EGITARAUA | Galdakaoko Elkarlaguntza Astea antolatuko dute ekainaren 21etik 24ra
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea
«Erresistentziaz elkarlaguntza loratu» lelopean, Galdakaoko Elkarlaguntza Astea antolatuko dute ekainaren 21etik 24ra. Lau egunetan zehar hainbat ekintza eskainiko dituzte «ikasteko, aldarrikatzeko, elkar ezagutzeko eta gozatzeko» helburuekin. Hemen batu dugu egitarau osoa.
Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak Elkarlaguntza Aste antolatuko du aurten laugarrenez. Ekainaren 21tik 24ra izango da eta «erresistentziaz elkarlaguntza loratu» leloa izango du, «munduaren injustiziak ikustarazi eta haiekin amaitzeko beharra baitago».
«Gure txikian ezin diogu kapitalismoak, patriarkatuak eta kolonialismoak osatzen duen anabasa horri guztiari aurre egin, baina uste dugu gurea bezalako sareak herri guztietan errotuz eta saretuz, gai izango garela sufrimenduaren iturriak identifikatu eta eraisteko», adierazi dute taldetik.
Horregatik saiatzen dira «logika horietatik ateratzen: bizitzeko beharrezkoak direnak euren artean kolektiboki ekoitziz, harreman orekatu eta osasuntsuak eraikitzeko lan eginez, norbanakoen arazoei taldean aurre eginez, kideen kontrako zapalkuntzei erantzun bat emanez».
Hain zuzen, lan guzti hau ezagutzera emateko asmoz antolatuko dute Elkarlaguntza Astea, hainbat ekintzekin. Hemen batu dugu egitarau osoa:
Ekainak 21, eguaztena
Plaza Gorrian
16:30-20:30 Emakume artisauen azoka
17:00-19:00 Txikientzako tailerrak
Ekainak 22, eguena
Santi Brouad enparantzan
19:00 Masterchef pintxo txapelketa
Ekainak 23, barikua
Herriko Bentan
20:00 Pole dance erakustaldia
20:30 Impro show
Ekainak 24, zapatua
Urrena baserrian
10:00 Auzolana
15:00 Bazkari komunala
20:00 Udako solstizio sua
Bestalde, egunero 14:00etan bazkariak antolatuko dira Agirre Lehendakariaren plazan, bakoitzak ekarritakoarekin.