Auzoetako planak garatzeko bi esperientzia pilotu martxan jarriko ditu Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Auzo bakoitzaren beharretara hobeto egokitzeko helburuz, hauek garatzeko plan parte-hartzaileak jarriko ditu martxan Galdakaoko Udalak. Auzoetako planak proiektu pilotu batekin hasiko dira herriko bi eremutan, eta, ondoren, udalerri osora hedatuko dira. Albiste honetan batu ditugu proiektuaren xehetasunak.
Auzoen egoera hobetu nahi du Galdakaoko Udalak eta herriko eragileekin elkarlanean egitea adostu zuen. Horretarako, auzoak hainbat jarduera eremutan elkartzea erabaki zuten, horrela, «Udalaren ekintza parte hartzearen arloan auzo bakoitzaren beharretara hobeto egokituz eta lurralde orekari laguntzea bilatuz».
‘Auzoetako Plana’ izenpean, ildo horretan sakonduko duela iragarri du orain Udal Gobernuak. Galdakaoko auzoen inguruan konprometitutako eragileak artikulatu eta inplikatuz, lurraldearen garapenean «funtsezkoak diren eragileen parte hartzean interes berezia» jarriko du. Besteak beste, instituzioak, gizarte eragileak, eragile ekonomikoak eta udalerriko auzokideak batuko ditu.
Proiektua garatzeko, hauek dira emango dituzten pausoak:
- Auzoaren garapenarekin zerikusia duten erakunde eta eragileak identifikatzea eta haiekin harremanetan jartzea.
- Auzo bakoitzaren errealitatearen azterketa egitea.
- Auzoaren orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa prozesuak sortzea.
- Lurraldeko beharrak, erronkak eta elementu estrategikoak identifikatzea, Auzoetako Plana diseinatu eta garatzeko.
- Datozen lau urteetan auzoak garatzeko gizarte eta udal estrategiak eta ekintzak definitzea.
- Lankidetza eta lurralde artikulazioa sustatzea.
- Auzo Kontseiluak abian jartzea, parte hartzeko organo egonkor gisa.
Auzoetako plana bi eremutan hasiko da, bi esperientzia piloturekin. Plana hauetan garatu ostean, udalerri osora hedatuko direla azaldu du Udalak.
Eremuak hautatzeko prozesuak iazko aurrekontu parte hartzaileen talde eragileak landu zuen, eta prozesua publikoa da, erabaki.galdakao.eus plataformaren bitartez.
Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo auzoek osatzen dute lehen eremua. Tximiolarragoikoa, Urtebieta, Zuhatzaurre eta Urreta auzoek aldiz, bigarrena.
Behin eremuak zehaztuta, talde eragile bat sortuko da eremu horietako bakoitzean, auzokideek eta erakundeek osatua. «Interesa duen edonork parte har dezake talde horretan, eta Udaleko Parte hartze eta Gardentasun Arloaren laguntza izango du», adierazi dute Udal Gobernutik.
Ostean, Udaleko ordezkari politiko eta teknikoek eta herritarrek osatuko duten Auzo Kontseiluak egingo du proiektu bakoitzaren jarraipena.
Planen prozesua
Auzoetako planak lau fase hauetan garatuko dira:
- 0 fasea. Prozesuaren definizioa eta diseinua. 2023ko otsaila eta iraila bitartean.
- 1 fasea. Azterketa estrategiko partekatua. Auzoaren diagnostikoa. 2023ko iraila eta azaroa bitartean.
- 2 fasea. Auzoko plana formulatzea. 2023ko abenduaren eta 2024ko apirilaren artean.
- 3 fasea. Auzoko plana ezartzea eta garatzea. 2024ko apiriletik 2027ko apirilera.
Orain 0 fasea deiturikoari ekingo diote, prozesua diseinatzeko, eta horretarako bi eremuetan bina tailer antolatuko dira. Helburu nagusiak prozesua azaltzea eta interesa izan dezaketen pertsona edo kolektiboak identifikatzea da.
Lehen tailerra Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai-Zaharra eta Jugo eremuko proiektua diseinatzeko antolatuko da, Olabarrietako adinekoen lokalean martxoaren 21ean 18:30ean.
Tximiolarragoikoa, Urtebieta, Zugatzaurre eta Urretari dagokiona aldiz, Urreta 2 ikastetxeko areto nagusian izango da martxoaren 28an 18:30ean.
Tailerretan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea eta hiru modutan egin daiteke: Udalaren erabaki.galdakao.eus plataformaren bidez, posta elektronikoz partaidetza@galdakao.net helbidera idatziz eta 688830479 telefonora deituz. Azken bi hauen bitartez egitekotan, izen-abizena, telefonoa eta parte hartu nahi den tailerra adierazi behar da.