Dardar egingo genuke 1935eko Bisita Orokorrarekin
Eduren pasarte historikoak
BINKE / 2020ko martxoa
Dardar egingo genuke 1935eko Bisita Orokorrarekin
TESTUA: Edu Madina Etxebarria
ARGAZKIAK: Edu Madinaren artxiboa
Galdakao bidaiari asko izan dituen elizatea da eta izan da. Bilbo eta Donostia batzen zituen errege-bide zaharra igarotzen zen guretik; Urgoititik Arabara bide desberdina hartzen zen, eta Erletxetako bidegurutzetik Txorierri eta kostarekin. Garai hartako gurdi eta zelabereekin bidaiari asko hemendik igarotzeak zaldiak aldatu, jan-edatekoez hornitu edota gaua igarotzeak zekarren. Horregatik Galdakao ondo hornituta zegoen «salmenta etxe» eta tabernekin.
Bizkaiko jaurerriek, 1635. urtean, Bisita Orokorra deitu zitzaion ikuskaritza jaso zuten —Galdakaok tartean—, herriko taberna, mesoi, okindegi, errota eta harategiek arau guztiak jarraitzen zituztela bermatzeko. Horrela ba, gurera ere «bisitaria» eta «afinatzailea» etorri ziren.
Bigarren honen beharra komertzioetako saltzen zituzten edari eta produktuen pisu eta neurriak ondo zeuden egiaztatzea zen. Bisitariaren beharra aldiz, zabalagoa zen, herriko bi «errejidore fielekin» batera egiten zutena —hauek gaur egungo alkatearen lana egiten zuten—: errepide, zubi eta galtzaden egoera ondo dagoela bermatzea, kontu-liburuak ikuskatzea, errejidoreek iruzur egiten ez zutela kontrolatzea, bideek gurdientzat egoki jarraitzen zutela bermatzea, taberna eta bestelakoetan pekaturik egiten ote zen jakitea, auzokideak «meza berrietara» joaten ez zirela ikustea —meza berria apaizek lehenengoz ematen zuten elizkizunari deitzen zitzaion, eta horretarako gertuko familia baino ezin zen joan—, herriaren ondare hartzen ziren zuhaitz emankorrak bota ez zituztela bermatzea, inguruko erreketan zelan arrantzatzen zen ikuskatzea, zapatari, albaitari, zirujau, mediku, ferratzaile edo barberuek zegozkien lizentziak zituztela bermatzea eta lapur, eskale edo Jainkoaren kontrako biraoak egiten zutenik herrian ez zegoela kontrolatzea, besteak beste.
Tabernetan egiten zuten kontrolean sakontzeko, hauek ziren hauetako bakoitzean gehien kontrolatzen zituztenak: muga-zergak ordaintzen ote zituzten, gauetan euren etxean lo egiteko jenderik hartzen zuten, jokatzeko naipeak zituzten eta dirua tarteko jolastea onartzen zuten, saltzen zuten ardoa ona zen edo urarekin nahasten zuten, saltzen zituzten edarien neurriak egokiak ziren, salneurriak egokiak ziren eta hauek zerrenda bistara ote zituzten —prezioak errejidoreek ezartzen zituzten, orduko «alkateek»—… Gainera, mesoiek animalientzako askak ere garbi bazituzten, garagar eta lastorik zuten, edo tabernatik gertu ganadua ez zutena kontrolatu behar zuten.
Galdakaon eta Usansolon sei taberna zeuden garai hartan: Bengoetxen, Urretan, Iturrondon, Abusun, Urgoitin eta Oinkinan. Baina antza ez zuen ondo amaitu batek ere ez, denek isun banarekin amaitu baitzuten, ardo txarra saltzeagatik, exijitutako neurrian ez saltzeagatik edo kartetan egitea onartzeagatik ardo apustuak —edo bestelakoak— tarteko zirela.
Gaur egun dardarka hartuko genituzke kontrol hauek… ezta, herrikide?