«Begizkoa»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2019ko azaroa
Zemendia edo azaroaren lehen eguna Domu Santu da eta bigarrena Arimen Eguna. Arimen inguruan mito eta esaunda ugari sortu dira, mundutik zerurako bidean. Heriotzaren azalpena, mito, historia eta zientziaren esku egon da. Gizakia beti ahalegindu da heriotzaren zergaitia aurkitzen eta zientziak argitu arte, mito edo esaunda etimologikoak sortu izan dauz. Euretariko bat, begizkoarena. Lehenago, haur asko hilten ziran eta jazoera horren errua, baten baten begizkoari botaten jakon. Siniskera hutsa zan, zientziaz kanpokoa. Siniskera hori, Babilonian, Asirian, Sumerian eta Euskal Herrian be izan dogu ia gaur arte. Baina, nortzuk botaten eben begizkoa? Ba, aiko, herrian kontatzen danez, sorginek, aztiek edo deabruaren menpe egozan pertsonek. Pertsonen ezbeharrak, gaitzak eta batez be gaztetxuen heriotzak, begizkoaren erruz gertatzen ei ziran. Horregaitik, begizkoaren bildur ziranak, batez be haurdun egozanak, kontu handiz ibilten ziran inor iraindu barik, eta defentsa lez, kutunak eskegita samatik, badaezpada. Begizkoa, zientziaz kanpo egon arren, hobe inori bota ez eta bizi buru-bihotzez.