ARGAZKIAK | Pedro Asuarena izan daitekeen gorpua desobiratu dute Jakan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Galdakaoko Udala
Abenduaren 10ean Jakako Udalarekin hasitako lana amaitzen ari dira Pedro Asua fusilatuaren senideak eta Galdakaoko Udala: galdakoztarrarenak izan daitezkeen gorpuzkien exhumazioa egiten aritu dira eguenetik domekara bitarte, Asua galdakoztarra Galdakaon lurperatu ahal izateko. Han izan dira, besteak beste, Galdakaoko alkatea eta Josu Larrea Asuaren iloba. Lanak sei argazkitan batu ditu Binkek ondoko albistean.
Eguenetik domekara bitarte Jakan eman dituzte lau egun Pedro Asuaren iloba txikia den Josu Larrea galdakoztarrarekin batera Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Aitziber Laskibar Udaleko prentsa arduradunak eta Udalak kontratatutako Ander Aperribai historialariak. Helburua argia zen: iazko abenduaren 10ean Jakako Udalarekin hasitako kudeaketarekin jarraitu eta Pedro Asua 1938an fusilatu zuten galdakoztarraren gorpuzkiak desobiratzea.
Exhumazioa Aranzadi Zientzia Elkarteak egin du, eta Jakatik bueltan «Pedro Asuaren gorpuzkiak aurkitu direla esateko zantzu argiak» dituztela iragarri du Udalak. «Hala adierazten dute orain arte egindako azterketa guztiek», azpimarratu dute Udaletik. Aranzadik egingo duen DNA frogaren emaitzen zain geratu dira familia eta Udala, 1938an Jakan fusilatu zuten 21 urteko gaztearen gorpuzkiak Galdakaora ekarri ahal izateko.
Josu Larrea senideak berak egindako ikerketek, Jakako Circulo Republicanoko hainbat kideren lanek, Jakako lurperatzaile izandakoen datu bilketek eta Galdakako Udalaren izenean Ander Aperribai historialariak egindako lanek ondorioztatu zuten Asua Jakako hilerriko hobi komun batean lurperatuta zegoela. Horregatik abenduaren 10ean Jakara bidaia egin zuten hango alkatearekin batzeko, Juan Manuel Ramonekin; alkateak desobiratzea egiteko baimena eman zuen, ostean Aragoiko Gobernuarena ere lortu zuen eta horren emaitza izan da orain egin duten bidaia. Orain bai, Lourdes Herrastiren zuzendaritzapean Aranzadi Zientzia Elkarteak desobiratzea egin du.
Desobiratze hori ez zuten Aranzadikoek bakarrik egin senide, alkate eta historialari galdakoztarrekin batera. Hala azaldu du ohar bidez Udalak: «Juan Manuel Ramon Jakako alkatea aurkikuntza ikustera joan da eta Laura Climente zinegotziak aktiboki parte hartu du egunero lanetan. Gogora Institutuak ere bidali du ordezkaritza: Ruth Cancelo bertaratu da. Gainera, Jakako Circulo Republicanoko hainbat kide etengabe egon dira lanetan laguntzen eta informazioa ematen».
Gorpuzkinak orain Jakan dituzte ondo gordeta, eta lagin bat ekarri du Aranzadik, Pedro Asuaren senitarteko gertuenaren DNArekin alderatzeko, Begoña Larrearenarekin —Asuaren iloba—. Frogek bat egiten badute edo ez badute kontrakorik adierazten, Galdakaoko hilerrira ekarriko dute Pedro Asua galdakoztarraren gorpua.
Gorpua fusilatutakoaren jaioterrian lurperatzearekin «zirkulua poetikoki itxiko litzatekeela» dio Josu Larreak, eta posible balitz gune bereiztu batean egin gurako luke lurperatze hori senideak, Asuaren familiarenak baitziren orain Elexaldeko hilerria denaren lurrak.
Abenduaren 10eko bidaia Binkek ere egin zuen, eta ondoko erreportajean batu zuen hedabide honek bidaia hark emandakoa: