
DESKARGATU | Eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu du Usansolok
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Usansoloko Udala
Usansoloko Udalak eta talde feministak eraso matxisten aurkako protokoloa eratu dute, eta eguenean aurkeztu zuten jendaurrean. «Indarkeria matxistari erantzun kolektibo hobeago bat ematea da» protokoloaren helburu nagusia, baina bestelako helburu eta zehaztapenak ere batu ditu. Ondoko albistean jasoko duzu protokoloaren laburpena eta txostena bera deskargatzeko aukera.
Indarkeria matxistaren prebentzioa eta sentsibilizazioa eta biktimen arretaren koordinazioa «usansolotarrontzat lehentasunezko gaia» dela azpimarratuta, eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu dute eguen honetan, maiatzak 8, Usansoloko Udalak eta udalerriko talde feministak elkarlanean.
«Jai espazioak indarkeria matxista pairatzen duten eta horri aurre egiten dioten pertsonentzat ere seguruak ez direla jakinda, jai espazioetako eraso matxisten aurrean jarduteko protokolo bat egiteko beharra» sortu dela iragarri dute protokoloaren aurkezpenean. Aurrerantzean beraz, tokiko beste eragile batzuekin, mugimendu feministarekin eta Usansolon jaiak antolatzeko ardura duten pertsonekin koordinatuta ekin dio Usansolok eraso matxisten aurkako protokoloa indarrean izateari.
Protokoloaren helburua, izenak berak argi badio ere, «indarkeria matxistari erantzun kolektibo hobeago bat ematea da», eta hiru puntu nagusi batu ditu dokumentu batean aurkeztu duten txostenak:
- Indarkeria matxistari erantzun integrala ematea, herritarrak eta gizarte eragileak lotuz
- Jarduteko jarraibide komun batzuk izatea, erantzun egokia emanez, biktimen berbiktimizazioa saihesteko
- Indarkeria matxista jasaten duten pertsonen askatasunekiko errespetuan oinarritutako jaiak eraikitzen laguntzea
Era berean, biktimak hartzen dituzten langileek biktimei aholkularitza emango dietela bermatuko du protokolo honek: «Lehen harrera horretan, biktimak erabilgarri zaion informazio guztia jasoko duela bermatuko da, bere erabakia uneoro errespetatuz eta abian jar daitezkeen prozesu judizialetan zentratu gabe. Izan ere, lehentasuna biktimei arreta ematea izan behar da beti, haien babesa eta haien erabakiekiko errespetua bermatuz. Sexu erasoen kasuan, bermatu beharko da biktima ez dela inola ere bakarrik geratuko, hark eskatzen ez badu».
Protokolo hau «Usansoloko jaietan eta jaietatik kanpo gertatzen diren egunetan aplikatuko da, eraso matxista bat gertatzen denean», esan dute aurkezpenean. Bi kasuetan, «protokoloa aktibatzea ezinbestekoa izango da baina ez dute prozedura bera izango; halere, erantzun publikoa betiere bermatu beharko da».
Protokoloa indarrean jartzeko batzorde misto bat osatu da, erantzun publikoa emateko erabakiak hartzeko. Batzorde misto horretan daude UJABA, Lamintxu Gazte Asanblada, Mirari Emakume Taldea, Usansoko Talde Feminista, Udaleko Berdintasun saila, alkatetza eta Jaien saila, eta herritar libre bezala aurkeztu diren boluntarioak.
Hurrengo egoera hauetan aktibatuko da:
- Gertakariak udalerrian gertatu direnean
- Gertakariak udalerritik kanpo gertatu badira baina biktima Usansolokoa bada edo bizi bada
- Usansoloko hirugarren pertsona bati eraso egin badiote biktima beste udalerri batean defendatzeagatik edo laguntzeagatik edo, Usansolokoa ez izan arren, udalerrian gertatu bada
- Eraso baten berri izatean, biktima ezagutzen ez bada ere
Usansoloko jaien bezperan egin dute aurkezpena Udalak eta talde feministak, eta ondoko kartelak jarri dituzte, modu laburrean herritarengana iristeko asmoz. Kartelaren azpian, aldiz, protokoloa bera PDF formatuan deskargatzeko aukera izango duzu.

