Auzoak herritarrekin elkarlanean hobetzeko proiektua Galdakao osora zabalduko da
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Auzoetako herritarren beharrak aztertu eta proiektuak haiekin elkarlanean sortzeko helburuz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ egitasmoa jarri zuen martxan azaroan. Ekimena herriko bi eremutan abiatu zen eta orain Galdakao osora zabalduko da. Gaur iragarri dute Iñigo Hernando alkateak, Maite Arandia Parte-hartze zinegotziak eta Unai Amezaga Parte-hartze teknikariak, udaletxeko pleno aretoan egindako agerraldian.
Galdakaoko auzoen egoera hobetzen jarraitzeko asmoz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ egitasmoa jarri zuen martxan iazko azaroan. Proiektua bi eremutan abiatu zen: Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai-Zaharra eta Jugu batetik; eta Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta, bestetik.
Hauetan izandako esperientzian abiapuntu hartuta, ‘Auzotik Galdakao’ herri osora zabalduko dela iragarri du gaur Galdakaoko Udalak. Udaletxeko pleno aretoan egindako agerraldian eman dute ezagutzera Iñigo Hernando alkateak, Maite Arandia Parte-hartze zinegotziak eta Unai Amezaga Parte-hartze teknikariak.
Hernandok adierazi duenez, «parte-hartzea gure zutabeetako bat da, baina argi dugu ez dela erraza. Horregatik, pedagogia egin behar da, jendeak ulertu dezan nola funtzionatzen duten mota honetako prozesuek». Alkatearen hitzetan, «Udalak beste jauzi bat eman du herritarren eta Udalaren elkarlanean proiektu honekin», eta «egiteko beste modu bat dagoela» igarri da.
Amezagak azaldu duenez, «proiektu piloto» moduan jarri zen martxan ‘Auzotik Galdakao’ eta hasieran landu ziren bi eremuetan «oso aurreratuta» dago ekimena. Auzokide eta elkarteko kideekin eratutako talde eragileak sortu ziren hasieran eta hauek hainbat bilera egin dituzte honezkero.
Bileren ostean, eremu bakoitzeko diagnostiko parte-hartzailea egitea izan da hurrengo pausoa, eta bi eremu hauetan egiteko hori amaitzen ari direla adierazi du Amezagak. Ostean, diagnostikoan oinarritutako estrategia egingo dute eta amaitzeko, hau aurrera eramateko ekintzak egiteko konpromisoa hartuko du Udalak.
Lau eremu gehiagotan
Hasierako bi eremuetan egindako prozesua Galdakao osora zabalduko da hurrengo hilabeteetan. Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai-Zaharra eta Jugu batetik; eta Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta, 1. eta 2. eremuak ziren; eta beste lau ezarri dituzte proiektuaren baitan:
- 3. eremua: Altamira, Askarri, Gumuzio, Kortederra, Padrola, Artola, Basozabal, Bekea, Bekelarre, Itzaga, Basabe, Belategi, Egia, Elexalde, Errekalde, La Mina, Uraburu, Usargoiti, Olabarri
- 4. eremua: Bengoetxe, Troka, Ergoien, Zuhatzu eta Upomendi
- 5. eremua: Kurtzea, Tximelarre Bekoa eta Zabalgane
- 6. eremua: Berezikoetxe eta Zabalea
Hauetako bakoitzean errepikatuko da lehen bietan egindako prozesua eta eremu bakoitzak bere aurrekontua izango duela nabarmendu du Arandiak. «Bakoitzak biztanle kopuru bat du, ezaugarri batzuk ditu, eta batez ere behar ezberdinak, eta hauetara egokituko gara», azaldu du Parte-hartze zinegotziak.
Martxoan emango da 3., 4., 5., eta 6. eremuetan proiektua abiatzeko lehen pausoa. Zehazki, talde-eragileen bi bilera egingo dira, lehenengoa data hauetan:
- 3. eremua: martxoak 19
- 4. eremua: martxoak 20
- 5. eremua: martxoak 25
- 6. eremua: martxoak 26
Bileren tokia zehazteke dago oraindik eta izena eman behar da hauetan parte hartzeko. Honen inguruan datu gehiago emango ditu Udalak aurrerago, baina izena emateko epea bilerak baino astebete lehenago zabalduko da. Informazio gehiago ezagutu daiteke eta baita proiektuaren jarraipena egin ere erabaki.galdakao.eus webgunean.
Galdakaoko EAJ-PNVk ‘Auzotik Galdakao’ proiektua bere egin du sare sozialetan eta adierazi du «azpiegitura- eta mantentze-beharrak dituzten Galdakaoko auzoetan hobekuntzak eta sakonerako zerbitzuak bultzatuko ditugu plan honen barruan».