Auzotik proiektuaren bilera irekiak antolatuko dira azaroan zehar
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Herriko auzoen garapen integrala eta orekatua bultzatzen duen Auzotik Galdakao proiektua Aperribai eta Urreta eremuetan abiatu zen. Orain herriko gainerako eremuetara zabalduko da ekimena eta bilera irekiak antolatuko ditu Udalak herritarrekin batera azaroan zehar.
Galdakaoko auzoen egoera hobetzen jarraitzeko asmoz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ proiektua jarri zuen martxan iaz. Egitasmoa bi eremutan abiatu zen, Aperribai eta Urreta, eta orain proiektua herri osora zabaltzen doa pixkanaka.
Prozesuan zehaztutako 3, 4, 5 eta 6 eremuetan landuko da orain proiektua eta hauek dira guneak:
- 3. eremua: Altamira, Askarri, Gumuzio, Kortederra, Padrola, Artola, Basozabal, Bekea, Bekelarre, Itzaga, Basabe, Belategi, Egia, Elexalde, Errekalde, La Mina, Uraburu, Usargoiti eta Olabarri
- 4. eremua: Bengoetxe, Troka, Ergoien, Zuhatzu eta Upomendi
- 5. eremua: Kurtzea, Tximelarre Bekoa eta Zabalgane
- 6. eremua: Berezikoetxe eta Zabalea
Eremu horietan lantegi parte-hartzaileak egingo dira azaroaren 11, 13, 18 eta 20an, eta ondoren, jarduera osatzeko asmoz, ibilbide gidatuak egingo dira ondorengo asteetan. Azken hauen helburua «gune horietako beharrak bertatik bertara ikusi eta horien inguruan hausnartu ondoren, lehentasunak ezartzea izango da».
Proiektua eremu hauetara hedatzearekin batera, Galdakaoko auzoen garapen integrala eta orekatua herri osora zabalduko da, «bertako bizilagunek, erakundeek eta bertan bizi edo lan egiten duten gainerako eragileek hautematen dituzten benetako beharren arabera».
Horretarako, datozen asteetan inkestatzaileen udal-talde bat lau eremuetako auzoetara hurbilduko da galdetegi labur bati erantzuteko eskatuz. Erantzunak «oso erabilgarriak izango dira auzo bakoitzaren behar espezifikoak detektatzeko» eta, hori kontuan hartuta, datozen urteetarako estrategia lantzeko. erabaki.galdakao.eus plataforman ere egongo da inkesta betetzeko aukera azaroaren 4tik aurrera.
Data hauetan egingo dira 3, 4, 5 eta 6 eremuei dagozkien diagnostikoak egiteko lanketak:
Lantegi parte-hartzaileak:
- 3. eremua: azaroak 11, astelehena, 18:00-20:00. Gandasegi eskolako areto nagusian.
- 4. eremua: azaroak 13, asteazkena, 18:00-20:00. Bengoetxeko nagusien lokalean.
- 5. eremua: azaroak 18, astelehena, 18:00-20:00. Gandasegi eskolako areto nagusian.
- 6. eremua: azaroak 20, asteazkena, 18:00-20:00. Gandasegi eskolako areto nagusian.
Ibilbide gidatuak:
- 3. eremua: azaroak 23, larunbata, 11:00-13:00. Udaletxetik abiatuta.
- 4. eremua: azaroak 30, larunbata, 11:00-13:00. Maximo Moreno parketik abiatuta.
- 5. eremua: azaroak 23, larunbata, 11:00-13:00. Udaletxetik abiatuta.
- 6. eremua: azaroak 30, larunbata, 11:00-13:00. Udaletxetik abiatuta.
Bi jarduera horiek egiteko beharrezkoa da honako izena ematea webgunean, Telegram edo WhatsApp bitartez, edo 688 83 04 79 zenbakira deituz.