Enrike Solinis musikari galdakoztarrak Musika Bulegoa Saria jaso zuen atzo
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Olga Ruiz
Euskal Herriko musikagintzaren sektorea batzen duen Musika Bulegoak bere urteroko sariak banatu zituen atzo, martitzena, Errenteriako Lekuona aretoan. Hamar saridunen artean, bat galdakoztarra izan zen: Enrike Solinis barrokoan ezagun eta eredu den musikaria.
Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak —musikaren sektoreko eragileen topagunea eta lankidetza-eremu irekiak— musikaren sektorea eta honen parte diren eragileen lana babestu, sustatu eta zabaltzeko beharrari erantzunez sortu zituen Musika Bulegoa Sariak. Zazpigarren edizioa antolatu zuten atzo, maiatzak 16, Errenteriako Lekuona Fabrikan, eta saridunetako bat Enrike Solinis barrokoan eredu den musika galdakoztarra izan zen.
Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiekturik esanguratsuenak saritu ditu beste urte batez, eta atzokoarekin zazpi edizio joan ziren honezkero. Orotara 10 sari banatu ziren, inolako mailaketarik gabe: epaimahaiak esleitutako zortzi, Etxepare Institutuak emandako bat eta EHMBEko zuzendaritza batzordeak eman ohi duen ohorezko saria. Azken hau Kepa Junkerak jaso zuen, eta Etxepare Saria Oreka TX taldeak.
Epaimahaiak saritutako zortzi talde edo artistak hauek izan ziren: Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Elena Setién eta Enrike Solinis. Azken hau galdakoztarra eta 2017ko apirilean Binkeren azal eta elkarrizketa nagusi izan zena.
Solinis bere azken lanagatik saritu zuten, ‘Ars Lachrimae’ diskoagatik. Epaimahaikideek, bera saritzeko arrazoien artean ondokoa aipatu zuten, besteak beste: «Grabazio bikaina du lan honek, bai sonoritate zein teknika aldetik ere, eta igartzen da Azkarateko elizan grabatuta dagoela diska». Horregatik Musika Bulegoak 2023ko saria eman gura izan zion, bere azken lanari, ikerlari bezala egiten duen lanari eta nazioarteko ibilbide osoari aintzatespena egiteko asmoz.