Dantzari gaztetxoak eta emakume musikariak batu ditu gaur Sormenek
Sormene
BINKE / 2021eko azaroa
Dantzari gaztetxoak eta emakume musikariak batu ditu gaur Sormenek
TESTUA: Leire Regadas Callejo
BIDEOA: Binke
Goizean zehar Gari Otamendik dantza landu du Gandasegiko ikasleekin inprobisazio eta sormenari bide emateko esperimentu baten bitartez. Arratsaldean, ESAS elkartearen eta Galdakaoko Musika Eskolaren eskutik, emakume konpositore eta musikariek hartu dute eszenatokia «Batzen gaituzten balsak» ikuskizunean.
Aspertzeko tarterik ez da izan Sormeneren bigarren saioan, egun mugitua izan da goizean goizetik. Gari Otamendi ibilbide luzeko dantzari eta musikariaren eskutik tailer paregabea jaso dute 11-12 urte bitarteko Gandasegiko ikasleek. Nagiak alde batera utzi eta entzumena findu behar izan dute gorputza askatzen hasteko eta sormenari bide emateko.
Euskal dantza tradizionalean momentuko sormen inprobisatuak lekua baduela frogatu dute gaurkoan; baita dantzatzeko ez dela aparteko ezer berezirik behar ere. Euskal dantzen oinarrizko mugimenduetatik abiatuta, jolasten hasi dira eskuak, besoak eta oinak astintzen, Otamendik zuzenean jotako bibolinaren doinuekin bat eginez.
Konturatzerako, arin-arinaren pausoak munduko musika desberdinekin elkartu dira. Klixeak apurtuz, zurruntasuna albo batera utzita, begiak itxi eta doinuetan galdu dira gorputzaren bitartez. Dantza tradizionala «hemen eta orain» sortzen dela transmititu nahi izan du Otamendik.
Gorputzaz jabetuta eta emozioak mugimenduan, saioaren bukaeran pertsona haina dantza irudikatu dituzte Torrezabalen. Bakoitzaren mundu eta gestualidade propioa islatzeko bitartekari ezin hobea izan daitekeela konturatu dira gazteak. «Plazeretik komunikatzeko tresna», hala laburbildu du Otamendik dantzaren esentzia. Horregatik proposatu du dantza, euskal dantza, Gorputz Hezkuntza ikasgaian txertatzea. Kalejira eginez atera dira Torrezabaletik.
Arratsaldean emakume musikariek hartu dute protagonismoa Kultur Etxean. ESAS elkarteak eta Galdakaoko Musika Eskolak «Batzen gaituzten balsak» emanaldia eskaini dute, beren beregi Sormenerako prestatutakoa. Hiru emakume konpositoreen obrak aurkeztu dituzte; hiru bals emakumeek interpretatuta eta emakumeen istorioak ardatz, Ane Legarreta zuzendariaren gidaritzapean.
Eva Ugalde konpositorearen kontzertuarekin hasi da emanaldia. Leire Bilbao idazlearen «Etxeko urak» bildumako «Etxean igeri egitea» poemari doinua jarri dio estreinakoz; Belen Madariaga Galdakaoko Musika Eskolako irakaslearen soprano ahotsaren eta Itxaso Sainz de la Maza piano jolearen arteko elkarlanean gorpuztuta.
Bigarren zatian, Maria Luisa Ozaita konpositorea zenaren «Hiru obra» interpretatu dute; hiru obra desberdin instrumentu solistentzat. «Nire lehenengo balsa» jo du pianoan Itxaso Sainz de la Mazak, biolontxelo bakarlarirako bost mikropiezak Nora Lopezen eskutik joan dira eta zeharkako txirulaz lagundutako beste hiru jo ditu Natalia Sanchezek. Kontzertu hau ere lehen aldiz entzuteko aukera izan da Galdakaon. Ozaita zuzendari eta konpositorea «Mujeres en la Música» elkarteko sortzailea izan zen; ESAS elkartea sortzeko «inspirazioa» izan dena, Ane Legarreta zuzendariaren hitzetan. Kontzertu berezia eta hunkigarria izan da, musikariaren familiak ere gozatu baitu emanaldi eta omenaldi honetaz.
Azken zatian Inge Condek sortutako balsa entzuteko aukera izan dute kulturzaleek; «Elisaren Balsa», bere amama Elisari eskainitakoa. Itxaso Sainz de la Maza (pianoa), Elisene Alzola (bibolina) eta Nora Lopez (biolontxeloa) interpretarien musikak Torrezabal Kultur Etxea zipriztindu duen bitartean, Naiara Ortegak sortutako bideo eta irudiak proiektatu dira, Ingeren eta bere amamaren arteko harremana irudikatuz. Erlazio estua, purua eta berezia, doinuek eta irudiek batera duten indarraren bidez bi belaunaldien arteko lotura; amamaren figurari oda bat.
ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sareko kideek, gainera, gida didaktiko bat prestatu dute QR kode baten bitartez, emakume konpositore hauen izenak eta ibilbideak ezagutzera emateko. Are gehiago, baliabide batzuk elkarbanatu dituzte euskal emakume konpositoreen erreferentziak bilatzeko, haien lana aitortzeko eta ikustarazteko, horixe baita elkartearen xede nagusia: musika klasikoan historikoki emakumeei ezeztatu zaien tokia berreskuratzea eta aldarrikatzea. Txalo zaparrada artean eman diote amaiera gaurkoari.