzen dute berarengana.
Armairu solidarioak eta informazio zerbitzuak bat egiten dute denboran eta espazioan; ez dira bi gauza desberdin. Touzon han-hemenka ibiltzen da, armairuan ordena egotea bermatzen du eta bitartean, sartzen eta irtetzen direnekin dago harremanetan etengabe. Era informal batean eskatzen diote aholkua: «Nola egin behar da ikastetxerako matrikula?»; «Haurtzaindegiaren kuotak zeintzuk dira?»; «Nola egin dezaket eskaera Elikagaien Bankuan parte hartzeko?»; etab, eta hurrengo egunean informazioa konpartitzen die, baita prozesurako laguntza ere, behar izango balute.
«Gaur nire azken eguna izango da zuekin arratsaldeak igaro ahal ditudala, datorren astean ikasten hasiko bainaiz!», dio Siham Yahyaouik. Hogei urteko neskak Galdakaoko Ostalaritza Eskolan plaza izatea lortu du Sareak emandako argibideak jarraituta. Bere ametsa betetze bidean da: sukaldari izatea. Klaseak arratsaldez izango dituenez, ezin izango da Sarean bildu. Sentimendu «gazi-gozoarekin» etorri da, berak egindako pastel handi batekin eskuan. Mahaiaren bueltan jesarri dira, umeak korrika eta jolasean dabiltza. Tiramisuz eta nataz osaturiko tarta dastatzen duten bitartean, hitz egiten eta barrezka igaro dute arratsaldea.
Basandere, emakumeen ahotsa. Basandere emakume taldeak ere osatzen du Sarea. Bertan biltzen dira beste hainbat ekimen eta proiektuetan dabiltzatenak, baina helburu zehatz batekin: emakumeen arazoak eta kezkak erdigunean jartzea. «Emakume bat ere ez dadila bakarrik sentitu», horixe da Basandereren xede nagusia, Maria Eugenia Bustillo kideak laburbildu duenez.
Sareak eskaintzen dituen harremanetarako espazioen bitartez, «konfiantzazko sareak» sortzen direla azaldu dute, bakoitzaren beharrizanak elkarbanatzeko. Basandere taldea belaunaldi desberdinetako emakumeek osatzen dute eta horrek «ikasteko aukera handiak» sortzen dituela adierazi du. «Espazio honek harremanetan sakontzeko aukera ematen digu», dio Bustillok, «ondorioz, zenbait gairi buruz hitz egiteko aukera zabaltzen zaigu; indarkeria matxistari nola aurre egin, esaterako».
Ildo horretatik, eta gimnasio bezala hornitu duten gela baliatuta, Kenpo Euskadiko kideen eskutik autodefentsa feministarako tailerrak eskaini dituzte urteko azken asteetan. «Emakumeak ahalduntzeko tailer bat izango da, fisikoa baino, psikologikoa izango da», azaldu du Susana Viterik. Aperribai «herriko zentrotik urrun» dagoen arren eta «jende asko bizi den eremu bat» ez den arren, Viterik dio «seguru» sentitzen direla auzoan. Azaldu duenez, guztion artean elkar ezagutzen direnez eta «harreman sendoak» dituztenez, «segurtasun sentsazioa» dute.
Berrelikatzen den gurpila. Aperribaiko elkartasun sarean auzoan aktiboki lan egin duten eragileek hartzen dute parte, baina ez horiek bakarrik. Pixkanaka, sarea handitzen doa eta adin tarte guztiei zabalik dagoen arren, «gazteenak erakartzea» da orain duten erronka. «Ez da batere zaila izango», argi mintzatzen da Viteri. Sareko kideek behin baino gehiagotan azpimarratu dutenez, Eperlandako ikastetxe zaharrean «lokalak eta gelak egon badaude, orain horiek erabili behar ditugu».
Epe laburrean, geletako bat ikasketa gela bihurtu nahi dute. Horretarako, baina, ordenagailuak behar dituztela adierazi dute. Ideia da bertan ikasleek beraien txokoa izan dezaten, etxerako lanak egiteko soilik ez; baizik eta Sareak duen ildo beretik, harremanak sakontzeko eta proiektu desberdinak sortzeko aukera emateko. «Jende gaztea biltzen hasten denean, ziur naiz proposamen ugari izango dituztela», baieztatu du Viterik. Orduan, Sareak proposamen horietarako zer behar den aztertu eta elkarlanean sortuko dituzte tailer eta proiektu berriak.
Horrela sortu dira egunero Sareak eskaintzen dituenak; pilates klasea, irakurketa tailerra, arrakala digitala murrizteko tailerra, egurra lantzeko tailerra, eskulanak… «Adibideak besterik ez dira, ideia berriak ongi etorriak dira beti eta esan bezala, oraindik toki asko dugu eskola zaharrean», dio Bustillok. Komunitateak berak antolatutako ekimenen bidez, subjektu aktibo bihurtzen dira auzokideak. Auzoan egon daitezkeen problematikei irtenbidea ematen diete batera, babesgunea den Sarearen aterkipean.