Elorritxuetako adingabeen zentroko langileek greba mugagabea egingo dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Emankor Sarea
Foru Aldundiak Elorritxuetako adingabeen zentroa itxi eta hamasei langile kaleratzea erabaki duela salatu dute langileek. Egoera honen aurrean eta «langile zein egoiliarren lan eta bizitza duinen aldeko borrokan», langileek greba mugagabea egingo dute irailaren 12tik aurrera.
Elorritxuetako adingabeen zentroko erabiltzaile zein langileen egoera «kaskarra» dela salatu eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eskatu zuen LABek uztailean. Binkek jaso zuen moduan, sindikatuaren esanetan Bizkaiko Foru Aldundia eta Landalan enpresa kudeatzailea dira honen erantzuleak.
Egoera «zaila» zela aurreikusita, ekainean, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako burua den Amaia Antxustegi Ziardari eskatu zioten bilera, baina ez dute erantzunik jaso. Eta orain «Foru Aldundiak zentroa itxi eta hamasei langile kaleratzea erabaki duela» salatu dute ELA eta LAB sindikatuek.
«Beste behin ere, argi geratu da publikoak izan beharko liratekeen eta Aldundiaren menpe dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, langile zein egoiliarren lan eta bizitza duinen aldeko borrokan, lanpostuen defentsan eta kaleratzeen aurka, mobilizazio zikloa hasiko dute langileek», adierazi dute sindikatuek.
Lehen mobilizazioa greba mugagabea izango da eta irailaren 12an hasiko dute. Egun horretan bertan Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan batuko dira, egoera salatzeko.