Bitcoina, mundu ezezagun batean barna
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Fidagarria ez dela, halakoetan sartzea ekidin behar dela, miseriara kondenatu ahal zaituela,… azkenaldian zeresan handia ematen ari den fenomenoa ari da izaten Bitcoinarena. Xurrumurru eta hipotesietatik harago, mundu ezezagun hau gertutik ezagutu nahi izan du Binkek, eta horretarako, Bitcoinarekin jarduten duten hiru herrikidirekin elkartu da, fenomenoa bera ahalik eta modu hurbilenean ezagutzeko.
Ez da erraza izan honi guztiari buruzko informazio bilketa bat egitea. Mundu ezezaguna da Bitcoinarena, zer esanik ez Galdakaon, gutxi dira modu publikoan jarduten dutela esatera ausartzen direnak. Kostata, baina jendearen laguntzari esker azkenean lortu zuen aldizkariak hiru herrrikiderekin harremanetan jartzea.
Horietako bik haien izen abizenak anonimotasunean mantentzea erabaki dute. Zerbait azpimarratzekotan, batek 24 urte bete berri ditu, eta bestea laster da betetzekoa 22. Hirugarrena berriz ausartu da, berak adierazi bezala, «orain arte zabaldu diren hainbat iruzurrekin bukatzen saiatuko baita» hala. Iker Ruiz dugu bera, 25 urteko galdakoztarra. Hurrengo lerroetan adierazten diren baieztapen eta iritziak haiekin izandako elkarrizketetatik jasoak izango dira, beraz.
Ezer baino lehen, eta gaian zerbait zentratzeko, ba al dakigu benetan zer den Bitcoina? Modu laburrean, duela hamarkada bat baino gehiago sortu zen lehen txanpon birtuala da Bitcoina. Bai, lehena. Denborak aurrera egin ahala ezagunak ere bihurtu dira beste hainbat, baina hau izan zen lehena. Ez da guztiz ezaguna bere jatorria, 2008an ematen da ezagutzera mundu mailan, eta Twitter bezalako sareek berebiziko garrantzia izan zuten ezaguna egiterako orduan, ahoz ahokoa izan bazen ere biderik eta nagusiena.
Inguraketa bat terminoari. «Zaila da azaltzen modu labur eta zehatz batean zertan datzan honek denak». Hala diote elkarrizketan parte hartu duten hiru kideek. Hitz egin ahala antzeman ahal zitzaien bazutela honen inguruko informazio andana, bazekitela gaiari buruz, alegia, baina galdera honetatik abiatuz, «hitz gutxitan, zer da Bitcoina?» askotarikoak izan ziren jasotako erantzunak.
Bada, hirurak datoz bat Bitcoina bera diru fisikoa ordezkatzeko helburuarekin jaio zela, eta honen bitartez, balioaren erreserba bat egitea izan zela ezeren gainetik finkatutako jomuga. Honek ala dirau, hau da, aktibo baten aurrean gaude, eta egunetik egunera bere prezioak modu aldakorrean gora edo behera egiten du, merkatuaren arabera.
Bitcoinak merkaturatzeko eta edonork bere gain inbertsio bat egin ahal izateko, nahitaezkoa da aurretiaz besteren batek txanpona bera minatzea, beste hitz batzuetan esanda, txanpona bera sortzea. Ruizek berak aipatzen du «urrearena izan daitekela antzeko adibide bat», esaterako. Urrea bera behin aurkituta —sortuta— merkaturatu egingo da honen kantitate zehatz bat, eta ostean jendeak erosi. Antzeko prozesua da, bere esanetan, Bitcoinarena.
Nola hasi honetan. Nekez oroitzen du batek normalean hartutako erabaki edo egindako hautuen zergatia. Orokorrean ez da erraza oroitzea zein unetan egiten den salto orain arte inongo interesik izan ez den mundu batera. Hala galdetu zien Binkek elkarrizketatuei, ea, zehatz ez bazen ere, oroitzen zuten zein unetan erabaki zuten Bitcoinaren fenomenoan ekitea. Haien izena ezkutatu dutenen hitzei helduz, biek nabarmendu nahi izan dute unibertsitatetik datorkiela zaletasunaren grina. Apustu etxe bat bailitzan, dirua modu erraz eta arinean lortu zitekela zabaldu omen zien haien klasekideren batek. Gerora ordea konturatu ziren ezetz, ez zela horrela, baina hori izan zen lehen urratsa. Beranduago, egoeraren berri jakitun, hasi ziren apurka informazioa biltzen eta interesatzen.
Ruizena berriz bestelakoa izan zen hastapena. Pandemia erdian, beste inongo egiteko handirik ez zuela, hasi zen sarean aurkitutako berri eta artikulu desberdinak irakurriz femonoaren berri izaten. Interesgarria iruditu zitzaion, txapon honen bitartez inflazioak ez baitzuen eraginik izango, berak hala nabarmendu bezala, bere etorkizunean. Bitcoinarekin diruak baliorik galtzen ez zuela irakurri eta berehala hasi zen honetan murgiltzen: lehenik bere kabuz, ostean hiru eguneko kurtso baten bitartez, gerora master bat. Prozesu baten antzekoa izan da Ruizen kasuan Bitcoinarekin izan duen ibilbidea. Behin eta berriz nabarmentzen du hezi eta formazioak jasoz gero mundu ederra dela Bitcoinarena, ostera berriz erraz iruzur zaitzaketela.
Gazte askorentzat erakargarria omen da fenomenoa. Baina, tamalez, denek uste dute ez dela egokia jende gazteak honekiko izaten duten hastapena. Ondotik etorri ohi dira halako kasuetan, esaterako, iruzurrak. Zera nabarmentzen du hiruretako batek: «Ez da normala Bitcoina apustu etxe bat izango bailitzan ulertzea, ez da egun batetik bestera aberats egingo zaituen negozio bat, larria da gazte asko egiten ari direna».
Piramide egiturazko iruzurrak. Erregulatuta dagoen txanpona da Bitcoinarena. Kantitate jakin batetik gora ezinezkoa da sortzea, eta lau urterik behin delako kongresu tankerako bat egiten da, egoeraren berri jakitera emateko. Hala ere, azken urteetan zeharo espekulatiboa bihurtu den aktibo bat bihurtzen hasi da txanpona. Tendentzia bihurtzeak eta gazte jendeak honekiko interesa izateak eragin du hainbatek probetxua atera nahi izatea, eta hala egin ere.
Piramide egitura duten iruzurrak omen dira azken bolada honetan nabarmenenak. Jende berria erakartzeko ohiko estrategiak erabiltzen dituztela dio Ruizek: «Diru kantitate txiki bat emango dizutela hasteko, irabazien ehuneko bat zuretzat izango dela, eta halako beste mila». Errealitatea bestelakoa izaki, behin bezero berriak erakartzen ez dituztenean piramidea hautsi egiten da, gorago daudenei ez omen baitute nola ordaindu, eta ez dute ahalmenik izaten iruzurrean oinarritzen diren sare hauek haien jardunarekin jarraitzeko.
Gaineratzen du, hala ere, Ruizek, «honek denak ez duela zerikusirik Bitcoinarekin». Hauek beste askotan ere ikusi direla —apustuak, inbertsioak, sareko jokoak kasu— baina ez direla bata eta beste nahastu beharrik.
Xurrumurruak eta estoldak. Denek uste dute Bitcoinaren inguruan hitz egiten denean orokorrean ezjakintasun ikuspegi batetik egin ohi dela. Hau da, gizartearen gehiengo handi batek ez du fenomeno honen berri, eta izatekotan medio edo pareko aparatuetatik jasotako gutxiengo batetik izan ohi da.
Are, zera gaineratzen dio Ruizek atzekoari: «Botere posizio batean dagoen edozein subjeturi, izan banku, izan gobernu edota antzeko bati, ez diola inongo mesederik egiten jendeak honi buruz jakitea». Kontrara, gizarteak Bitcoinaren inguruan jakingo balu agian orain arte izandako diru kontuen dinamikekin hautsi —bankuekin, esaterako— eta inongo hirugarren partadairek ez dagoen bide berri batekin hasiko baitziren asko. Gainera, Ruizen ustez «jendeak honen berri izango balu sekretupean gordetako hainbat kontu argitara aterako ziren, adibidez, kontziente gara bankuek Bitcoinari esker bizirauten dutela?». «Ados nago diru publikoarekin, baina gobernu zein bankuek haienganako konfiantza indartzea nahi badute adierazi dezatela argi nora bideratzen duten diru publikoa», gaineratzen du.
Eta bien bitartean, ohikoak bihurtzen hasi dira medio zein sareetan honi buruz hitz egiten duten berriak. Hirurei honi buruz galdetuta, gazteenak uste du interesekin jokastzen dutela kasu honetan. Botereari eta finean medioei mesede egiten omen die honen inguruko zarata sortzea, gizartean gezurrak zabaltzea eta halako mesfidantza posizio batetik ikustea fenomenoa. Gaineratzen du, aurrekoarekin jarraituz, «morboa sortzeaz gain hutsala dela egiten den irakurketa», edo, beste hitz batzuetan esanda, medioek ez dutela merkatuaren ikuspegi global bat egiten inoiz. «Zenbatetan entzun da Netflixen irabaziak jaitsi direla? Ez da zilegi soilik interesekoa dena saltzea eta bestea berriz ezkutatzea», dio galdakoztarrak.
Bizi estilo bat. Bitcoina norberaren bizitzan txertatzea hiruren kasuan bihurtu da haien bizitzen parte, modu desberdinean bada ere. Gazteenek batez ere aisialdiarekin lotzen dute haien jarduna. Gaineratzen dute gainera hasiera nekeza dela minimoki seriotasun puntu bat ezarri nahi badiozu honi guztiari. Bietako batek, esaterako, nabarmentzen du lehen hilabeteak pantailari itsatsita pasa zituela egun eta gauak, merkatuak gora edo behera egiten zuenaren zain. Honek etengabe presiopean egotea suposatzen zion, eta denbora batez ikasketak erabat baztertu zituen, ikasturtearen txanpan berrartu zituen arte.
Bestetik, hiruretatik batek, Ruizek, egun hau du bere ogibide eta bizi proiektu. Bitcoina du une honetan diru iturri nagusi, eta hainbat proiektutan murgilduta dago, txanponarekin lotura dutenak denak. Errutina antzeko bat behin finkatuta, egunero aztertzen du prentsa, eta Europar Batasunak hartutako erabakiak zeintzuk diren jakitun da hala. Proiektu berriak aztertu, jende berria ezagutu, eta hauetan murgiltzeko une egokiak zeintzuk diren erabaki, gelditzen ez den etengabeko hazkunde bat ari da bizitzen duela bi urtetik hona Ruiz.
Galdakoztar gazteak mundu honen baitan ikasten jarraitzeko erabaki argia duela helarazi dio Binkeri, zera gaineratuz horri: «Helburua ezin daiteke epe laburrekoa izan, beti izan behar du etorkizuneko ikuspegitik aztertua». Asko izan dira Bitcoinaren inguruan interesaturik beragana hurbildu direnak; nola hasi, zenbat erosi, nortaz fidatu… gauzak astiro eta ezagutzatik egin behar direla erantzuten die guztiei, eta emaitzak etorriko direla nabarmendu, berandu bada ere.