«Erlatibizatzen ikasi dugu», Gaizka Uriarte
Gaizka Uriarte Zearra
BINKE / 2020ko apirila
Erlatibizatzen ikasi dugu
Einsteinek erlatibitatearen teoria publikatu zuenean bazekien COVID-19ak arrazoi emango ziola. Erlatibizatzen ikasi dugu San Ferminei konpetentzia egin dien entzierro honetan. 1979ko uztakoa izanik iaz hasi nuen kuarentenaren trauma, baina orain bizitzen gabiltzanarekin, txistea iruditzen zait adinaren krisi hura.
Dudan Mickey Mousen pixama erlatiboki ñoñoa bihurtu da orain, egunero zortziretan balkoitik ikusten dudanarekin glamurosoa sentitzen naiz gaur.
Asteburu euritsu bat umeekin etxean zoramen erlatiboa izango da aurrerantzean, alarma egoerak irudimena Doraemonen patrika bezain aberatsa dela demostratu baitigu; bertatik eskulanak, errezetak, pazientzia… denetarik atera daiteke, tira, denetarik ez, hain preziatuak diren komuneko papera eta ilerako tintea irudimenetik atera daitezkeela esatea, erlatiboa da ere.
Txakurra gizakiaren lagunik hoberena baino, koarentenan paseorako aitzakiarik hoberena bihurtu da, kategoria aldaketa erlatiboa izan du.
Nagusiok gure jarrerarekin eredu erlatiboa izan gara, tranpatan ibili delako bat baino gehiago egunotan.
Horregatik, txikienek erakutsi digute arauak nola onartu, protestarik gabe eta pozik.
Hori ez da kasualitatea izan, kausalitatea baizik.