Bihar zabalduko da Galdakaoko euskaltegietan izena emateko epea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ikasturte honetan ere euskara maila hobetu edo hizkuntza ikasteko aukera izango da Galdakaon. Udal Euskaltegiak eta AEK Barandiaran Euskaltegiak bihar, irailak 3, zabalduko dute izena emateko epea eta irailaren amaierara arte egin ahal izango da.
Ikasturte berriarekin batera Galdakaoko euskaltegiak berriz jarriko dira martxan. Udal Euskaltegiak eta AEK Barandiaran Euskaltegiak izena emateko epea bihar, irailak 3, zabalduko dute eta 26ra eta 27ra arte egin daiteke, hurrenez hurren.
Galdakaoko udal euskaltegian hileko lehen hamabostaldian matrikulatzen diren pertsona guztiek %25eko deskontua izango dute. Matrikula online egin ahal izango da udal euskaltegiaren webgunearen bidez. Edozein zalantza izanez gero, 944 566 174 telefonora deitu daiteke, euskaltegia@galdakao.eus helbide elektronikora idatzi edo Muguru kaleko 6. zenbakian dagoen bulegora joan, honako ordutegian: astelehenetik barikura 9:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 17:30etara, eta barikuetan 9:00etatik 14:00etara.
Bestalde, AEK Barandiaran Euskaltegian izena emateko epea zabalik egongo da webgunean eta baita Barandiaran kaleko 8. zenbakian dituen instalazio berrituetan ere. Hurrengo ikasturterako leloa «Euskara eroso bizitzeko» izango da, eta arretarako ordutegia astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara izango da. Informazio gehiago ezagutu daiteke 944 564 119 telefono zenbakian edo barandiaran@aek.eus helbide elektronikoan.
Dirulaguntzak
A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak eskainiko dituzte aurten ere Galdakaoko euskaltegiek, ikastaro presentzialen eta autoikaskuntzaren bidez egin ahalko direnak. Gainera, Galdakaoko Udalak, ikasturteko asistentzia %75ekoa izanez gero, matrikula ordaintzeko dirulaguntzak ematen ditu. Kolektiboen arabera %50, %60 edo %100ekoak izan daitezke dirulaguntzak. Informazio zehatzagoa eskuratzeko euskaltegietan edo Udaleko Euskara Arloan galdetu daiteke.
Udalaren laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzak hobariak eskaintzen ditu HABE – Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen bitartez. Laguntza horiei buruzko informazioa eta baldintzak webgunean kontsulta daitezke.