«Ekinokzioaz»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2022ko martxoa
Euskal lexikoaren arabera, badirudi euskal urte zaharrak, urtaro bi bakarrik eukazala: uda eta negu. Baina Kristo aurreko 46ko kalendario Julianoak lau urtaro: solstizio bi, ekinokzio bi eta hamabi hilabetetan banatu ebanez urtea, euskaldunok, uda, hirukoiztu egin genduan: udabarri, uda eta udagoien edo udazken jarriaz eta hilabeteak geurera egokituz. Solstizioak, bagil eta abenduaren 21ean dira, eta ekinokzioak, marti eta iralaren 21ean ordu batzuk arean gora behera. Ekinokziotariko bat marti edo martxokoa da. Nondik datorren eta zer esan gura dauan ekinokzio berbeak? Ba, aiko. Ekinokzio, berba konposatua da eta latinetik hartu dogu. Latinean: aequus = bardin, eta nox-noctis = gaua, eta berba biak lotzetik: aequinoctium = equinoccio, gazteleraz eta ekinokzio, euskeraz, hau da, hamabina ordu egunak eta gauak. Erroma zaharrean, martian hasten zan urtea —Martius, Aprilis, Maius, Junius, Quinctilis, Sextilis, September, October, November, December—. Azkenengo hau, etimologiaz, decem = hamar + imber = euria, hau da hamargarren hilabetea, gaurko egutegian, hamabigarrena, euskeraz, abendua, kristau aroko «adventus» berbatik hartua. Martiko ekinokzioak udabarria dakarsku.