BIDEOA | Udan irekiko dute Elexaldeko igerilekuetako taberna
TESTUA: Irati Alonso García
IRUDIAK: Jon Gomez Garai
Hogei urte baino gehiago itxita egon ostean, udan irekiko dute Elexalde auzo galdakoztarrean kokatuta dauden igerilekuetako taberna. Obrak amaitzen ari dira eta lizitazioa apirilean zehar ateratzea aurreikusi du Udalak. Han izan da Binke eta hemen batu dugu tabernan grabatutako bideoa.
Herritarrentzat urte askotan zehar erreferente izan den Elexalde auzoko igerilekuetako taberna udan irekiko da, hogei urte baino gehiago itxita egon ondoren. Gaur goizean iragarri du Udalak, tabernan bertan egindako agerraldian. Honetan, Iñigo Hernando alkatea, Asier Egiraun Hirigintza zinegotzia eta Amets Iturbe Kirol zinegotzia izan dira.
Guztira 800.000 euroko aurrekontua izan du taberna egokitzeko proiektuak eta obrak amaitzear daude jada. Hurrengo pausoa taberna kudeatzeko lizitazioa ateratzea da eta Udalak hurrengo hilabetean egitea aurreikusi du. Baldintzak prestatuta daude eta Bideragarritasun Plana eginda dago.
Egiraunek azaldu duenez, 2.500 euroko gutxieneko alokairua eskatuko dute eta diru kopuru honekin Udalak egindako inbertsioa 30 urtetan berreskuratzea espero dute. Hala ere, inbertsioa herriarrentzat egin dela azpimarratu du zinegotziak: «Galdakoztarrek leku erabilgarri eta irisgarri bat izateko egin dugu. Herritarrok faltan botan izan dugun tokia da hau».
Urte osoan zehar irekita izango da taberna eta «beste kutsu bat emateko asmoz», ekitaldi kulturalak egingo dira bertan hilabetean behin. «Oso leku garrantzitsua da bai Elexaldeko auzokideentzat eta baita herri osoarentzat ere», azpimarratu du Hernandok. Alkateak tabernako arreta lan egiten duten langileek euskaraz zein erderaz aritzeko gaitasuna izan beharko dutela ere nabarmendu du. «Beharrezkotzat hartzen dugu», adierazi du.
Iturbek bere aldetik, kirol elkarteentzat izango duen garrantzia nabarmendu du. «Honek beste zentzu bat emango dio inguruko giroari eta kirola egitera etortzen den jendeari aisialdiaz gozatzeko aukera emango dio», adierazi du zinegotziak.
Instalazioei dagokienez, irisgarritasuna hobetu dute egokitze-obrekin. Barrualdean espazio zabalagoak egin dituzte, terraza bi jarri dituzte eta igogailu bat izango du tabernak, goiko pisura heltzeko. Halaber, guztiz hornitutako sukaldea du.
Bestalde, igerilekuen taberna izan arren, sarrera independenteak izango dituzte igerilekuek eta tabernak, «espazio biak zaintzeko helburuz».
Bideo honetan batu ditugu proiektuaren irudiak: