Bi preso galdakoztar aske geratu daitezke, Espainiak onartutako lege baten ondorio
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Zaballako espetxea, Europa Press
Espainiar Kongresuan ordezkatuta dauden alderdi guztien aldeko botoekin onartu da Europar Batasuneko estatu desberdinetan betetako espetxe zigorrak aintzat hartuko dituen lege erreforma. Irailaren 18an aho batez onartu bazuten ere, PPk eta Voxek barne, Espainiako eskuinak hautsak harrotu nahi izan ditu orain, «etakideak askatzeko egindako jokaldi zikina» dela Espainiako Gobernuari leporatuta. Baina, nondik dator polemika? Zertara dator lege erreforma hau? Gako batzuk labur argitzen saiatu da BINKE, tartean preso galdakoztarrak direlako.
Europar Batasuneko estatuetan epaitu eta zigortu dituztenen espetxe zigor urteak Espainiar estatuan aintzat hartzea onartu du Espainiako Kongresuak, Europako preso guztiekin gertatzen den bezala. Alegia, Europako estatu batean baino gehiagotan kondena bete duen pertsonari gehitu egiten zaizkio herrialde guztietan preso egindako urteak. Baina, orain arte, Espainiak ez ditu aintzat hartu bere estatutik kanpo kondenaren bat bete duten presoen urteak. Ondorioz, Europako araua espainiar estatuan ezartzeko lege erreforma proposatu zuen gobernuak eta Kongresuak irailaren 18an aho batez onartu.
Aldiz, PPk eta Voxek ere lege erreforma horren alde bozkatu bazuten ere —Europan, komisioetan, senatuan, kongresuan…—, polemika eragin du orain alderdi popularrak, «etarrak kaleratzeko atzeko atetik egindako akordioa» dela Pedro Sánchezen gobernuari leporatuz. Ordea, zenbait kazetari eta alderdik Espainiako eskuin eta ultraeskuinari gogorarazi diete Europak betearazitako legea dela hau, eta «ez zaiola inori kartzela zigorrik murriztuko lege honen ondorioz, kanpoan betetako urteak zenbatuko baizik, eta ez dela ETAkideentzat egindako lege erreforma, Europako legea betetzea baizik».
Gatibu diren pertsona guztiei eragingo die, beraz, Espainiak onartu berri duen legeak. Baina noski, ETAko kide edo honekin lotura izatea leporatuta atxilo dauden pertsonei ere eragingo die erabaki honek. Etxerat-en arabera, «egun espetxeratuta dauden 44 euskal presori ez zaizkie aintzat hartu Frantzian betetako espetxe urteak». Espainiaratu ostean, epaitu eta espetxe urteak hutsetik zenbatuta ari dira espetxealdia betetzen. Eta horien artean galdakoztar bi ere badira: Jon Bienzobas eta Xabier García Gaztelu.
Gauzak horrela, galdakoztar bien espetxe-zigorrak arindu egin daitezke eta aurretik ezarritako salbuespen egoerarekin aurreikusitakoa baino lehenago irten daitezke Zaballako (Araba) kartzelatik.
Bienzobasek 18 urte inguru egin zituen frantziar estatuan, eta pandemiaren aurretik lekualdatu zuten espainiar estatuko espetxe batera. Hiruzpalau urtetan kalean egon daiteke —hirugarren gradua tarteko—, lege erreforma hau ezarriz gero; bestela beste 20 urte bete beharko lituzke preso. Gazteluk aldiz, sei urte pasatxo egin zituen Frantzian giltzaperaturik eta 2031n egon beharko luke kalean. Lege erreforma honen ondorioz eta frantziar estatuko kondena urteak aintzat harturik, 2025ean aske geratu daiteke.