Auzoak taldea udal-hauteskundeetara aurkeztuko da bigarrenez
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Artxiboko irudia, Auzoak 2019
Legegintzaldi honen hasieran, 2019ko maiatzean, Galdakaoko Udalean indartsu sartu zen Auzoak plataforma berria lau zinegotzi lortuta; geroztik Udal Gobernuko kide da. Alderdi galdakoztar guztiek alkategaiak aurkeztuta, zalantza zen talde independenteak zer egingo zuen, baina argitu du bere asmoa. Albiste honetan batu dugu, momentuz, taldeak jakitera eman duena.
Galdakaok udalbatzarrean gaur egun dituen talde politiko galdakoztar guztiak maiatzeko udal-hauteskundeetara aurkeztuko dira, baita Auzoak ere. Galdakoztarrak bai, talde usansolotar bakarrak —Usansolo Herria plataformak— ez baitu argitu Galdakaoko Udalerako hauteskundeetara aurkeztuko den —Usansoloko Udala eratzeko hauteskundeak ezin izango dituzte egin aurtengo maiatzean, Espainiako Abokatutzak Usansoloren segregazioari jarritako helegitearen ondorioz—.
Auzoak plataforma da, gaur gaurkoz, alkategairik iragarri ez duen bakarra Galdakaon. Baina bere sareen bidez aurreratu du udal-hauteskundeetara bigarrenez aurkezteko asmoa baduela: «Zer gertatuko da Auzoarekin?» izenburua jarri dion sareetako argitalpenean azaldu du taldeak «2023-2027 legegintzaldiko proiektua lantzen» ari direla «modu parte-hartzaile eta irekian».
Horren aurretik ordea, «2019-2023 ibilbidea aztertu eta taldearen egitura berrikusiko» dutela iragarri du taldeak, ondoren «bizilagunekin batera 2023-2027 proiekturako proposamenak» egiteko. Hirugarren pausoan hautagaien zerrenda bat proposatuko dutela esan dute taldetik, eta bertako kide batek Binkeri aitortu dion moduan, «agian otsailerako» izango dute alkategai izango denaren izena.
Baina oraindik ez dakite ziur, une honetan herritarrekin ari direlako prozesu hori lantzen. Eta sareen bidez jakinarazi duten bezala, prozesu horren inguruan berba egiteko hitzaldiak martitzenero 18:00etatik 20:00etara ari dira antolatzen Auzoak-en egoitzan —Muguru kalea, 8—.
Neurriari eusteko esperantzan
Galdakaoko Udalean ezusteko sartzea izan zuen Auzoak talde berriak, ohiko alderdien artean indar handia hartu zuelarik 2019ko udal-hauteskundeetan. Lau zinegotzi eskuratu zituen orduan, eta giltza izan zen EAJk irabazitako hauteskundeetan EH Bilduk alkatetza lehenengoz eskuratzeko udalerrian. Metroaren eta auzoetako aldarrien harrabotsetik sortu zen Auzoak plataforma, hautesleen 2.728 botorekin.
EH Bilduren eta talde berriaren arteko negoziaketa prozesu luzearen ondorio, alderdi independenteak posizio nabarmena eskuratu zuen Udal Gobernuan —alkateorde liberatuarekin, beste zinegotzi liberatu batekin eta konfiantzazko aholkulariekin, besteak beste— eta geroztik koalizioko gobernuan ari da, Iñigo Hernando alkatea buru dela, EH Bilduren sei zinegotziekin, Usansolo Herriaren birekin eta Podemoseko bakarrarekin.
Legegintzaldia hasi berritan, talde honetako zinegotzi batek Auzoak eta berarekin Udal Gobernua uzteko erabakia hartu zuen 2019ko urrian eta arrazoi publikorik eman gabe —geroztik atxiki gabeko zinegotzi dihardu—. Baina dimisio horrek ez zuen eragotzi Udal Gobernuak aurrera jarraitzea eta Auzoak-ek berak ere aurrera egin zuen, atxiki gabeko zinegotziaren mintzagai gehienak bere plataforma ohiaren kontrakoak badira ere.
Hala ere, Udal Gobernuak bere horretan jarraitu badu ere, Auzoak udal-hauteskundeetara bigarrenez aurkeztuko den edo ez zalantza izan da herrian. Aitzitik, albiste honetan aipatutako argitalpenarekin argitu du plataformak baietz, hauteskundeetara aurkezteko asmoa duela, eta datozen asteetan prozesua abiatu ondoren iragarriko duela nor izango duen alkategai.