Barrengorri, 50 urte perretxikoetan murgilduta

Barrengorri Perretxiko Elkarteak 50 urte bete ditu aurten eta zenbait ekintza antolatu ditu hau ospatzeko. Hauen eta elkartearen inguruan gehiago jakiteko helburuz, Jose Mari Zarraga eta Jose Mari Mintegi kideekin hitz egin du BINKEk. 

Urteurrenak ospatzen jarraitzen du Galdakaok. Andra Mari Dantza Taldeak, Adiskide Pilota Elkarteak, Ganguren Mendi Taldeak eta Guzur Aretxak, besteak beste, urteurren bereziak ospatu dituzte azkenaldian, eta hauetara batu da ere Barrengorri Perretxiko Elkartea.

Berrogeita hamar urte bete dira aurten Barrengorri jaio zenetik. Hasieran bazkide talde bat elkartzen zen, Grupo Alpino Ganguren taldeko mendizaleak hain zuzen. Izen horrekin parte hartu zuten lehen aldiz Bizkaiko Nekazaritza Azokan, 1971n, eta izen berarekin jarraitu zuten 1975era arte. 

1972an Bizkaiko txapeldunorde izan ziren eta hirugarren sailkapen nagusian. Urtebete geroago Bizkaiko txapeldunak izan ziren eta bigarren sailkapen nagusian.

Barrengorri Perretxiko Elkartea, aldiz, 1975ean jaio zen ofizialki, eta lorpen asko izan ditu, hala nola, 1989an Peña Santa Cruz galdakoztarrak eman zien urrezko kuletroa.

Gazteekin lan handia. Txapelketetan lortutako emaitzez gain, Galdakaon egindako lana da elkarte honen legaturik handienetakoa. «Lan handia egin dugu herrian urte luzeetan zehar, batez ere gazteekin», azaldu diote BINKEri Jose Mari Zarraga eta Jose Mari Mintegi kideek.

Hainbat erakusketa antolatzen zituzten urtean zehar, eta eskolekin ere lan egiten zuten, ume eta gazteei perretxikoen inguruan hitz egiteko. «Gure helburua hauxe zen: tresnak eta jakintzak ematea, jendea ostean mendira perretxikoen bila joan ahal izateko, izan ere, kontu handiz ibili behar da mendian», adierazi dute.

Ate irekiak urteurrena ospatzeko. Dibulgazio lan hori duela urte batzuk alde batera utzi zuten arren, jendeak jarraitzen du elkartera joaten, «batez ere hartutako perretxikoak jan ahal diren ala ez jakiteko». «Pena bat da, mikologia gastronomiara lotuta baino ez dago gaur egun», nabarmendu dute Zarragak eta Mintegik.

Hau aldatzea «oso zaila» den arren, ate irekiak antolatuko dituzte elkartearen 50. urteurren honetan. «Gure lana ezagutzera eman nahi dugu, eta baita mikologiak duen garrantzia eta interesgarria dela». Urriaren 10ean izango da jarduera hau eta herritarrak animatu dituzte elkartera gerturatzera. «Mikologia oso interesgarria da eta asko hurbiltzen gaitu naturara. Ingurumenarekiko errespetua izatera eta maitatzera irakasten gaitu, eta gaur egun, teknologiaren garaian, oso garrantzitsua da hau». •