Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon eta elkarretaratzea deitu dute zapaturako
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon eta hau gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute zapaturako mugimendu feministako taldeek. Deialdiarekin bat egin du Galdakaoko Udalak eta adierazpen instituzionala argitaratu du erasoa «irmoki arbuiatzeko». Hemen batu dugu Udalaren adierazpen instituzionala hitzez hitz.
Udalak Galdakaon eraso matxista bat izan dela jakinarazi du eta hau gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute zapaturako talde feministek. Mobilizazioa Santi Brouard enparantzan izango da 12:30ean eta Udalak bat egingo du hitzorduarekin.
Erasoa noiz gertatu den zehaztu ez duen arren, «irmoki» arbuiatzen duela adierazi du Galdakaoko Udalak, bertako talde politiko guztien adostasunarekin. Horretarako, adierazpen instituzionala argiratu du eta hemen batu dugu hitzez hitz:
Azken eraso matxista gaitzesteko adierazpen instituzionala
«Galdakaoko Udalak, bertako talde politiko guztien adostasunarekin, adierazi nahi du irmoki arbuiatzen duela udalerrian gertatu den eraso matxista. Aldi berean, Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei.
Udalak gertaeraren berri izan duen momentutik bertatik eta informazioaren nondik norakoak baieztatu ostean, gaiaren gaineko ikuspegi zehatza eta osoa izate aldera, Protokoloa aktibatu eta premiazko batzarra deitu du informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko.
Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun-harremanetan sakon errotuta dagoela eta Giza Eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala dela eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten dela.
Hala, bada, Udalak, Giza Eskubideak benetan baliatzen direla bermatzearen ardura daukan erakunde publikoa izaki, behar diren neurriak sustatuko ditu edozelako eraso matxistaren aurrean udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berehalakoa eman dadin, lehenbailehen erasotua artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin.
Udalak berba ematen du, bere eskumenen esparruan, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askea bermatzeko lanean jarraituko duela.
Horregatik guztiagatik, Udalak babestu egiten ditu mugimendu feministako taldeek egingo dituzten gaitzespen ekintzak, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera.
Galdakaoko mugimendu feministak eta emakume taldeek elkarretaratzea antolatu dute zapaturako, 12:30ean, Santi Brouard plazan».