DESKARGATU | Ibilaldia 2025eko logoa eta leloa aurkeztu ditu Eguzkibegi Ikastolak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak antolatuko du 2025eko Ibilaldia eta gaur eguerdian egin dute ekimenaren aurkezpena, ikastolaren jaiaren baitan. Horrelakoak izango dira Ibilaldia 2025eko logoa eta leloa, ikusi nahi?
Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolaren jaia ospatzen ari dira gaur, ekainak 15, hainbat ekintzekin. Ospakizunaren baitan, gainera, Eguzkibegik antolatuko duen Ibilaldia 2025 aurkeztu dute eguerdian logo eta leloa ere lehenegoz jendaurrean erakutsiz.
Joana Lasherasek eta Jon Gomez Garaik zuzendutako ekitaldia musikarekin zabaldu da eta ondoren Oihane Arana Eguzkibegi Ikastolako lehendakariak hartu du hitza, Galdakaoko Udalari eta Ikastolen Elkarteari eskerrak emateko, besteak beste. Antolakuntzatik nabarmendu dutenez, «Ibilaldia ez da egun bakarreko jaialadia soilik, urte osoan garatuz doan proiektua baizik».
Hurrengo urteko maiatzaren 25ean, domekaz, antolatuko du Ibilaldia Eguzkibegi Ikastolak eta egun horretan eta aurretik erabiliko diren leloa eta logoa aurkeztu dituzte gaurko ekitaldian. Horretarako, ikastolako dozena erdi ikaslek logoa bera zuzenean margotu dute, eta ekitaldiaren hasieratik estalita egon den leloa erakutsi dute jendaurrean.
«Magaletik herrire, euskera erdire» izango da Ibilaldia 2025eko leloa eta hauek izan dira leloa sortzeko kontuan izandako kontzeptuak: magala, herria, euskara erdigunera ardatz, loturak eta eguzki izpiak.
«Ikastolak eskaintzen duen familia giroa islatzen du magalak, eta era berean ikastola kokatuta dagoen mendi magalari ere egiten dio errreferentzia. Herrira horrekin ikastolak herriarekin duen lotura islatzen du, ikastola herrira doala, ikastola herria dela», azaldu dute ikastolatik.
Logoa aldiz honako hau da, eta besteak beste, Galdakaoko mendiak, eguzki izpiak eta magalaren forma izan dira oinarri diseinua sortzeko. Beherago deskargatu daiteke logoaren eta leloaren diseinuaren xehetasun guztiak batzen dituen estilo liburua.