Bihar abiatuko da Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko prozesua
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Gaizka Peñafiel
Bihar jarriko da martxan aurtengo Santakurtzetako kontzertuak proposatzeko prozesua. Herritarrek irailaren 13an, 14an, 20an eta 21ean Ardanza parkean egingo diren kontzertuak erabaki ahal izango dituzte galdeketa baten bitartez, martxoaren 25era arte.
Azken urteetan bezala, Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak herritarren esku utziko dute aurtengo Santakurtzetako kontzertuen aukeraketa. Horretarako bihar, martxoak 15, hasiko den galdeketa irekia jarri dute martxan eta martxoaren 25era arte izango dute herritarrek bozkatzeko.
Aurten, gainera, berrikuntza batekin: jaietako azken larunbatean egiten den kontzertu nagusia ere herritarrek aukeratuko dute zuzenean. Orain arte, lau kontzertuetatik hiru proposatu eta erabakitzen zituzten herritarrek eta kontzertu nagusia aukeratzea Jai Batzordearen eta Udalaren esku geratzen zen.
Irailaren 13an, 14an, 20an eta 21ean izango dira kontzertu nagusi horiek Ardantza parkean eta hauek izango dira galdeketa ireki bidez erabakiko direnak. 16 urtetik gorako galdakoztar guztiek parte hartu ahalko dute erabakian.
Honakoa izango da prozedura:
1. Proposamenak jasotzeko fasea, martxoaren 15etik 25era:
· Galdakaoko Udalaren parte hartze plataforman batuko dira proposamenak, erabaki.galdakao.eus plataforman
· Elkarte, kuadrilla edo herritar bakoitzak gehienez lau musika talde proposatu ahalko ditu
· Proposamenak egiterakoan emakumeak eta euskara aintzat hartzeko eskatzen da, kontzertuen erdietan gutxienez horien presentzia bermatuko delako
·Proposamenak plataformaren bidez egiteko zailtasunak dituztenek Udalaren Parte Hartze arlora dei dezakete laguntza jasotzeko. Prozedura errazteko eta papera aurrezteko helburuz, proposamenak erabaki.galdakao.eus plataforman egin daitezela eskatzen du Udalak. Hala ere, hautetsontziak ere jarriko ditu Torrezabal kultur etxean, Aperribaiko liburutegian, Urreta kiroldegian eta udaletxean
· Astelehenean, martxoak 18, 18:00etatik 19:30era stand bat jarriko da Iturrondo plazan, nahi duten herritarrei plataforman kontua ireki eta bertan proposamenak egiten laguntzeko
·Proposamenek baldintza batzuk bete behar dituzte, aurrera egin dezaten: mezu edo jarrera diskriminatzailerik ez da onartuko, ez da onartuko aurreko 3 urteetan Santakurtzetan jo duen talderik, eta proposatutako talde bat onartua izan dadin, gutxienez lau elkartek edo pertsonek proposatu beharko dute
2. Proposamenak teknikoki aztertzeko fasea, martxoaren 26tik apirilaren 19ra. Honako irizpide hauek hartuko dituzte kontuan:
· Proposatutako taldeen behar teknikoak Galdakaora egokitzeko modukoak diren begiratuko dute
· Aurrekontu muga: guztira, 80.000 euroko aurrekontua dago kontzertu guztietarako, BEZ barne, eta helburu horretara heltzeko, 50.000 euro baino gehiagoko kostua duten taldeak automatikoki geratuko dira kanpoan
· Emakumeen presentzia esanguratsua izan behar da kontzertu erdietan gutxienez (kualitatiboki presentzia nabaria delako adibidez abeslaria emakumea izanik, edo kuantitatiboki, taldekideen erdia baino gehiago emakumea izanik)
· Euskarazko musikak presentzia nabaria izan behar du kontzertu erdietan gutxienez
· Estilo aniztasuna
Oinarrizko baldintzaren bat bete gabe geratuko balitz, adibidez emakumeen presentzia bermatzeko adina talde proposatuko ez balira, Udalak berak hartuko lituzke gutxieneko horiek bermatzeko neurriak.
3. Lau kontzertuetarako aukerak sortzeko fasea, apirilaren 22ra arte. Jai Batzordeak lau kontzertuetarako aukera posibleak proposatu eta adostuko ditu. Estilo aniztasuna bermatuko du, aurrekontura egokituko da eta emakumeen zein euskararen presentzia barne bilduko ditu. Proposamenak apirilaren 22an berretsiko dira Jai Batzordearen plenarioan.
4. Taldeak erabakitzeko fasea, apirilaren 26tik maiatzaren 8ra. Aukerak babesteko momentua izango da, boto bidez taldeak aukeratzekoa. 16 urtetik gorako galdakoztarrek izango dute botoa emateko aukera. Pertsona bakoitzak egun bakoitzeko talde bakarraren aldeko botoa emango du. erabaki.galdakao.eus Udalaren parte hartze plataformaren bidez emango dira babes horiek eta ohiko lekuetan jarritako hautetsontzietan ere egongo da aukera hori.
5. Emaitzen berri emango da publikoki, zenbaketa osoa egin ondoren.