Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 54. edizioa antolatuko du Peña Santa Cruzek
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Gaur, eguena, hasiko da Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen lehenengo saioa. Eta horren ostetik asteburuak askorako emango du Galdakaon perretxiko zaleentzat, Peña Santa Cruz elkartearen lanari esker. Hemen batu dugu egunotako egitaraua eta eskuorri osoa deskargatzeko aukera!
Aurtengoa 56. edizioa izan beharko balitz ere, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren bueltan da Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen edizio berria. Gaurtik, azaroak 3 dituela, domekara bitarte bost ekintza desberdin antolatu ditu Peña Santa Cruz elkarte mikologikoak Galdakaon.
Jardunaldien aurkezpena «Perretxikoen izenak euskeraz» liburuaren aurkezpenarekin batera egin zen atzo, hilak 2, Alfonso Requero Peña Santa Cruzeko kidea ordezkari zela. Requerok azaldu zuen bezala, «elkarteak laguntzaile asko ditu jardunaldi hain zahar hauek urtero egin ahal izateko», eta tartean aipatu zituen Barrengorri eta Fungipedia Perretxiko Elkarteak, Andra Mari Dantza Taldea eta Adiskide Pilota Elkartea. Eta zelan ez, Galdakaoko Udala bera.
Hauek dira, gaurtik hasita, Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 54. ediziorako Peña Santa Cruz elkarteak Galdakaon antolatu dituen ekintzak, domeka egun handi hartuta:
- AZAROAK 3, EGUENA
Show-cooking, sukaldaritza erakustaldia zuzenean
Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan - AZAROAK 5, ZAPATUA
Perretxikotan basora
Ibilaldia Sarriako parketxera, Galdakaoko ikastetxeetako ikasleekin
Kurtzeko plazatik 08:30ean hasita - AZAROAK 6, DOMEKA
Argazki erakusketa, jardunaldien ibilbidea historian zehar
Gandasegiko arkupeetan, goizez - AZAROAK 6, DOMEKA
Guztiei zabalik dagoen lehiaketa gastronomikoa, jendaurrean perretxiko platerak egiteko eta ostean epaimahaikideek baloratzeko*
Gandasegi ikastetxean, 11:00etan hasita - AZAROAK 6, DOMEKA
Perretxiko erakusketa, eskolarteko txapelketa, herri dastaketa eta pilota partiduak
Kurtzeko plazan, 10:00etan hasita
*Lehiaketako oinarriak eskuorrian ikusgai.