«Errotak»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2019ko uztaila
Gure herrietan, garia, zemendian erein eta uztailean gariak jo ondoren anegaka gordetan zan zorroetan, behar izan ahala, errotara eroan, eho eta ogiak egiteko. Errota eta haize-errota ugari egoan gure herrietan, batzuk barriak baina beste asko olak aprobetxatuz egokituak euren ubide, antepara eta guzti. Errota berba, latineko «rota(m)»-etik dator, euskerak zuzenean hartu dau «e»- protetikoagaz. Hortik errota. Gazteleraz «rota(m)> roda> rueda» bilakatu da. Eraikuntza honek badauka beste latinetikako berba bat: bolu. Hau latineko «molinu(m)»-etik dator, —«molinu(m)> moliu>boliu>bolu»; aikor: Bolueta, Bolinaga, etab.—. Euskal Herriko beste lurralde batzuetan, eihera izena erabiltzen da. Errotetan galgarauak eta artagarauak ehoten ziran. Gaur egun artagarauak bakarrik, garirik ez dogulako ereiten. Errotariak berbabide izaten ziran sarritan, ehotze lana ez zalako diruz ordaintzen, espeziean baino. Eta, jakina, sarritan pisu kontuagaitik-edo, haserreak sortzen ziran eta errotaz aldatu. «Errotaz aldatu bai baina haragoan be, errotaria beti errotari». Gaur errotak museo etnografiko bihurtu dira.