«Erlojupekoa» pelikula filmatuko da Galdakaon, eta gidoia herritarrekin osatu gura dute
Udalbiltzaren egitasmoa
BINKE / 2021eko ekaina
«Erlojupekoa» pelikula filmatuko da Galdakaon, eta gidoia herritarrekin osatu gura dute
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Pelikula labur bat filmatuko da Galdakaon, Udalbiltzak sortzaile euskaldunentzako abian jarritako «Geuretik sortuak» proiektuari esker, eta gidoia herritarrekin elkarlanean egiteko boluntarioak behar dituzte bariku honetatik aurrera. Irailean aldiz, aktoreentzako casting-ak egingo dituzte.
«Euskal arteak lengoaia asko izan ditzake, baina hizkuntza bakarra du, geurea: euskara. Eta azken urteotan, globalizarioarengatik eta espainiar eta frantziar estatuen ahalbide ugariengatik, atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da gizartean, gure hizkuntzan egindako artearen kalterako» esan du gaur Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak Galdakaon Edurne Espilla Euskara zinegotziarekin egin duen aurkezpenean.
Aurkezpen hori «Geuretik sortuak» proiektua aurkezteko izan da, eta hasierako berbetan aipatutako «egoera horri erantzuteko asmoz sortu da». Udalbiltzak, Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakunde publiko nazionalak, beka deialdi bat egin zuen «euskarazko kultur sortzaileei bultzada emateko asmoz».
Deialdi hori literaturgintzarako, antzerkigintzarako eta zinemagintzarako laguntzak bideratzeko egin zen eta «harrera zoragarria izan zuen, guztira 76 sortzaileren proposamenak jaso genituelako», adierazi du pozik Asurmendik. Horietatik 26 lan aukeratu zituzten, parte hartuko duten udalerrietan bana egiteko. Proposamen horien artean 16 eleberri labur egingo dira —gero liburu bakarrean batuko direnak—, bost antzezlan eta bost film labur —gero film luze bakarrean elkartuko direnak—.
Udalerri parte-hartzaileetariko bat Galdakao izango da, eta «herri honek duen handitasun eta inguru urbanoagatik bertan pelikula bat filmatzea erabaki genuen», adierazi du Udalbiltzako ordezkariak. Ez omen da edozelango pelikula izango, Espilla zinegotziak kontatu duenagatik: «Etxez etxeko janaria bizikletan banatzen dauan rider bat izango da protagonista, kritika sozialetik eta umoretik hartuko dana, eta Erlojupekoa izango du izena».
Bira ekoizpen etxeak izango du Erlojupekoa filma gauzatzeko ardura eta gidoia «Galdakaoren izaerara eta aniztasunera ahalik eta hoberen egokitu daiten, ekoizleek hiru aste emongo dabez gure artean bizitzen», azpimarratu du Udalaren ordezkariak. Horretarako, gidoi horren lanketan ikasteko eta ekarpenak egiteko herritar bolondres bila dabiltza «gidoia herritarrekin elkarlanean osatzeko».
Aurkezpena bariku arratsaldean egingo da Torrezabal Kultur Etxean —horixe izango baita «sormenaren laborategi», aurkezpenean Asurmendik eta Espillak esan dutenez— eta ondoko lau arratsaldeetan egingo dira gidoia lantzeko tailerrak, «erabat praktiko eta umoretsuak izango direnak», zinegotziaren esanetan.
Erlojupekoa filmaren gidoi laborategia
Ekainak 25, barikua
18:00-19:00 Proiektuaren aurkezpena, eta ondoren pote bat.
Artistak eta parte-hartzaileak elkar ezagutzeko eta materiala banatzeko.
Ekainak 28, astelehena
17:00-20:00 Pertsonaiak zineman: nola irudikatu laburmetraiaren pertsonaia nagusiak, protagonista eta antagonista…
Ekainak 29, martitzena
17:00-20:00 Trama zineman: nondik nora doa gure heroia, zein da bere helburua, zeintzuk bere oztopoak, nola erlazionatuko da gure protagonista herriarekin.
Ekainak 30, eguaztena
17:00-20:00 Gag-ak zineman: nola atera etekin maximoa komediari eta errealitatea barregarri bihurtu absurdoaren bitartez.
Uztailak 1, eguena
17:00-20:00 Eszena finalaren garrantzia eta dialogoa.
Parte hartzeko, idatzi: erlojupekoa@gmail.com
Behin gidoiari itxura emanda, iraila eta urria bitartean aktoreak aukeratzeko casting-ak ere egingo dituzte, filmeko protagonistak bertakoak izatea gura dutelako proiektuaren sustatzaileek.
Lana 2022an egingo da publiko eta «egitasmo honek, kultur sortzaile euskaldunei babesa emoteaz gain, Galdakao Euskal Herriko planoan» jarriko duela esan du Edurne Espillak. Proiektu honekin, lehenengo aldia dute Galdakaoko Udalak eta Udabiltzak elkarlanean.