Bada muralista: «Herritarren onespena lortu dugula sentitzen dugu»
«Herritarren onespena lortu dugula sentitzen dugu»
Iazko Udal Gobernuak hasitako Enplegu Plana jarraituz, aurten ere bost horma berri margotu ditu gazte langabetu talde batek Lanbideren bitartez. Horien arduraduna eta irudien sortzailea da «Bada» artista.
Ohikoa bihurtu da gure paretak itxura berri batekin aurkitzea. Hala ere, komeni da lan hauen atzetik dabiltzan artistak nortzuk diren ezagutzea, eta horretarako José Ramón Bañares Urkullu «Bada» elkarrizketatu dugu, lan hauen arduraduna (irudian, erdian).
Zelan bururatu zitzaizuen gure herrietako paretak margotzearen ideia? Burutzen ari garen ekintza oro Lanbidek eta Udalak diruz laguntzen dituen enplegu lokalen planen baitan daude. Duela hiru urte hasi ginen Gaztaroa Sartu kooperatibarekin lanean, gizarte-inklusioa sustatzeko xedearekin.
Zeintzuk izan dira margotu dituzuen paretak? Iaz K2000ra bidean dagoen autopista azpiko tunelean, Simplyaren parean dauden eskaileretan eta Galdakaon aurkitu daitezkeen beste hiru pareta desberdinetan burutu genituen lanak. Aurten aldiz, Bekeako tunela, Usansoloko ludotekaren kanpoaldea, Lapurdi kalean eta lehengo suhiltzaile etxe ondoan dauden bi pareta eta Maximo Moreno margotu ditugu.
Zein arrazoiren arabera egin duzue margotutako pareten aukeraketa? Margoketarekin hasi aurretik, hobetu daitezkeen paretak zeintzuk diren aztertu eta zerrendatu egiten dira. Proposamen desberdinak kontuan hartu eta gero, Udaleko langileekin batera adosten da zeintzuk izango diren aproposenak. Horrela egin genuen!
Arinagotik ezagutzen al zenuen zurekin lanean aritu den lantaldea? Aurten bost galdakoztar gazte izan ditugu lan-taldean, hiru emakume eta bi gizonezko, eta estreinakoz aritu gara elkarlanean: Xenia Vallejo, Jessica de Oliveira, Trini Jumenez, Alexander Domingo eta Aitor Diaz. Zoragarri!
Zer iruditu zaizu bizitakoa? Lanean aritu bitartean izan ohi dugun giroa bikaina da, elkarlana oinarri duen lantaldea osatu baitugu besteak beste.
Horma gehiago margotzeko asmorik duzue? Gure zorionerako, herritarren onespena lortu dugula sentitu dugu, eta badirudi Udalak programa errepikatzeko asmoa duela.
Burututako lan batzuek dagoeneko «kale sinadura» bat daramate soinean. Zer deritzozu? Tira, hau saihestezina da. Nik sinadura hauen kaligrafia baloratzen dut, eta sinesten dut arte baten gainean beste arte bat gehiago egon litekela. Hala ere, uste dut hezkuntzaren bitartez joera hau aldatu daitekela.
Ez al dago beste batzuek norberaren lana zapuztu ez dezaten hau ekiditeko irtenbiderik? Margoak babesten dituzten eta gainetik egiten diren pintadak ezabatzea ahalbidetzen duten barnizak egon badaude, baina haien eraginkortasuna aldakorra da paretaren arabera… Ez da erraza.
Zein da zure lanen eta graffiti baten arteko aldea? Termino hauek erabili ordez, hiri-artistetan eta komunitate-artistetan jarriko nuke ikusmira. Egun, komunitate-artearekin identifikatzen naiz, honen bitartez helburu sozialak lortu ditzakedala konturatu naizelako.
Zorionak egindako lanarengatik. Pozik al zaude emaitzarekin? Bai, pozik egindakoarekin eta batez ere nirekin batera lanean aritu den lantaldearekin!