Elisdan Serrano: «Argi daukat bertako jendeak asko lagundu izan nauela»
Elisdan Serrano «Machin», Kubatik etorria
BINKE / 2020ko uztaila
«Argi daukat bertako jendeak asko lagundu izan nauela»
Elisdan Serrano «Machin» 1988ko otsailaren 15ean jaio zen Santiago de Kuban. Gazteagoa zenean Kubako unibertsitateko boleibol jokalaria zen. Duela bi urte Galdakaora etortzea erabaki zuen, eta geroztik, bi ekiporen entrenatzaile da.
Orain dela zenbat etorri zinen Galdakaora? Galdakaora orain dela bi urte etorri nintzen, baina herrira bizitzera etorri baino arinago Espainian zehar ibili nintzen. Niri kirola betidanik gustatu izan zait, eta bertara etortzeko arrazoi bat boleibola izan zen. Espainian hainbat txapelketa jolasten egon nintzen, eta Donostian jolasten nengoelarik, nire lagun batek Galdakaoko herriaren inguruan hitz egin zidan. Bertara gerturatzea erabaki nuen, eta heldu nintzen lehenengo momentutik txundituta geratu nintzen.
Familiarekin edo bakarrik etorri zinen? Nire ama Eibarren bizi da, eta etorri nintzenean berarekin egon nintzen, baina nire emaztea, semeak eta familiako beste kide guztiak Kuban daude gaur egun. Haiekin telefonoz egunero hitz egiten dut, baina, hala ere, faltan botatzen ditut. Bestalde, argi daukat egunen batean nire familia Galdakaora ekarriko dudala, etorkizunean nire familiarekin batera gure herrian bizi nahiko nukeelako. Kuban daukaten bizitza nahiko gogorra da, eta horregatik, gurera ekartzea gustatuko litzaidake. Nabarmendu nahiko nuke Galdakaon familiarik izan ez arren, nire lagunek eta entrenatzen ditudan boleiboleko taldeko ikasle eta gurasoek oso gustura sentiarazten nautela, eta eskaintzen didaten laguntasun guztia bihotz-bihotzez eskertu nahiko nieke.
Zer da Galdakaon gehien gustatzen zaizuna? Jendea. Argi daukat bertako jendeak asko lagundu izan nauela. Etorri nintzen lehen momentutik oso modu eskuzabal batean hartu ninduten, eta geroztik, egunero eskertzen dut haien eskuzabaltasuna. Herrian boleiboleko bi talde entrenatzen ditut, eta horrek asko motibatzen nau. Nire ametsik gogokoena Galdakao Boleibol Taldea maila altu batean jolasten ikustea da, eta asko borrokatuko dut amets hori egia bihurtzeko.
Euskararekin eta euskal kulturarekin harreman ona daukazu? Asko gustatzen zait euskara, eta asko gustatuko litzaidake ikastea. Duela pare bat urte andre batek hiztegi bat eman zidan, eta aukera paregabea ikusi nuen hizkuntzan gutxinaka barneratzen hasteko. Gaur egun hiztegian bertan begiratutako pare bat hitz dakizkit: neska, korrika, pilota, sarea… horiek guztiak entrenatzen ditudan gazteekin erabiltzen ditut, eta hitz horien bitartez hurbiltasuna lortu izan dut. Kulturari dagokionez, asko gustatzen zaizkit bertako ohiturak eta aztertu izan dudanez, Galdakaoko biztanleei Kubakoei baino gehiago gustatzen zaie parranda.