EAJk hamar zuzenketa aurkeztu dizkie 2023ko aurrekontuei
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EAJ Galdakao
Alderdi jeltzaleak 720.000 eurotik gorako emendakinak proposatu dizkie Udal Gobernuaren hurrengo urteko aurrekontuei, «gazteentzako erakargarria, irisgarria eta auzo guztientzat berdintasunezkoa den Galdakao sustatzeko».
EAJk hamar zuzenketa aurkeztu dizkie udal gobernuaren 2023ko aurrekontuei. Alderdi jeltzalearen hitzetan, proposamen hauen bitartez «gazteentzako erakargarria, irisgarria eta auzo guztientzat berdintasunezkoa den Galdakao sustatzen da». «Premia handieneko eremuetan benetako hobekuntzak proposatzen ditugu», adierazi du Ainhoa Agirregoikoa EAJko bozeramaileak. «Ez dugu ulertzen gizarte-laguntzak eta enplegu-planak nabarmen murriztea», salatu dute.
Alderdiak proposatutako neurrien artean txakurrentzako aisialdi-eremuak hobetzea jasotzen da, bertan egokitzapenak eta hobekuntzak egiteko laguntzak eskainiz. Udal-hilerrian gune bat sortzea eskatzen dute ere, errausketa-prozesuaren ondoren errautsak sakabanatzeko.
Bestalde, aire zabaleko kirol-eskaintza handitzea proposatuz, Usansolon eta Aperribain futbol eta saskibaloian aritzeko bi kantxa berri egitea eskatzen du EAJk. Halaber, «beharrezkotzat» jotzen du seme-alabak eskola-adinean dituzten eta udalerrian erroldatuta dauden familientzako dirulaguntza sortzea materiala erosteko, betiere artikuluak Galdakaoko saltokietan erosten badira.
Lau hauek izan dira udal gobernuak onartutako proposamenak baina beste hainbat egin ditu EAJk, besteak beste, Urretako haur-parkea estaltzeko eta iturria jartzeko eskatu du, «dagoen eskaerari eta eguraldi txarraren aurrean babesteko beharrari erantzuteko».
Gazteentzako laguntza psikologikoko zerbitzua martxan jartzea ere proposatu du, izan ere, «gazteen zailtasun emozionalak areagotu dira azken urteotan». Bestetik, Usansoloko ludotekarako diru partida handitzea eskatzen dute, zerbitzua hobetzeko eta jarduera-programa handitzeko asmoz.
Proposatutako zerbitzuei dagokienez, Galdakaoko EAJk 190.000 euro eskatu ditu hezkidetza-programara bideratzeko, oinarrizko hezkuntzan modu integralean lan egiteko. Gainera, Aperribain Esan bulegoa sortzea proposatu dute, arreta emateko sarea handitzeko.