Arantza Gallastegi: «VAR sistemarekin futbola bidezkoagoa egiten da»
Arantza Gallastegi, futboleko arbitroa
BINKE / 2019ko azaroa
«VAR sistemarekin futbola bidezkoagoa egiten da»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Besteak errazegi epaitzen ditugu bizitzan, horren beharrik izan barik ere. Baina, batzuentzat, aurrean duena epaitzea beharra da. Lana. Epaileak dira horrek. Ordea, justiziako epaileez gain, badira arin —edo erraz?— epaitzen ditugun beste epaile batzuk: kirol-epaileak. Horietariko batekin batu gara gu, futboleko arbitro batekin. Eta ez edozelango arbitroarekin, historia egin duen batekin baizik.
Zelan deitu behar zaitut: Arantza Gallastegi ala Gallastegi Perez? Galdera ona… Ni Arantza Gallastegi Perez naiz, baina epailearen arropa jartzean Gallastegi Perez. Aspaldi epaileei lehen abizenez soilik ezagutzen zitzaien, baina partidu baten ostean prentsan «Francok hanka sartu du» agertu zen titularretan, epaile bati erreferentzia eginez. Momentu horretan konturatu ziren abizen bakarra jartzeak arazoak ekar zitzakeela eta beraz, epaileei bi abizenez deitzen hasi ziren.
Izan duzu inoiz azken jokaldira korrika ez iristearen beldurrik? Jokaldira ez iristearen beldurrik ez… erabakian ez asmatzearena, ordea, bai. Egia da iritsiz gero aukera gehiago dituzula asmatzeko, baina ez asmatzearen beldurrak hor jarraitzen du. Azken jokaldira heltzeko fisikoki ondo egoteak asko laguntzen du, baina asmatzeko… zoria ere beharrezkoa.
Kirol-epaile batek ezaugarri asko izan behar baditu ere, korrika batetik bestera etengabe aritzea da bat! Bai, horretarako asko entrenatu behar izaten dugu korrika egiten. Nire kasuan astero bi edo entrenamendu egiten ditut, non erresistentzia, indarra, abiadura eta froga zehatzak lantzen ditudan. Gero, nire kabuz beste entrenamendu edo jarduera batzuk egiten ditut, oreka eta indarra lantzeko. Baina beste faktore batzuk ere zaindu behar ditugu, elikadura adibidez.
Baina zelan entrenatzen duzue? Bakarrik? Taldean? Nire kasuan beste epaile batzuekin entrenatzen dut, epaile batzuk elkartu eta entrenatzera batera joanda. Eta gero entrenamenduak entrenatzaile batek prestatzen dizkigu.
Gizonezkoen Lehen Mailako arbitro internazionalekin ari zara. Zelako esperientzia da hori? Bai! (irribarretsu) Nire entrenamendu taldean maila desberdinetako epaileak gaude, haien artean gizonezkoen Lehen Mailakoak eta internazionalak ere. Oso harreman ona daukagu, azkenean beti beraien partiduak ikusten ditugu eta gero beraiekin entrenatzen dugu… Zuretzat eredu izan daitekeenarekin bizipenak izateak asko laguntzen digu eta, egia esanda, oso pozik nago eurekin!
Zu zeu lehenengo epaile ari zara, baina bertara iristeko zer egin behar da? Denak hasi ohi gara berdin… Ikastaroan izena ematen duzu eta gero hainbat saio teoriko egiten dituzu, non beste epaile batzuek joko arauak azaltzen dizkizuten. Tartean hainbat azterketa egin behar dituzu eta gaindituz gero eskola kiroleko partiduetan hasi eta pixkanaka mailaz igotzen zoaz froga fisikoak eta azterketak gainditzen zoazen heinean… Orain nagoen lekura iritsi arte!
Lehen entrenatzeaz aritu garela, entrenamendu fisikoak baino ez dituzue egiten? Fisikoki ondo egotea oso garrantzitsua da jokaldiak ondo ikusteko, baina gure prestakuntza ez da fisikoa bakarrik. Jokoaren arauak oso ondo menperatu behar ditugu, azken finean, zelaian gaudenean erabakiak segundo bakarrean hartu behar ditugulako. Arauak ikasten ibiltzeaz gain, epaitu beharko ditugun taldeen bideo asko ere ikusten ditugu, euren jokatzeko modua ezagutzeko.
Uf, eta teorian sartzean hortxe dator arazoa, ezta? Non dago arauaren eta ikusi duzunaren arteko muga… Bai…Oso zaila da momentu zehatzean «argazkia» egitea hartu beharreko erabakia egokia izateko. Batzuetan jokalarien intentzioak zeintzuk diren kontuan izan behar dira eta hori jakitea oso zaila da. Beste batzuetan, erabaki bat hartzean eta jokalarien erantzuna ikusiz gero pentsatzen dut, «Erratu naiz? Beste zerbait ikusi dut?», baina hori da epaile baten zeregina… Ikusten ditugun gauzak epaitu behar ditugu eta erratzeko aukera ere badaukagu, noski.
Zuk erabiltzen al duzu VAR famatua? Ez naiz VAR gela batera inoiz sartu. Emakumezkoen txapelketan oraindik ez daukagu VAR sistema. Hemendik urte batzuetara… nork daki!
Lagundu ala epailearen erabakia gehiago korapilatzen du? Argi dago VAR sistemak laguntzen duela. Ekintza zuzenean ikustea eta erabakia ondo hartzea oso zaila da, horregatik VAR sistemarekin futbola bidezkoagoa egiten da.
Zerk eragiten du presio handiagoa, jokalariek aldarrikatzen dizutena ala harmailetatik entzuten dena? Nire kasuan ez ditut harmailetan dauden pertsonen komentarioak entzuten. Partidu barruan ez dauden pertsonak niretzat ez dira garrantzitsuak, hau da, ez dute partiduaren esentzia hainbeste sentitzen. Ez daude zelaian ehun eta pikuko pultsazioekin, «lasai» daude. Horregatik, nigan eragin handiagoa dute zelai barruan dauden pertsonek.
Baina inoiz izan al du eraginik kanpotik entzundakoak zure erabakiren batean? Uste dut ezetz… Gauza horietarako oso burugogorra naiz, baina egia da harmailetatik zarata asko entzuten dudanean nire portaera ona edo txarra izan den pentsatzen dudala. Baina erabakiak ez ditut aldatzen.
Kanpotik entzuteaz ari garela… Zer da arbitro emakumea izateagatik entzun duzun astakeriarik handiena? Zorionez, ez dut inoiz limitetik kanpo dagoen astakeriarik entzun. Futbol zelai batera heltzean zaleen harridura entzuten dut bereziki: «Begira, neska bat!». Esaldi oso ohikoa da. baina emakumeen presentzia asko areagotu da, eta horrelakoak gero eta gutxiago entzuten ditut. Ordea, astakeriez ari garela, egia da nire kideek ez dutela nire zori on bera izan…
Azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Ahozko indarkeriaz gutxi hitz egiten da… Bai, tira, egia da indarkeriaren kontzeptuak alderdi asko hartzen dituela eta garrantzia handiagoa ematen zaiona indarkeria fisikoari. Nire ustez indarkeria guztiak, bai fisikoak zein psikologikoak, salatu beharko lirateke. Hitzek minik egiten ez dutela pentsatzen dute askok, eta horrelakoak kirol munduan asko ikusten dira, ez bakarrik futbolean eta ez bakarrik epaileen aurka. Harmailetan dauden pertsonek uste dute zelaian gaudenak gauzak txarto apropos egitea gustuko dugula, eta hori ez da horrela…
Zure integritatea arriskuan ikusi duzu noizbait? Ez, zorionez. Gainera, partidu guztietan etxeko taldeko pertsona bat —zelaiko ordezkaria— epailearekin egon behar da, eta bere funtzioen artean epailea zaintzearena dago. WhatsApp-eko talde batzuetan noizbait entzun izan ditut deserosoak diren komentario batzuk, baina hori noizbait futboletik eta kiroletik kanpo geratzea espero dut…
Non iraintzen zaituzte gehiago, gizonezkoen ala emakumezkoen futbolean? Partiduaren arabera. Egia da —nik epaitu behar ditudanetan— emakumezkoen partiduek maila altuagoa dutela, eta beraz ekonomikoki jokoan dagoena handiagoa dela. Horregatik tentsio handiagoa nabaritzen da emakumezkoen partidatan. Baina, berez, ezin dut esan batean bestean baino irain gehiago jasotzen ditudanik. Pentsatu daiteke irainak desberdinak izan daitezkeela, baina ez… Behin, emakumezkoen Lehen Mailako partida batean epaile laguntzaile lanetan nenbilela, harmailetatik komunetako ontziak garbitzera bidali gintuen… emakume batek.
Emakumeen Lehenengo Mailan aritzeaz aparte, gizonezkoen Ohorezko Mailan arbitratzen lehenengo emakumea izan zarelako zara albiste. Zelan hartu duzu berria? Oso pozik! (irribarretsu) Kategoria berriak beti gogotsu hartzen ditugu, talde eta jokalari berriak ezagutzen ditugulako eta hori delako hobetzeko dagoen modua. Albistearen harira, ba ez dut gezurrik esango, oso harro nago maila hau pitatzen lehen emakumea izateaz! Niretzat hobetzen jarraitzeko modu bat da eta era berean horrek nire kideentzako eredu eta motibazio gisa balio dezake!
Orain beraz, gizon eta emakumeekin ari zara. Asteburuak topera beraz! Bai, asteburuak beteta ditut… baina tira, oso gustura nago egiten dudanarekin. Gizonezkoen partiduak ditudanean Galdakaon nago, beraz, familiarekin eta lagunekin egoteko denbora pixka bat badut. Asteburu horietan bi partidu izaten ditut normalki, bata larunbatean eta bestea igandean. Emakumezkoen Lehen Mailako partiduak ditudanean aldiz, egoera oso desberdina da, Euskal Herritik kanpo joan behar izaten dudalako eta asteburu osoa etxetik kanpo igaro.
Badago harrobi nahikorik emakume arbitroen artean? Gero eta gehiago daude, bai, ni hasi nintzenetik gaur egunera arte emakume arbitroen kopurua asko hazi da. Emakumezkoen kirolari, orokorrean, ikusgarritasuna ematen ari zaio eta horrek eragin handia dauka epaileetan ere. Hori da bidea!
Zu zeu futbolean hasi zinen lehenago ala zuzenean arbitro izateko jaio zara? Zazpi urterekin hasi nintzen gurasoei futbolean jokatu gura nuela esaten, ikastetxean eta herriko plazetan hasi nintzen… eta modu ofizialean futbol zelai honetan —Elexaldekoan— hasi nintzen jokatzen, Lanbiderekin!
Eta orain baduzu kontakturik baloiarekin? Ez… Batzutan, udan, lagunekin partiduren bat jolastera joaten naiz, baina orokorrean ez. Futboleko partidu bat jokatzen dudanean lesionatzeko aukera gehiago ditut…
Emakume futbolariak greba orokorra egiten ari dira. Zuen egoera ere antzekoa da? Epaileak ez gaude egoera berean, bi elkarte edo komite desberdin dira epaileena eta futbolariena. Baina egia esan, ez dakit askorik grebaren inguruan.
Norgehiagoka egun batean, zer egin behar duzu partiduaren aurretik? Baduzu «erritualik»? Ezer berezirik ez dut egiten… (pentsakor) Beno bai! Beti erabiltzen dut kamisetaren koloreko txilibitua! (barreka) Maniatxoa baino ez da!
Gizarteko norgehiagoka honetan: nori aterako zenioke txartel gorria? Beste pertsonak kontzienteki mintzen duen horri aterako nioke txartel gorria. •