
Aurrekontuan 11 milioi euroko moldaketa egitea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko udalbatzak aurtengo aurrekontuan 11.365.587,11 euroko moldaketa egitea onartu zuen, apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran. Aldaketa honen bitartez aurretik iragarritako hainbat proiektu martxan jartzeko obrak lizitatuko ditu Udalak, besteak beste, emakumeen etxea, Zubiaurretaurreneko igogailua eta haurreskola berria.
Herenegun, apirilak 30, osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta aurtengo aurrekontuaren inguruan aritu ziren alderdiak. Eztabaida sakonaren ondoren, 11.365.587,11 euroko moldaketa egitea onartu zuen udalbatzak, Udal Gobernua osatzen dute alderdien aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin.
Aurtengo aurrekontuaren moldaketa honen bitartez, aurretik iragarritako hainbat proiektu martxan jarriko ditu Udalak eta hauek dira horietako batzuk:
- Emakumeen etxerako 400.000 inbertituko dira aurten proiektuaren obra lizitatzeko.
- Haurreskola egitera 500.000 euro bideratuko dira 2025ean. Metroko obrek Agirre Lehendakariaren plazan zarata handia eragingo dutela eta, bertako haurreskolan dauden umeak lekuz aldatu beharko direla aurreikusten du Udalak. Hori dela eta, Bizkai kalean, Romualda Zuloaga plazatik gertu, eraikin baten behealdea erosi du Udalak eta bertan haurreskola egitea aurreikusita du. Horretarako 500.000 euro inbertituko dira aurten.
- Enplegu planetara 620.000 euro gehiago bideratzea onartu da.
- Auzoetan iragarritako irisgarritasun proiektuak gauzatzeko, Tximelarren hobekuntzak egiteko, Bekeako irisgarritasuna errazteko proiektua esleitzeko eta Zurbiaurretaurreneko igogailua egiteko 1.320.000 euro erabiliko dira.
- Herriko asfaltatuen egoerari buruzko diagnstikoak adierazitako lehentasunei erantzuteko, 600.000 euroko partida jartzea onartu da.
- Iberluzeko aparkalekuaren proiektua esleitzeko, Juan Bautista Uriarteko ur hornidura berritzeko, zabor bilketa pneumatikoaren azken handitzearen zertifikazioa egiteko eta Arantzileko presako beharren proiektua egiteko, 1.120.000 euro erabiliko dira.
- Eskoletan egin beharreko inbertsio eta mantentze lanetarako 720.000 euro bideratuko dira. Lan horien artean aipagarria da Egia eskolaren kanpoaldean aterpea jartzeko egitasmoa.
- Kulturarekin, kirolarekin eta ongizatearekin lotura duten beste zenbait proiektuetarako 50.000 euro inbertituko dira. Zehazki, Bengoetxen pump track pista eraikitzeko; kirolaren bidez aniztasun funtzionala duten pertsonen bizitzak hobetzeari begirako Hazsten programa martxan jartzeko; sedentarismoari aurre egiteko abiatu zen eta oso harrera ona izan duen Altzeu programa indartzeko; Enrike Solinis galdakoztarra eta musikari handia sustatzen ari den Euskal Herriko orkestra barrokoa sortzen laguntzeko; eta besteak beste Berezikoetxen, Bengoetxen eta Txistulandan kale liburutegiak jartzeko.
Usansoloko Udalari dagozkion kontuak ere onartu zituen Galdakaoko udalbatzak saioan, eta baita Prezero enpresak 2025eko martxoan hiri hondakinak batzeko egindako lanei dagokion faktura ordaintzea.