Barrualde-Galdakaoko ESIak paziente onkologikoentzako aplikazio interaktiboa jarri du martxan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Barrualde-Galdakaoko ESI
Barrualde-Galdakaoko ESIak Usansoloko eguneko ospitaleko paziente onkologikoentzako aplikazio interaktiboa garatu du. Espainiar estatuan zerbitzu aitzindaria da eta «prozesu onkologiko osoak dakarren ziurgabetasuna murrizten du».
Giza dimentsioari eta osasun-arretaren pertsonalizazio asistentzialari balioa emateko helburuz, Barrualde-Galdakaoko ESIak aplikazio interaktiboa garatu du eguneko ospitaleko paziente onkologikoentzako.
Estatuan aitzindaria den aplikazio horrek «erraztu egiten du pazienteak eta laguntzaileak ospitaleko zerbitzu onkologikoetara iristea, eta, hartara, prozesu onkologiko osoak dakarren ziurgabetasuna murrizten du».
Eguneko Ospitale Medikoak eta, zehatzago, bertako erizaintzako kontsultak, «prozesu osoan zehar laguntzen die pazienteei eta laguntzaileei, eta dituzten zalantza guztiak argitzeko beharrezko informazioa, aholkularitza eta laguntza ematen die». Esparru horretan, hain zuzen, kokatzen da Onkologia Zerbitzuko pazienteei zuzendutako aplikazio birtual interaktiboa.
Aplikazioa hizkuntza «erraz eta hurbilean» garatzen da, euskaraz zein gaztelaniaz. Funtzionamenduari dagokionez, aipatzekoa da ehen kontsulta baino egun batzuk lehenago pazienteari SMS bat bidaltzen zaiola hitzorduaren eguna eta ordua gogorarazteko, aplikazio birtual interaktiborako esteka barne. Aplikazio horretara estekaren bidez sartzen denean, erizain-abatar batek arreta egiten du eta Onkologia Zerbitzura eta harekin lotzen diren bestelako zerbitzuetara iristen laguntzen du.
Pazientea aukeratutako lekura iristen denean, zerbitzu horren funtzionamenduari buruzko informazioa kontsulta dezake, tresna informatikoaren menuaren bidez. Hala, «pazienteak eta laguntzaileak ospitalera etortzen direnerako, artatuko dituzten zerbitzuekin ohituta daude, eta ziurgabetasunak sortzen duen estresaren zati bat arintzen dute».