Berdintasunerako hamabi ikastaro eskainiko ditu Galdakaoko Udalak

Argazkia: J. J. Both

Galdakaoko Udalak berdintasunerako tailerrak eta ikastaroak eskainiko ditu iraletik 2026ko maitzera bitarte. Hauetan izena emateko epea zabalik dago irailaren 16ra bitarte.

Aurten ere, Galdakaoko Udaleko Berdintasun arloak Berdintasunerako ikastaroak eta tailerrak antolatuko ditu. «Hausnarketarako deia egiten duen programa da, ikuspegi feministatik abiatuta bizikidetza modu bidezkoagoan eta inklusiboagoan eraikitzeko helburuarekin. Hori lortzeko, emakumeen ahalduntzea jartzen da erdigunean, gizarte aldaketaren eragile gisa, prestakuntza, elkarrizketa eta pentsamendu kritikoa sustatuz», adierazi dute Udaletik.

Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 16ra zabalik dago eta aurrez aurre egin ahal izango da, Torrezabal Kultur Etxeko bigarren solairuan edo Udalaren webgunearen bidez. Ikastaro eta tailer guztiak 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta daude, eta gehienez bi modulutan eman ahal izango da izena. Galdakaon erroldatutako pertsonek lehentasuna izango dute plazak gaindituz gero.

Prezioa 40 eurokoa da ikastaro bakoitzeko, baina Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonek eta langabetuek 5 euroko kuota murriztua izango dute.

Tailerrak 45 ordukoak izango dira, 30 saiotan banatuta, eta Torrezabal Kultur Etxean emango dira irailaren 29tik hasita 2026ko maiatzera bitarte. Bertan, hainbat gaietan sakontzeko aukera izango da, hala nola gaurkotasuna ikuspegi feministatik, komunikazio positiboa eta autoestimua, generoarekin lotutako osasuna, eta abar.

Hauek dira proposatuko dituzten tailerrak:

  • Gaurkotasuna ikuspegi feministatik berrikusten: astelehenetan, 10:00etatik 11:30era
  • Nork bere burua onartzeko artea: martitzenetan, 17:00etatik 18:30era
  • Komunikazio positiboa eta autoestimua: martitzenetan, 18:30etik 20:00etara
  • Zoru pelbikoa indartuz (erderaz): eguaztenetan, 18:00etatik 19:30era
  • Zoru pelbikoa indartuz (euskaraz): eguaztenetan, 19:30etik 21:00etara
  • Zoru pelbikoa lantzea hobeto sentitzeko: eguenetan, 10:00etatik 11:30era
  • Osasuna eta generoa: eguenetan, 18:00etatik 19:30era
  • Neure adinaz harro!: martitzenetan, 16:30etik 18:00etara
  • Emakumeen artean jakintzak partekatuz: martitzenetan, 18:30etik 20:00etara
  • Artearen historiak, emakumeak ekinean: eguenetan, 19:30etik 21:00etara
  • Antzerki feminista laborategia: eguenetan, 16:45etik 18:15era
  • Trebetasun digitalak: eguenetan, 18:00etatik 19:30era, Eperlandan (Aperribai)