Zaharrak berri, oraindik erakargarri
Dendarik zaharrenak
BINKE / 2017ko urria
Zaharrak berri, oraindik erakargarri
TESTUA: Ixone Muñiz Arana
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
Ez dira hainbeste urte igaro antzinako baserri asko egungo eraikin berriztatuek ordezkatu dituztenetik, edota saltoki handi eta berriek betiko dendatxo umilen lekua hartu dutenetik. Halere, herri askotan badago bizirauteko nahiari eutsi eta oraindik ere zahartasunaren kutsua eta xarma darion txokorik.
Galdakoztar eta usansolotarrek ez dute aparteko arazorik haien eguneroko beharrak aseko dituzten dendak aurkitzeko. Doazen bazterrera doazela, bertan topatuko dute supermerkatu, gozoki denda, taberna edota ile-apaindegiren bat, eskaintza zabala euren eskura. Baina bada urteek aurrera egin ahala, herri txikietan aurkitzea gero eta zailagoa den saltoki mota bat: oihal dendak.
Gremio honetako saltoki txikiak desagertzen ari badira ere, Usansolo eta Galdakaok bizi-bizirik mantentzen dituzte urte luzez herrian hain ezagunak eta preziatuak izan diren dendatxo hauek. Nork ez ditu ezagutzen bestela Galdakaoko Jose Mari Legarda eta Usansoloko Jose Mari «Telerue» oihal dendak? Zahartasunean bakarrik ez, izenen artean ere antzekotasunak! Binkeri jakin-mina piztu zaio eta beste bat-etortzerik ba ote duten aurkitu nahian, bertako ugazabekin elkartzea erabaki du.
Inma Legardak ondo gogoratzen du bere aitak esanda, orain 82 bat urte zabaldu zuela honek oihal denda, hain justu Errepublikaren urteurren batean. Hasieran Plazakoetxen dagoen farmazian hasi zuen Jose Mari Legardak oihal-salerosketa, baina 40 urte izango dira gaur egun dagoen dendatxora lekualdatu zela. Jose Mari Anzaren denda, Usansolon «Telerue» izenaz ezagutua ordea, beronen aitak zabaldu zuen —hura ere Jose Mari— 1955. urte aldera, Oletxebarri izena duen baserritxoan.
Harrotasunez maitatuak. Oihalen salmentaz gain, bada beste ezeren gainetik bi denda zahar hauetako jabeek partekatzen duten zerbait, herriko eta inguruetako jendeari dioten maitasun eta estimua, hain zuzen. Legardak zein Anzak ezin diote irriari eutsi haien bezeroez hitz egitean. Bezero baino familia direla sentitzen dute, eta eurentzat betegarria dela egiten duten lana, bezeroekin duten tratu hurbila.
Harrotasun osoz diote bi dendariek pozik daudela herrian ezagun izateaz. Pasadizo gisa kontatzen du Inmaren lankide den Maria Jesusek lanean hasi zen lehenengo urtean ez zekiela denda non zegoen, eta kalean aurkitutako lehenengo pertsonari galdetuta, honek arin batean erantzun ziola nora joan behar zuen. Anzak bere aldetik dio, inoiz galdetu diotela ea axola dion usansolotarrek «Telerue» deitzea, eta berak ezetz, aitari ere horrela esaten ziotela eta aitortu beharra daukala harro sentitzen dela horretaz.
Oihal(en) artean. Artista kontsideratu beharko genituzke hainbeste oihal artean galdu gabe murgiltzeko gai direnak. Zein oihal mota dauden jakitea, zertarako balio duen bakoitzak, zein hobesten den egin nahi denaren arabera… oihalen artea. Halere, Anza eta Legardak gaitasun hau odolean eramateak asko errazten die lana, gene kontua izango da!
Gehien saldu izan duten oihala zein den galdetu eta erraz erantzungo dizute. Honetan ere bat datoz galdakoztarra eta usansolotarra, zalantzarik gabe adierazten baitute izarak egiteko ehuna izaten omen zela garai batean erosleek gehien eskatzen zuten oihal mota, eta «Teleruek» kaikuak egiteko telak ere arrakasta handia izaten zuela gaineratzen du. Gaur egun ordea, ez da ia holakorik saltzen, eta Legardak ehun baten edo bestearen salmenta urtaroaren araberako kontua dela dio; uda hurbiltzen doanean esaterako, furgonetetako gortinak egiteko erabiltzen den fuscurit oihalaren salmenta asko hazten omen da.
Den dena ezta ere! Artea edo ez, zalantzarik ez da oihal dendariei denetarik eskatu izan dietela lanean daramatzaten urte guzti hauetan. Inmak oraindik oroitzen ditu umorez inoiz bezeroek bota dizkiotenak, «ba al daukazu arrainentzako oihalik?» ez zion galdetu ba batek behin! Asturias aldean amuzkiak egiteko saltzen omen den ehuna da, baina nola jakin inoiz holakorik entzun ez baduzu!
Oihalez gain beste hainbat produktu eskaintzen dituzten dendak dira Jose Maritarrenak, oihaletatik hasita galtzerdi pare edota kamiseta termikoetaraino. Eskaintza zabala izan arren, ezinezkoa da, logikoki, eskatutako dena eskuragarri izatea, eta edozer duelakoan, joan zaizkio inoiz «Teleruari» zapata eske ere!
Zaharrak berri. Zerbait falta ez bazaie Anza eta Legardari euren lanbideagatik sentitzen duten pasioa da. Jendea ezagutzea, ahal den guztian laguntzea, eurek sentitzen diren bezain maitatu sentiaraztea bezeroa. Lana pasio bihurtzen denean gertatzen diren bakantasunak.
Familiaren oinordetzak urte luzez mantendu ditu mostradorean beste aldean, saltoki handi eta berriekin lehian. Baina badira oraindik diruaren gainetik bizirauten duten baloreak; hurbiltasuna, konfiantza, ohitura, txikitasuna. Ez da gezurra ez, gauza zaharrek beren xarma dutela.