«Biolentzia kapitalistari aurre egin», Peio Artola
Iritzia
Peio Artola Jugo
BINKE / 2021eko abendua
Biolentzia kapitalistari aurre egin
Sistema kapitalistak langile klaseak jasaten duen indarkeria naturalizatzen du. Hildako langileak, eraildako emakumeak edo kale gorrian hiltzen direnak ez dira zoriaren, zorte txarraren, banakako erabaki okerren edo gobernuaren kudeaketa txarraren ondorio sistema kapitalistak oinarrian duen kapitalaren metaketa dinamikaren ondorio baizik. Izan ere, sistema kapitalista berez bortitza da, indarkeria mota horiek ezkutatu eta naturalizatzeko gai da, eskura dituen instituzio eta aparatu ideologiko guztiak erabiliz.
Krisiak ezaugarritzen duen garaiotan, langile klasea proletarizazio prozesu bat bizitzen ari dela ulertzen dugu. Pobretze masibo bat egonkortzen ari den garaiotan, gure bizitzako esparru guztietan langileriaren zaugarritasun egoera nabarmen okertzen ari da. Gauzak horrela, krisi egoera honetan, burgesiak zailtasunak ditu kapitalaren balorizazio prozesuan; hala, neurri ezberdinak aplikatzen ditu bere aginte politikoa mantendu eta ekoizpen eredu kapitalistaren modernizazioak beharrezkoak dituen aldaketa kulturalak errotzeko. Bide horretan ulertu behar ditugu kontrol sozialean garatzen ari diren aurrerapausuak, pandemiaren kudeaketa poliziala, Covid agiria edo plataforma digitalen bitartez ezartzen ari diren interbentzio kulturala.
Krudeltasuna da sistema kapitalistak ezaugarritzen duen forma soziala. Horrela, errealitatean ematen diren adierazpen bortitzenak —soldatapeko lanak, indarkeria matxistak eta muturreko pobreziak eraildako langileak— ekoizpen eredu kapitalistaren berezko harreman sozial kapitalisten adierazpen gisa ulertzen ditugu. Horren adierazle dira, esaterako, 2021ean soldatapeko lanean erail diren 56 langileak, indarkeria matxistaren ondorio izan diren eraildako 5 emakumeak, aurten kale gorrian bizitzen ari diren 3.000 pertsona inguru, urte betean eman diren 200 suizidioak, azken urtean eman diren 1.000 etxegabetzeak… Gainera, gogoan izan nahi ditugu ere, gurean, Hego Uriben, azken urtean soldatapeko lanean erail diren 3 langileak eta tratu txarrak jasan dituzen emakumeak.
Guzti horren aurrean beharrezkoa iruditzen zaigu sistema kapitalistak betikotzen dituen biolentzia forma ezberdinak salatzea. Norabide horretan, langileriaren antolakuntza independientea oinarri izanda, langileriaren askatasun unibertsalen alde egingo duen forma eraginkorra sortu beharrean gaude, masa alderdi komunistan gorpuztuko dena. Horregatik, Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik eta Gazte Koordinadora Sozialistatik (GKS), abenduaren 29an 19:00etan burutuko den kontzentraziora batzeko deia egiten dugu, kapitalismoaren biktimak oroitzeko eta antolakuntza komunista hedatzeko. Hori baita biolentzia kapitalistari modu integralean aurre egiteko gai den bide bakarra!