«Beranduegi ez ote gabiltza?», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2022ko maiatza
Beranduegi ez ote gabiltza?
Eguneroko eginbehar eta arazo guztiez gain, igarri barik datorkigu gainera beste ardura astunago bat: klima-aldaketa.
Erregai fosiletan oinarritu dugu bizitza modernoa; baina gaion erreketak karbono dioxidoa askatzen du; eta gas horrek apurka-apurka Lurra berotuaz gainera, izpi infragorriak xurgatzen ditu, gure bizigiroa kakazturik.
1960ko hamarkadan zientzialariek, berotze globalaren ondorio arriskutsuez jabeturik, garbi esan zuten erregai fosilak etengabe erabiltzeak eta, era berean, basoak gorri utzirik, hondamendi ikaragarriak eragingo genituzkela. Baina guk, geurean aurrera. Burua euki badaukagu, baina ez dakigu non! Jakinean gaude, barreak negarra dakarrenez, beroketa horrek gure bizigiroa arriskuan jarri lezakela, baina, jokabide garbia hartuz gero, enpresa handien irabaziak asko murriztuko liratekenez, arazoa arintzeko ez zen neurri zehatzik hartu.
Azken hamarkadetako beroketa etengabeak ondorio oso larriak eragin ditu ekosistema guztietan, bai lehorrean eta bai itsasoan. Galbide horretatik jarraitzen badugu, laster izango dugu hondamendirik handiena: geure buruarena.
Gaur egun, larrialdiak eraginda burutsuago jokatzeko ardura zabalduz doan arren, gizateriaren iraupena arriskuan jartzen duen beroketa katastrofikoa saihesteko neurritik oso urrun gaude.
Aukera bi baino ez ditugu: lehenbailehen erregai fosilen azpiegitura energetiko osoa alde batera utzirik, energiabide berriztagarriak eta garbiak aukeratu, edota geure burua hondamendian jarri, gero eta ondorio galgarriagoak jasanez. Baina horrek, zalantzarik gabe, aldaketak dakartza gure bizimoduan. Gure arduragabekeriari uko egiteko prest gaude?