ARGAZKIAK | Maxameko langileak Pentsiodunen deialdira batu dira gaur
Ekonomia
BINKE / 2022ko martxoa
Maxameko langileak Pentsiodunen deialdira batu dira gaur, babes zabalarekin
ARGAZKIAK: Aitzol Zamalloa
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
Greba mugagabearen hirugarren astea beteko dute aste honetan Maxameko langileek. Gaur Galdakaoko pentsiodunen asteleheneroko deialdira batu dira, hauekin batera manifestazioa egiteko udaletxetik lantegira, hainbat eragileren babesean.
Gaur, martxoak 7, manifestazioa egin dute Maxameko langileek Galdakaoko Pentsiodunekin batera —hauen asteleheneroko deialdira batuta— udaletxetik Zuhatzuko lantegiraino. Haiekin batera, zortzi hilabetez greban daramatzaten Vulcanizados Zuloaga enpresa bizkaitarreko langileak ere izan dira babesa eskaintzeko; herriko beste hamaika eragile sozial, kultural eta sindikalekin batera.
Kurtzeko plazan elkartu dira 12:00etan eta Maxamen Zuhatzuko lantegiraino egin dute ibilbidea manifestatzaileek. Bertara, 12:30 aldera heldu dira eta manifestu bana irakurri dute pentsiodunek, langileek, eta hainbat gazte-eragile eta feministak, ehunka herritarren presentziarekin.
«Enplegua defendatzen duen herria, aurrerabidean dagoen herria dela» oihukatu du pentsiodunetako batek, eta eskertuta azaldu da Vulcanizados Zuloagako grebalariekin lanpostuen prekarietateagatik bertan borrokatzen egoteagatik. «Etiopian diotenez, armiarmak ehuntzeko elkartzen direnean, lehoia paralizatu egiten da», eta prekarietatea paralizatzeko irtenbide bakarra hori dela aldarrikatu dute gaurko agerraldian.
Bestalde, Maxameko langileetako batek, 67 langile kanporatu nahi izateak salatu du, eta «beste departamentuekin berdina egin nahi izango dutela» susmatzen dutela aipatu. Egoera honetan, greba mugagabea «alternatiba bakarra» dela ikusten duten arren, Bizkaiko komunikabide printzipalek borroka hau «ezkutatu eta isilarazi» nahi dutela salatu du.
«Gure protesta guztiak baketsuak izan dira, zaratatsuak, baina zuzenak, horixe da gure biolentzia akustiko guztia» diote langileek, eta haien ustez, ez dire hedabide nagusienetan agertzen «ez dutelako poliziarekin gatazkarik izan, ez dutelako errepiderik moztu edota ez dutelako edukiontzirik erre». El Correo eta EiTB komunikabideei zuzendu dira horrela jarraituko dutela aldarrikatuz eta haien ahotsak ez isilaraztearen zain daudela oihukatuz.
Bide batez, bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela gogorarazi nahi izan dute pentsionistek eta «derrigortuta gaudela emakumeen borroka babestera» aldarrikatu dute. «Pankarten atzean dauden pertsonak lanaren alde, pentsioen alde edota bizitza duin baten alde borrokatzen dutenean, gu beti egongo gara haiekin batera», oihukatu dute pentsiodunen ordezkariek gaurko manifestazioaren amaieran, Santa Barbara ermitaren eta lantegiaren artean.
Bukatzeko, zapaturako, martxoaren 12rako, egin dute deialdia. Langileen eskubideen aldeko manifestazioa antolatu dute Kurtzeko plazatik Dinamitarien plazaraino 12:30ean.