Enrike Solinis: «Gure ingurua ulertzeko hurbildu nintzen euskarara»
Enrike Solinis, musikaria
BINKE / 2017ko apirila
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Iñaki Andres
Xumetasuna ez ohi da artista handiekin lotzen; ez bazara behintzat mundu mailan aritzen den eta musika barrokoan erreferentea den artista baten inguruan ari. Orduan Enrike Solinisekin egingo duzulako topo, bere palmareseko hiru lorpen azpimarratzeko eskatu, eta karakterizatzen duen apaltasunetik aipatuko dizkizulako hirurak: Fermintxo, Ibon eta Kattalin. Seme-alabak.
Orain Euskal Herritik harrapatu zaitugu, baina zure lantokiak nazioarteko antzokiak dira, ezta? Bai, horrela da, Euskal Barrokensemble-k Euskal Herritik kanpo dauka bere lantokia gehienetan. Gure lana Euskal Herrian aurkezten saiatzen gara. Areago, gero eta gehiago saiatuko gara bertara etortzen. Euskal Herritik kanpo ibili eta gero, «euskalbertaratzea» gurako genuke berriz… (irribarretsu)
Zelan azaldu irakurleari zer egiten duen galdakoztar batek antzinako musika egiten? «Antzinako musika» esatea nahiko nahasia da. Guk XVII. mendeko musika esparruan zegoen filosofia gurea egin nahi dugu, ez bakarrik testuari dagokionez, orduko testuinguruari ere erreparatu gura diogulako.
Ez dakit askorik argitu garen azalpen horrekin… Gure lana zertan datzan hobeto azaltzeko gure musika entzutea besterik ez da behar. Oso modu naturalean, beste mende batzuetako musika jotzen dugu. Jatorri bilbotarra duen galdakoztar batek zein Urepel edo Sanghaiko beste musikari batek egin dezake gure musika!
Askok ez du sinistuko ordea, mundu mailan erreferente bat zarena zure estilo musikalean… Neurri txiki batean esan daiteke Euskal Barrokensemble proiektua erreferente bat dela, batez ere gure azken bi lanak munduko zigilu garrantzitsuenetan argitaratu ditugulako. Horrek, noski, presentzia handia eman digu mundu zabalean.
Zure neurriko musikari bat, pop edo rock estiloan, askoz ezagunagoa izango litzateke publiko orokorrarentzat! Noski, baina ezaguna izateak niri ez dit ezer ematen, zure lana plazaratu behar duzu, neurri baten barruan.
Zer esan gura duzu horrekin? Oreka bilatu behar duzula zure lanarekin eta publikoarekin. Zure lehentasunak lehenengo planoan jarri, zure ideiei eutsi eta zintzotasunaz jokatuz, ezaguna izatera begiratzen hainbeste ibili baino.
«Zure ideiei eutsi eta zintzotasunez jokatu» diozu… Konpetentzia handia al dago egiten duzun horretan? Duda barik. Lehen hainbat agente edo bitartekarik egiten zituzten lanak garatu behar dituzulako zuk zeuk. Autogestiorako bidea hartu behar duzu.
Arraioa! Zure mailako musikagintzan ere horrela ibili behar duzue? Zure nortasuna mantendu nahi baduzu behintzat, bai. Zure kontu aritu behar duzu eta noski, hori ez da lan erreza… Kontu pila daude egiteko afera horretan eta nahiko gogorra da leku txiki bat egitea mundu mailako merkatuan, hainbeste ukondoren artean gainera…
Utz dezagun oraingoz nazioartea. Orain dela gutxi Galdakaon eta Bilbon izan zara Euskal Barrokensemble-rekin. Zelan sentitu zara etxean? Primeran, Euskal Herria gure etxea da eta gero eta jende gehiago ari da gure kontzertuetara hurbiltzen. Ederra da bertakoek ere gure lana baloratzea. Gainera oso harreman polita dugu hemengo jendearekin. Ezin kexatu!
Etxeaz ari garela, etxekoren bat baduzu bidailagun abentura honetan… Euskal Barrokensemble-k bi pertsona lanaldi osoz ditu: Miren Zeberio —emaztea eta bibolin jotzailea taldean— eta biok. Galdakoztarra naizenez ni azaltzen naiz hemen, baina lan guztia bion arten egiten dugu. Mirentxuk nik baino lan handiagoa egiten du, egia esan! Lan honetan bakarrik egongo banintz, ez dut uste taldean egiten ari garena egitera iritsiko nintzenik.
Eta etxea bera, Galdakao, faltan somatzen duzu? Nik Galdakaon familia eta lagunak ditut, eta saiatzen naiz ahalik eta maiztasun handienarekin bisitatzen. Batez ere familia, lagunekin zoritxarrez ez dudalako hainbeste denbora egoteko paradarik izaten.
Sarriago etortzea gurako zenukeela nabari zaizu, Enrike… Bai horixe! Familia eta lagunak bisitatzen inongo zalantza gabe. Baina baita jotzera ere. Bi aldiz bakarrik jo izan dut nire bizitzan Galdakaon bertan, orain dela 20 urte lehenengoz eta iaz Euskal Barrokensemble-rekin musika astearen baitan.
Sarean kuxkuxean, hainbatek dio Euskal Barrokensemble proiektua euskal musika tradizionala berreskuratzeko bidean «inflexio puntu bat» izan dela… Zergatik? Ez dut uste hainbesterako izango denik. Segur aski gaur egun, euskal kulturari hain garrantzia gutxi ematen zaion garaian, gutxi eginda ere asko egin dugula ematen duela…
Zuek gutxi egin?! Bai zera! Proiektu interesgarri asko egin dira euskal musikaren munduan. Guk gure gogo eta asmo guztia jartzen dugu egiten dugun honetan. Gure ikuspuntutik eta gure estiloan egiten dugu musika eta badirudi jendeak gustuko duela. Hori, noski, poztekoa da. Baina guk gure musikarekin egiten duguna munduko beste leku askotan urteak daramatzate egiten. Bakarrik espero dut gure kultura jorratzea gero eta praktika zabalagoa bilakatzea Euskal Herrian.
Inflexio puntu bat ez dakigu, baina artista pila baten bilgune behintzat bada zuen taldea. Artista asko eta onak bildu zaizkigu! Nik asko maite ditut denak, besteak beste, eskatutakoa baino askoz gehiago eman dutelako hasiera-hasieratik. Taldearen arrakasta haiei zor zaie. Bakoitzak bere karrera artistikoa du, baina euren ibilbidea une batez alde batera utzi eta Euskal Barrokensemble proiektura laguntzera etorri dira. Azken finean, denon artean taldea euskal kulturaren topagune bat bihurtu dugulako eta gure ondareaz gozatu nahi dugulako!
Zer eskaini gura izan diozu jendarteari proiektu honekin? Hein batean, hain ezezaguna dugun ondareaz gozatzeko aukera eskaintzea.
Eskaintzeaz ari garela… Proiektu honek agian ez, baina Tolosan bizitzera joateak behintzat eman dizu ba euskara jario bikaina! Bai, eta asko nire inguruko euskaldunen konplizitateari esker izan da. Oso estimatua nago.
Galdakaon ez zenuen hainbesteko harremanik euskararekin? Bada… ez. Denok izan beharko genuke eguneroko esparru guztietan euskaraz bizitzeko aukera, baina hori zaila izan da nire gaztaroan. Txikitatik inguratzen zaituen gauza guztiak ezagutu eta ulertzeko euskarak ematen dizun aukera zoragarria da.
Horrek erakarri zintuen euskarara? Hori izan zen arrazoi nagusietako bat, bai. Eta are gehiago, hori izan beharko lukete herritar guztiek euskalduntzeko arrazoi nagusiena, nire ustez. Euskara gabe asko galtzen duzu.
«Zure mundua» ere hobeto ulertzen da euskaratik eta euskaraz? Aipatu dudan moduan, aberastasun handia da euskarak eskaintzen dizuna, beste edozein hizkuntzak bezainbeste. Baina hau gurea da, hemengoa den aberastasuna; mundua, musika eta bizitza ulertzeko modu berezi bat eskaintzen dizuna.
Zure herrikide askok irakurriko dute elkarrizketa hau. Eurentzako primiziarik emateko moduan zaude? Hainbat proiektu ditugu orain eskuartean. Bat azpimarratzekotan, datorren urtean Donostiako Kursaal Antzokian «Henri Roy de Navarre»-ren inguruko programa izango da. Euskel Antiqva-ren filosofiarekin jarraituko du —Euskal Barrokensemble proiektuko bigarren diskoa— eta bertan Euskal Herriko hainbat musika ezohiko bezain polit aurkeztuko ditugu.
Zein izango da obra horien plater nagusi? Gutaz eta gure historiaz herri bezala mintzo diren kantu, testu eta dantza asko aurkeztuko ditugu hurrengo proiektuan.