Aritza Landaluze: «Musikarik gabe bizitzak ez luke zentzurik izango»
Aritza Landaluze, Kaiola Festibala
BINKE / 2024ko maiatza
«Sentsazio berriak bizitzeko aukera ezinhobea da Kaiola Festibala»
· Aritza Landaluze Perez
1975, Galdakao
Gandasegi eskolan hasi eta Zulaibar ikastetxean amaitu zituen ikasketak. Futbolean aritu zen gaztetan eta 2B Mailan jokatzea lortu zuen, lesio batek uztera behartu zuen arte. Ordutik musika munduan murgilduta egon da eta duela zortzi urte antolatu zuen lehen aldiz Kaiola Festibala, honezkero Galdakaon eta herritik kanpo erreferente bihurtu den jaialdia.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Ekainaren 1ean berriz antolatuko da Galdakaon honezkero herrian eta gure mugetatik kanpo erreferente bihurtu den Kaiola Festibala. Duela zortzi urte jarri zen martxan eta ordutik zortzi edizio antolatu dira aurtengoarekin, guztiek musika esperimentala izan dutela ardatz nagusi. Asko dira jaialdi honi esker Torrezabal Kultur Etxean entzun ahal izan diren nazioarteko artistak eta honen atzetik dagoen lan handiaz aritzean, ezinbestekoa da izen bat aipatzea: Aritza Landaluze. Galdakoztar hau da festibalaren antolatzaile nagusia eta jaialdiaren arima mantentzearen arduraduna. Bere lana gehiago ezagutzeko helburuz, berarekin hitz egin du BINKEk.
Dena prest aurtengo Kaiola Festibalerako? Bai, printzipioz dena prest dugu. Musikari guztiak festibalaren bezperan heltzen dira eta bi egunez daude gurekin gutxienez. Intentsoa izaten da baina aldi berean ederra. Pertsona bat mirestetik ezagutzera igarotzen dugu, berarekin lan egiten dugu…. Sentsazio polita izaten da. Musikari guztiek normalean hiri handietan jotzen dute eta hona etortzea beraientzat ezberdina da: herria, hotel txiki bat, ohituraz betea… Guzti hori intimitate bilakatzen da eta asko eskertu ohi dute. Asko baloratzen dute Kaiola bezalako festibal bat, kontzeptu ezberdin bat delako.
Zer da publikoak entzungo duena edizio honetan? Beti bezala, artistikoki gure bidea jarraitzen dugu, soinu garaikideak uztartzen dituzten eta esperimental munduan murgiltzen diren artistekin lan egiten dugu. Jendeak badaki Kaiolan zerbait ezberdina ikusiko duela. Ez dago kontzertu edo abesti espezifiko ezta prebisiorik. Publikoari zerbait ezberdina, lasaia, iluna, abstraktoa, zaratatsua batzutan eta momentuan eraikia eskaintzen zaio. Kaiolan gertatuko dena bakarra da. Proiektu berriak eta kolaborazioak egon daitezke edo ez. Azkenean horrekin dagoen jolasa eta esan dudan misterioa ere eskertzen du jendeak.
Torrezabaleko areto nagusi berrian arituko dira artistak. Berrikuntzak ikusteko gogoekin? Bai, kuriositatea daukat ikusteko nola geratu den butaka berriekin eta batez ere akustika eta soinuarekin. Aretoak kriston akustika du eta dena oso garbi entzuten da. Gure proposamenerako jendea jesarrita egotea ondo dago, musikariek isiltasuna, errespetua eta atentzioa eskatu eta eskertzen dutelako. Egia esan eskertuko genuke jendea mugikorrekin ez egotea, azkenean nire ustez hobe da beraien munduan guztiz murgiltzea. Aretoa butaka barik egon denean ere, talde potenteak egon dira Kaiolan eta orain hori galdu bada ere, guretzat ez da arazo bat, gure ideiara moldatzeko aukera izango dugu ere. Helburua jendea gustora egotea da.
Jaialdia 2016an jarri zenuen martxan. Nola sortu zen Galdakaora musika esperiementala ekartzeko ideia? Normaltasun osoz. Kontzertuak leku ezberdinetan antolatu ditut eta ideia bat buruan nuen, proiektu bat egin eta Galdakaoko Udaleko kultura arlora bidali nuen. Urte askotan zehar pentsatu nuen nire herrian zerbait antolatzea ikaragarria izango zela. Kontzertu esperimentalak antolatzen ditut orain dela hogeita bost urte eta hori herrira ekartzea potentea ikusten nuen. Esperimentala? Zergaitik ez, Mikel Laboak musika tradizionala eta esperimentala egiten zuen eta txikitatik gure ispilua izan da. Zerbait ezberdina da, identitate argi bateko gauza bat, proiektua herriarekin guztiz erlazionatzeko helburuarekin. Eskertzen dut apostua, Kaiola geratzeko asmoz dabil.
Asko aldatu da ordutik panorama musikala? Gai zabala eta konplexua da. Jendeak orain berehalakotasuna nahi du, mundu edo bizi azkarrean egotea nahi dute musikaren industrian lan egiten dutenek eta boterean daudenak. Jendeak Spotify eta abesti solteak entzutea nahiago du eta ez diska oso bat. Ni hala ere, diskak erosten dituen horietakoa naiz, jarraitzen dut diskak erosten eta ez dut inoiz biniloak erosteari utzi, izan ere, formato fisikoa izatea maite dut. Militantzia antzeko bat da, berdina liburuekin. Beste batzuengatik jasotakoaren kultura moduko bat da, musika osostasun horretan ulertzen dut. Nostalgikoa bada, nostalgikoa naiz.
Zortzi edizio antolatu dituzu honezkero aurtengoarekin. Zein izan da zuretzat bereziena? Beharbada 2019koa.Giro ikaragarria sortu zen, The Ex talde holandarra eta Peter Bröztzmann free jazz saxujole aintzindaria, Ghedalia Tazartes musikaria eta Chris Corsano baterijole ikaragarria gurekin izan genituelako. Ikusleek ere kriston giroa sortu zuten eta guztion artean xarma berezia egon zen. Berezia izan zen ere Peter Brötzmann eta Ghedalia Tazartes dagoeneko gure artean ez daudelako eta bi pertsona ikaragarri ezagutzeko aukera izan nuelako. Kaiolaren historian jo zutela geratuko da. Ghedaliaren azken kontzertua izan zen. Tristea eta ederra aldi berean.
Kontzertu kuttunak ere izango dituzu gogoan. Zeintzuk? Bai, Akauzazte-rena, Azkoitiko taldeak 2017an eman zuena. 2019an ere kontzertu guztiak ederrak izan ziren, lehen esan bezala, oreka ederra lortu genuen musikari guztien tartean eta jendearen giroarekin. 2021ean Galgo talde asturiarraren kontzertua ederra eta iluna izan zan ere. Halaber, Elle Belga asturiarrak egun berean oso ondo egon ziren eta bukatzeko Anari-rena, ederra. 2022an William Parker eta Hamid Drake jazz munduan bi maisu direnek emandako kriston kontzertua ere aipatzekoa da, ikaragarria!
Galdakaon dagoen eskaintza kulturalaren zati bat da Kaiola. Zelan ikusten duzu orokorrean kulturgintzaren egoera herrian? Ia, argi dago proiektuak eta proposamenak asko direla, baina kulturan inoiz ez da nahikoa esango nuke. Kultura arriskuan dagoen animalia bezalako da, mimo haundiz zaindu beharrekoa, baina askotan espiral antzeko bat sentitzen dut. Gustatuko litzaidake adibidez Juan Diego Botoren ‘Garcia Lorca’ Galdakaon bertan ikustea. Zaila da eskaintza guztiei tarte bat ematea eta komertziala eta ez komertzialaren arteko oreka zaintzea.
Kaiolan musika esperiementala entzun daiteke gehienbat baina, hori da ere zure etxean entzuten duzuna? Bai, nire etxean musika asko dut, ezberdina, baina azkenean guztia gutxi gora behera ildo beretik doa. Horrelako musika entzuten dut, leku askotako musika tradizionala, soinu bandak, free-jazz zahar asko, musika gitarreroa eta zaratzatsua, hip hop-a, musika ambientala eta elektronika. Azkenean nire koktail sonoroa dut. Musika atenporala da, gauza ezberdin asko entzun ditzaket. Mundu infinitoa da…
Zein da Kaiola Festibalean jotzea amestu duzun taldea? John Zorn saxujolari New Yorkarra amets bat baino gehiago izango litzateke. Bere lana duela 32 urte deskubritu nuen eta etxean bere 80 diska edo gehiago ditut. Jazz musika beste dimentsio batera eraman zuen eta hortan jarraitzen du. 70 urte baditu ere oso forma onean dago, tipo arraroa da baina ikaragarria zentzu guztitan.
Askotan ekartzen saiatu zaren baten bat dago? Bat baino gehiago! Bost urte daramatzat bi amerikar gitarjoleen atzetik, eta Kanadiako talde bat eta Japongo musikari ezberdinak ere baditut zerrendan.
Nola hasi zinen musikaren munduan? Ba, txikitatik oporretan gurasoekin kasetak entzuten nituen eta Mikel Laboa goitik behera loop-ean entzuten nuen. Umea nintzela gurasoen lagun batek Itoizen ‘Espaloian’ kaseta oparitu zidan, ikaragarria izan zen. Bestalde, 10 urte edo gutxiago nituela asteburuetan amamaren etxera joaten nintzen eta nire osabak ere diskak jartzen zizkidan. Bera musikari amorratua zen eta bera izan zen musika mota ezberdinetan murgildu ninduenak. Gero nire bilakera eta mundu sonoroa sortzen joan naiz baina oraindik horretan jarraitzen dut. Musikarik gabe bizitzak ez luke zentzurik izango.
Musikaz gain, futbolak ere lekua izan zuen zure bizitzan. Non aritu zinen? Bai, 11 urterekin herriko taldean hasi nintzen jolasten, hemen Galdakaon eta herriko jendearekin. 16 edo 17 urtekin Hirugarren Mailako taldearekin entrenatzen hasi, debuta egin eta partida batzuk jolastu nituen, umea izanda gizon nagusiekin. Ondoren Erandiora jolastera joan nintzen, Hirugarren Mailara. Lau urte egon nintzen bertan eta zoragarria izan zen, jende jatorra ezagutu nuelako. Denboraldi on bat egin ondoren Amurrioren eskaintza on bat jaso nuen 2ºB Mailan jolasteko eta hara joan nintzen. Jon Aspiazu orain Ernesto Valverderen bigarren teknikaria dena entrenatzaile izan nuen. Ostean, Zaragozatik eskaintza bat izan nuen hara joateko, eta horrela futbolari profesionala bihurtu nintzen. Futbolaren aurpegi ezezaguna eta iluna ezagutu eta bizi izan nuen.
Zergatik utzi zenuen? Jolastu nuen azken denboraldiaren erdian entrenatzen biceps femoralean lesionatu nintzen. Frogak egin zizkidaten eta operatzeko aukera eman zidaten jakin gabe ziurtasunez nola geratuko nintzen. Estres potente batean sartu nintzen. Jarraitzeko hainbat eskaintza interesgarri banituen ere, nekatua nengoen futbolaz. Lasaitasuna behar nuen momentu hartan, nire lekuan, denboran eta beste gauzetan murgiltzea.
Zer da errazagoa, futbolaz edo musikaz bizitzea? Gaur egun bietaz bizitzea oso zaila da. Futbolean faktore asko eman behar dira profesional moduan aritzeko edo Lehen Mailara heltzeko. Gorenera ez da beti onena heltzen, burua ondo kokatua izatea fisikoa bezain garrantzitsua da. Baita lesioekin zortea izatea eta gero norbaitek zugan apostua egitea, ere eta gero gerokoak. Musika mainstream-ean aldiz, promotora erraldoiak daude eta helburua garbia da: sarrera asko saltzea, prezio altuetan, izan ere, negozioa da. Euren programetan edo karteletan taldeak errepikatzea berdin zaie. Publikoa festara doa, nork jotzen duen asko axola gabe. Postureo puntua du eta farra egiteko aukera bat da. Galderari erantzunez, zaila da bietan.
Jaialdira, zergatik etorri behar da jendea aurtengo Kaiola Festibalera? Kaiola Festibala bai kanpotik datozenentzat zein galdakaoztarrentzat ere, gau berezia, ezberdina, eta sentsazio berriak bizitzeko aukera ezinhobea da. Giro ederra sortzen da, kontzertu bakarrak inoiz errepikatuko ez direnak ikusteko eta gozatzeko aukera da. Musikari guzti hauek gau batean elkartzea ez da erraza. Sarrera gainera oso merkea da horrelako bost kontzertu ikusteko. Badakizue, anima zaitezte! •