Diego Dominguez, Usansoloko Dendari Sareko presidentea
BINKE / 2026ko martxoa
«Herriko 42 komertzio atxikitu dira dagoeneko Usansoloko Dendari Sarera»
· Diego Dominguez Luque
1962, Galdakao
Galdakaon egin zituen oinarrizko ikasketak eta 15 urterekin hasi zen lanean, inprenta batean. Bitartean, dekorazioarekin lotutako ikasketak egin zituen eta alor horretan lan egin du ordutik, hainbat enpresatan. 2009an Kiram enpresa ireki zuen Usansolon, eraberritze eta dekorazio sektorean kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Ofizialki herri denetik, pauso berriak ematen ari da Usansolo pixkanaka-pixkana. Urte amaieran esaterako, Usansoloko Dendari Sarea jaio zen. Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioaren laguntzarekin jarri zen martxan elkartea. Helburua «hurbileko merkataritza-eredu iraunkorra eta etorkizunekoa eraikitzeko indarrak batzea da». Diego Dominguez elkarteko presidentearekin hitz egin dugu elkatearen erronka nagusiez eta Usansoloko merkataritzaren egoeraz.
Zein helbururekin sortu zen Usansoloko Dendari Sarea? Usansoloko Dendari Sarea herritik eta herriarentzat sortutako elkartea da. Helburu nagusia hurbileko merkataritza-eredu iraunkorra eta etorkizunekoa eraikitzeko indarrak batzea da, eta horretarako ezinbestekoa da azken ideia hori, batuta egotea. Usansolo herri txikia da, eta pixkanaka-pixkanaka aurrerapausoak ematen ari dena Galdakaotik segregatu ostean. Bide horretan sortu da elkartea, Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioaren laguntzarekin.
Zenbat komertzio atxikitu dira orain arte elkartera? Usansoloko 42 komertzio atxikitu dira orain arte elkartera, herriko komertzioaren %60 baino gehiago. Oso datu ona da alboko herrietako merkataritza elkarteek dituzten kopuruekin konparatuz, eta horrek esan nahi duena hauxe da: Usansoloko merkatariok prest eta gogotsu gaude sare indartsu bat sortzeko.
Sare indartsu hori lortzeko, garrantzitsua da merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak eskutik joatea? Noski, nire ustez ezinbestekoa da. Elkartearen helburu nagusia sare indartsu bat lortzea da, eta horretarako eskutik joan behar gara guztiok. Nik adibidez Kiram diseinu eta dekorazio negozioa dut Usansolon, eta hasiera batean taberna batekin zerikusirik ez duen arren, elkar lagundu ahal diogula uste dut. Ospitaleari esker milaka bezero potentzial ditu Usansolok, eta han aparkatzeko leku nahikorik ez dagoenez, askotan herriko erdigunera etortzen da jendea. Imajinatu taberna batera sartzen direla kafe bat eskatzera eta bidean nire negozioa ikusten dutela. Edo alderantziz, nire negoziora datozela eta ostean pintxo bat jan nahi dutela. Ba taberna baten bat gomendatuko nieke. Elkarri laguntzea eta babestea oso garrantzitsua da herri moduan aurrera joateko.

Zeintzuk izan dira elkartearen lehenengo ekintzak? Ba elkartea bera ofizialki sortzea izan da orain arte egin dugun ekintza nagusia. Sei pertsona batu ginen hasieran eta elkartea sortzeko idea eta lehen pausoak, burokrazia batez ere, eman genituen Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioaren laguntzarekin. Ostean, izenaren eta logoaren aukeraketa egiteko prozesua martxan jarri dugu.
Nola aukeratu dituzue izena eta logoa? Usansoloko gazteei zuzendutako lehiaketa baten bitartez aukeratu ditugu izena eta logoa. Gazteek herrian erostera bultzatzea da elkartearen erronka nagusietako bat, eta horregatik haiei eskaini diegu aukera gure izena eta logoa sortzeko. Oihane Paradak irabazi du lehiaketa eta Usansoloko Dendari Sarea izan da proposatu duen izena. Logoari dagokionez, irudi freskoa eta xumea proposatu du Paradak. Irabazleaz gain, aipatzekoa da ere hamar urteko gaztetxo bat aurkeztu dela lehiaketara eta bigarren postua lortu duela, hain gaztea izanda. Sari-banaketako ekitaldian esan nuen bezala, lehiaketa ez du pertsona batek bakarrik irabazi, denok irabazi dugu komunitatea eginez, eta berriz ere islatuz Usansoloko merkataritza existitzen dela eta gazteak belaunaldi aldaketa direla.
Zein izan da jendearen erantzuna Usansoloko Dendari Sarea sortu dela ezagutzean? Oso positiboa, tokiko merkataritza indartzeko beharra dagoela ikusten dutelako. Sari banaketan adibidez galdera bat egin nuen parte-hartzaileen artean: zein gabezia ikusten dituzue Usansoloko gure merkataritza-ehunean? Herritarrek emandako erantzunen artean hiru nabarmentzen dira. Etxeko txikienek jostailu-denda bat eskatu ziguten, beste parte-hartzaile batek paper-denda bat aipatu zuen, eta beste batek esan zuen arropa-denda bat falta dela, kirol-arropan espezializatua Galdera soil hau merkatu-azterketa bihurtu zen, izan ere, ez dugu beti merkataritza ireki behar gustoko produktuekin. Askotan merkatu-azterketa egin behar dugu, ekitaldian egindako galderarekin adibidez.
Gazteen inplikazioa aipatu duzu erronka nagusien artean. Zer egin daiteke gazteak Usansolon erostera bultzatzeko? Kontsumo ohiturak aldatu dira, eta berrietara egokitzeko beharra dago. Gazteak ez daude ohituta herrian erostera, eta merkataritza gune handietara doaz gehienetan, han denetarik dutelako. Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea herrian dugun eskaintza oso zabala dela, eta hemen ere aurkitu daitekeela denetarik. Bestalde, Internetek eskaintzen dituen aukera amaigabeei aurre behar diegu, eta horretarako beharrezkoa da bakoitzak duen produktua ondo aurkeztea eta berezi egiten duena azpimarratzea. Hori da gakoa nire ustez, marka handietatik ezberdintzea eta noski, herritik eta herriarentzako merkataritza egitea, zerbitzu eta tratu ezinhobea eskainiz.

Gazteetaz harago, nola ikusten duzu Usansoloko merkataritzaren egoera? Ba ez dut uste egoera larria denik, Usansoloko jende askok herrian kontsumitzen duelako, eta alboetako herrietatik etortzen direlako ere. Hobeto egon ahalko litzatekeeela? Noski, horretarako sortu da ere elkartea, baina egoera hobetzeko ezinbestekoa da aparkalekuen arazoa konpontzea. Udalarekin bilerak izan ditugu eta horietan azpimarratu dugu oso zaila dela herrian erosketak egitea aparkalekurik ez badago. Usansolok gaur egun duen arazo nagusietako bat da aparkaleku falta eta Udalak gaur egun beste hainbat egiteko dituela ulertzen dugun arren, arazo horri konponbidea eman behar zaiola azpimarratzen jarraituko dugu merkatariok.
Harreman ona duzue Usansoloko Udalarekin? Bai, oso ona. Hasieratik egon dira laguntzeko prest eta pixkanaka-pixkanaka herria hobetzeko ahalegina egiten ari direla ikusten dugu. Eskertzekoa da Udalak gurekin izan duen jarrera. Elkartea aurrera eramateko dirulaguntza eskainiko digutela baieztatu digute dagoeneko.
Herritarrentzako ekintzaren bat martxan jartzea aurreikusi duzue dagoeneko? Ba bidean gaude, baina oraindik ez dugu ondo pentsatu behar dugu zelan egin. Nire esperientzia kontuan izanda— hamar urte eman nituen Galdakaoko Gu Dendariko zuzendaritza batzordean— uste dut tokiko dendetan erostera animatzeko eraginkorrena herritarrei laguntza zuzenak ematea da, hau da, deskontuak egitea. Baina esandakoa, oraindik ez dugu ekintza zehatzik pentsatu ildo horretan.
Pertsonalki, zelan sentitzen zara Usansoloko Merkataritza Elkarteko lehenengo presidente izanda? Ba oso eroso nago karguan. Aurretik Galdakaoko Gu Dendari elkartean egon naiz eta hortik esperientzia handia hartu dut. Usansolon aplikatu daitezkeen gauza asko ikasi nituen, eta baita eraginkorrak ez direnak antzeman ere. Nire helburua eta zuzendaritza batzorde osoarena —lau gara— elkartea martxan jarri eta lehen pausoak ematea da. Gure zikloa amaitzean, zuzendaritza batzordea beste batzuek osatzea da onena, horrela ideia berriak suertatu daitezke.
Egoitza du elkarteak dagoeneko? Ez, baina etorkizunean guretzako lokalen bat lortzea da helburua. Momentuz, Txapelena baserrian batzen gara batzuetan, Udalak lagatzen duen gelaren batean, eta askotan oso beteta daudenez, Kiramen ere egin ditugu bilerak. Helburua eroso egoteko eta ideiak partekatzeko espazioa izatea da. •





