ELAk «positiboki» baloratu du Galdakaoko Udalak Etxez Etxeko Laguntza bere gain hartzea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA sindikatua
Galdakaoko Udalak bere gain hartuko du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua 2025ean. ELA sindikatuak «positiboki» baloratu du erabakia baina «hartzeko modua» deitoratu du.
Ekainaren 27an osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta hainbat erabaki hartu ziren honetan. Besteak beste, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua luzatzea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak. Kontratuaren luzapena bi urtekoa izan ordez urte bakarrekoa izango da, kudeaketa zuzenerako aukera aztertzen ari delako Udala.
«Zaintzarako zerbitzu hori enpresa pribatu baten esku utzi ordez Udalak beregain hartu eta zuzenean kudeatzeko bidean pauso bat da», azaldu zuten Udaletik. Helburua beraz, Galdakaoko Udalak 2025ean zerbitzua bere gain hartzea da. Kontratua 1.692.000 eurokoa da, adineko pertsonei eta menpekotasuna dutenei arreta etxean ematen diena.
ELA sindikatuak Galdakaoko Udaleko alderdi politiko guztiei eskatu zien abiatu dezatela Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publikoa bihurtzeko prozesua. Eskaera ekainak 25ean erregistratu zuten udaletxean eta honetan adierazi zutenez, gaur egun Udalak 48 langile azpikontratatuta ditu, denak emakumeak eta horietatik 11 behin-behinekoak.
Udalak zerbitzua bere gain hartuko duela iragarri ostean, erabakia «positiboki» baloratu du sindikatuak baina deitoratu du iragarpena «ustekabean» egin izana: «Uztailaren 5ean, Galdakaoko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek prentsaren bidez jakin zuten EH Bilduk, Auzoak eta Usansolo Herria auzo-plataformek erabaki dutela etxeko arreta-zerbitzuak beren gain hartzeko aukera ikertzeko prozesua abiaraztea».
Horregatik, eta ekainaren 25ean egin zuen bezala, sindikatuak beste bilera bat eskatu dio Galdakaoko Udalari, «gure aldarrikapenei erantzun diezaien (enplegua, subrogazioa, zerbitzuen intentsitatea…), eta bermunizio-prozesua lanpostuak bermatuz egingo dela berma dadin».
«ELAk eredu aldaketa bat lortzeko lanean jarraituko du, sektoreko langileek behar dituzten lan- eta gizarte-hobekuntzak eta esku hartzen duten pertsonen beharrak bermatzeko, arreta, laguntza eta zaintza onena eskainiz», adierazi dute sindikatutik.